Omenaldi bateratua izango da igandean Artxandako 'La Huella' monumentuaren ondoan

uriola.eus 2016ko eka. 17a, 12:00

1937ko ekainaren 19an sartu ziren Bilbon tropa frankistak. Urtero, egun horretan, hainbat ekitaldi egin ohi dira bakearen eta demokraziaren alde borrokatu ziren pertsonak omentzeko. Aurtengoan, deialdi bakarra egin dute Artxandan La Huella monumentuaren ondoan elkartzeko. 

Iazko ekainaren 19an bi deialdik bat egin zuten Artxandan Francoren tropen aurka borrokatu ziren herritarrak gogoratzeko. Bilboko Udalak antolatutako ekitaldian EAJ eta PSE-EEko kideek parte hartu zuten, batetik. Bestetik, PCEko kideek egun eta leku bera hautatu zuten euren omenaldia egiteko. Egoera "mugara" iritsi dela jabetuta, aurtengoan deialdi bakarra izango da Artxandan.

Igandean, 13:00etan, erakunde historikoen fundazioek bat egin dute deialdia egiteko. Hauteskude kanpainan egonik, eta hautes-batzordearekin arazorik ez izateko, fundazioen izenean egin da deia. Hain zuzen ere, Sabino Arana Fundazioa, Ramón Rubial Fundazioa, Eusko Lurra Fundazioa, Manu Robles Arangiz Fundazioa eta CNTren izenean. Memoriaren berreskurapenean lan egiten duten elkarteek atxikimendua adierazi diote igandeko ekimenari.

Hitzordua La Huella monumentuaren ondoan izango da, "36ko gerran eta ondoko diktadura frankistan, legezko agintariak eta euskal herritarren askatasuna eta eskubideak defendatu, faxismoaren aurka aritu eta herri baten zein askatasunean bizi nahi duen gizateriaren ametsen alde euren burua arriskuan jarri zuten pertsona guztien oroitzapena" berreskuratzeko.

 

Aterpe elkartearen urteurrena

La Huella monumentua -Juanjo Novella eskulturgilearen lana- duela 10 urte paratu zuen Aterpe 1936 elkarteak Artxandako begiralekuan. Hain zuzen ere, 1936ko guda zibilean hil ziren herritarren oroitzapena luzaroan gordeko zuen monumentua leku esanguratsu batean paratzea izan zen Aterpe 1936 elkartearen xedea. Helburua lortuta, 2006ko ekainean bertan desagertu zen hainbat erakundek osatu zuten elkartea. 

 

Ekitaldi berezia

Aurtengoa ekitaldi berezia izango da hainbat arrazoigatik. Izan ere, 2016an bat egingo dute Aterpe elkartearen 10. urteurrenak, Bilboren erorketaren 79. urteurrenak eta Francoren altxamentu militarraren 80. urteurrenak -uztailak 18-. Elkarte memoriazaleek adierazi dutenez, Artxandako omenaldiarekin emango zaie hasiera 80. urteurreneko ekimenei". Asko izango dira, "indar gehiagorekin", batean eta bestean antolatuko diren jarduerak. 

Ekainaren 19an, 13:00etan, txalaparta doinuak, testuaren irakurketa, musika eta lore-eskaintza izango dira, besteak beste, Artxandako ekitaldian. Hamar bat gudari eta milizianoren parte-hartzea espero da. "Ez askoz gehiagorena", antolakuntzaren arabera. "Bi eskutako atzamarrekin konta daitezke bizirik dirautenak".

 

[2016-06-17] Duela 10 urte eraiki zen 'Aterpe 1936' monumentuari omenaldia egingo diote