Bilboko Udalak adierazpena egin du Errefuxiatuen Nazioarteko Egunean

uriola.eus 2016ko eka. 20a, 09:10

Gaur, ekainaren 20an, Nazio Batuen Erakundeak izendatutako 'Munduko Errefuxiatuen Egunean', Bilboko Udalak adierazpena egin du haren elkartasuna adierazteko asmoz. Bertan, gerraren izugarrikerietatik bizitza salbatzeko ihes egiten ari diren milaka pertsonen egoerarekin "solidario" eta "horien arduradun" sentitzen dela adierazi du besteak beste. 

Udalak egindako adierazpen instituzionala zazpi puntuz osatu dute. Lehenik eta behin, milaka errefuxiatuk bizi duten egoera salatu dute, Europar Batasuna osatzen duten herrialde guztiei "giza eskubideei buruzko nazioarteko hitzarmenak errespetatzen ez dituen edozein akordio edota hitzarmen kentzea" eskatuz. 

Bestalde, horrekin batera salatu nahi izan dute Europar Batasuneko herrialdeen jarrera "pasiboa" eta Europako kostaldera iristeko ahaleginean hil diren pertsonei eta haien familiei elkartasuna adierazi diete. Hirugarren puntuan, Udalak etorkin eta errefuxiatuek Europara sartzeko "erraztasunak eskaintzea" eskatu dute. Era berean, Espainiako gobernuari exijitu diote "ahalik eta arinen" betetzea 15000 pertsona hartzeko konpromisoa.

Azkenik iragarri du Bilbok errefuxiatuak hartzeko prozesu bat "hasi eta garatu" duela errefuxiatuekin etengabe gertatzen diren bidegabekeriak salatzeko ikusi duen beharrizanak direla eta. Honekin, Bilbok "aurrera egingo duela" jakinarazi du bere harrerako eskaintzarekin, gaurko egunean Bilboko hiria "solidario" aldarrikatuz.