'Harrotasunak ez du mugarik' aldarrikatu du Bizkaiko Ekainaren 28ko koordinakundeak

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2016ko eka. 28a, 09:12

Europara datozenak gogoratuko dituzte aurten. Haiek abegi onez hartzen ez diren heinean mundu berririk ez dela izango adierazi du koordinakundeak.

Hala dio Bizkaiko Ekainaren 28ko koordinakundeak prestatu duen idatziak: “Europako hiritarrok azken boladan ez dugu harro egoteko moduko arrazoi askorik”. Gerrak, ihesaldiak eta errefuxiatu guneak bizi behar izan dituzte eta dituzte Europara datozenek, eta horietako batzuek gainera, disidentzia sexualaren estigma jasan behar dutela salatu du koordinakundeak. Aurten beraz, Europara etorri diren gay, lesbiana, trans eta gainerako guztiak ikusarazi nahi dituzte.

Europar Batasunak desberdinenganako beldurra eta erasoaren diskurtsoa eraiki izana salatu dute, eta azpimarratu dute gizabanakoaren askatasunari eta giza aniztasunari zor zaion errespetuaren kontrako giroa sortzen ari dela. Eta hala dio idatziak: “Denok argi eduki behar dugu gaur hemen aldarrikatzen ditugun askatasun sexualak, Bilbon azken 39 urteotan egin dugun bezalaxe, gainerako herritarren askatasunekin batera baino ezin direla benetan garatu”.

Gehituk lehen aldiz festa herrikoia antolatu du ekainaren 25eko arratsaldean

Urtero bezala, ekainaren 25ean harrotasun festa antolatu du Gehituk. 00:00etatik aurrera elkartuko dira Egiako kultur etxean. Urterokoa da harrotasun festa, aldiz, aurten festa osoagoa prestatu dute.

Arratsaldean haurrak izango dira protagonista. 17:00etatik aurrera Gros auzoan marrazkiak, aurpegi margoketa, ipuinak eta musika izango dira, eta LGTB erreferenteak eredutzat eskainiko dituzte.

19:00etan bideoklip musikalak proiektatuko dituzte. Ondoren, Ekainaren 28ko harrotasun eguneko manifestua irakurriko dute eta Orlandoko atentatuan hildakoei omenaldia egingo diete. Musikak eta mokaduek giroa alaituko dute arratsean. Arratsalde osoan Gehitu, AMPGYL eta Amnisty Internationalek informazio mahaia jarrita izango dute.