Bilboko Kalealdiaren hamazazpigarren edizioa astelehenean hasi eta uztailaren 2ra bitartean iraungo du, guztira 57 ikuskizunetatik asko aire zabaleko agertoki den Kasilda parkean eskainiz. Euskal Herritik zazpi izango dira aurtengo edizioan parte hartuko duten konpainiak, gainerako 21ak Frantzia, Belgika, Suitza eta espainiar estatutik datozen bitartean.
Ikuskizunak Areatzako, Plaza Berriko eta Arriaga Plazako agertokietan aurkeztuko dituzte Kasildako parkeaz aparte. Karpa barruan egingo diren obra guztiek hiru euroko prezioa izango dute eta 330 pertsonara mugatuta egongo da leku kopurua; aire libreko saioak aldiz, doakoak izango dira.
Gaur, hilak 29, 10:30etatik aurrera umeentzako zirku tailerrak egongo dira. Arratsaldez, hiru ikuskizun ezberdin eskainiko dira Kasilda parkean. Alde batetik, 'Le théatre de la toupine' frantziar agentziak L’ Órgarêve et sex Joveux Nuages obra eskainiko du; bestetik, 'Mystérieuses coiffures' konpainiak Con ternura… una historia de flores; eta azkenik, 'Fanfare gipsy pigs'ek Sans groin ni trompette.
Horien ostean, 18:00etan 'Le siffleur' frantziar konpainiak La sieste sifflée obra eskainiko die gerturatzen direnei, Casilda parkean. Ordubete beranduago, Euskal Herriko 'Markeliñe' konpainiak Crusoe obra antzeztuko du.
20:00etan Suitzatik datozen 'Nicole&Martin' artistek Los músicos de Bremen errepresentatuko dute, oraingo honetan karpa nagusian izango da, Casilda parkean. Beraz, gerturatzen direnek 3 euroko sarrera ordaindu beharko dute. Ordu erdi beranduago 'Fanfare gipsy pigs' frantziar konpainiak goizean egindako obra errepikatuko du Kasilda parkeko 2. gunean.
Egunarekin bukatzeko, Balear Uharteetako 'Circ Bover' konpainiak Vincles obra eskainiko dute Arriaga plazan, 22:30ean hasiko da saioa.
Estreinaldiak
Programazioaren barruan, Euskal Herrian lehen aldiz egingo diren bi obra eskainiko ditu jaialdiak, Estatu mailan estreinatuko diren beste bederatzi ikuskizunez gain. Alde Zaharreko inguruetan, uztailaren 1 eta 2an Areatzako kaian L´effet escargot lana aurkeztuko du Kadabresky frantziar konpainiak, olerkiz betetako ikusizuna izango da, malabar, akrobazia, oreka eta aireko akrobaziez aparte.
Antolatzaileek adierazi bezala, obrarik intesgarriena Bilboko Kalealdia itxiko duena izango da, uztailaren 2an, 00:30etatik aurrera Arriaga Plazan. Izan ere, Cirque Rouagese frantziar konpainiak Sodade ikuskizuna aurkeztuko du lehenengo aldiz Euskal Herrian. Hamar artistek osatutako obrak zirkua, mugimendua eta musika uztartzen ditu. Ikuskizunean, akrobatak, funanbulistak eta trapezistak bi gurpilek eta soka batek osatutako egitura batetik ibiliko dira.
Bestalde, uztailaren 2an ere Marco Vargas eta Chloé Brulé andaluziarren Me va gustando ikuskizuna ikusteko aukera izango dute gerturatzen direnek. Sari asko irabazi dituen dantza saioa izango da, hitza, musika eta dantza flamenkoaren bidez saio bakar batean elkartuz.
Euskal konpainiak
Bilboko Kalealdiaren XVII. edizio honetan Kukai Dantza&Tanttaka Teatroa, Malas Compañias, Marie De Jongh, Pez Limbo, Markeliñe, Garazi Pascual eta Ivan Gonzalez euskal konpainiek hartuko dute parte.
Gaueko saioz gain, aurten ere goizez zenbait ikuskizun eskainiko dira Areatzan. Uztailaren 1ean eta 2an adibidez, 12:00etan, Malas Compañias eta Las Artes Teatro euskal taldeek zirkua, antzerkia, clowna eta musika bateratuko dituzte familia osoarentzako den ikuskizunean.