Iralan esku hartzeko premian dauden 57 eraikin birgaitzea bultzatuko du Surbisak

uriola.eus 2016ko eka. 27a, 08:30

Surbisa udal sozietateak Iralari buruzko azterlan sakona egin du, egoera txarrean egoteagatik udalaren esku-hartzearen premian dauden eraikinak eta hiri-espazioak zeintzuk diren jakiteko. Birgaitzeko premian beste 57 eraikin identifikatu dira auzoan, hain zuzen ere, 1955ean Etxebizitzaren Institutu Nazionalaren “Bizkairako Etxebizitza Plana”ren barruan eraikitakoak; “etxe merkeak” legez jendeak ezagutzen dituenak.

Azterlanean analisi ekonomiko eta tekniko zehatza egin da, eta eraikinen egoera eta birgaitzeko zer-nolako premia duten ere aztertu da. Amaitzeko, etxebizitza horietan bizi diren familien egoera sozio-ekonomikoa aztertu dute.

Surbisak 2015ean egindako lanaren ondorioa da eremu berri hau Birgaitze Babestuko eremutzat izendatzeko Eusko Jaurlaritzak jarri dituen 4 baldintzak betetzen dituela etxebizitza-multzoak eta, hortaz, bihar Surbisak egingo duen batzarrean Administrazio Kontseiluari jakinarazi ondoren, Udalak izendapen hori egiteko eskatuko du.
Birgaitze Babestuko eremutzat jotzeko, baldintza hauek bete behar dira:

a) Errenta maila Bizkaiko batezbestekoaren %80tik beherakoa izan beharko da,

b) Langabezia tasa Autonomi Erkidegoaren batezbestekoaren goitik egon behar da,

c) Berriro urbanizatzeko lanen zenbatekoak urbanizazioaren balioaren %40a gainditu behar du,

d) Beharrezkoak diren zaharberritze lanen zenbatekoak eraikuntzaren balioaren %25a gainditu behar du, lurraren balioa kenduta.

Izendapen horrekin, etxebizitza horietako bizilagunek euren etxeetako birgaitze-lanak egiteko diru-laguntza publiko garrantzitsuak jasotzeko aukera izango dute eta, aldi berean, Surbisaren laguntza izango dute; hain zuzen ere, leihatila bakarraren bidez, eraikinen, etxebizitzen eta lokalen birgaitzea sustatzeko zerbitzu profesional publikoa eta doakoa eskainiko die auzoko bizilagunei.

Horrela, Iralako eraikinak birgaitzen jarraitzeko udalbatzaren agindua beteko du Surbisak. Surbisa 2015ean hasi zen lanean Iralan, 1998an auzoan jarduten hasi zen arkitektoaren lekukoa hartuta; harrezkero, zenbait esku-hartze egin dira eremu historiko horretan.

Gainera, Birgaitze Babestuaren eremuan sartu nahi den alderako badago irisgarritasuna hobetzeko proiektua -inguruetako espazio urbanoetarako-, Auzokideren barruan.

Surbisaren lana Iralan

Udala 1998an hasi zen esku hartzen Irala auzoan, termitek hango eraikin historikoetan eragindako arazoak zirela-eta. Bilboko Udalak, arazoari aurre egiteko, parte-hartze aktiboa izan zuen, eta termiten aurkako tratamendua eta kaltetutako egitura-elementuak eta fatxadak konpontzeko lanak egin ziren eraikin guztietan; Eusko Jaurlaritzak eta Udalak berak diru-laguntzak eman zituzten horretarako.

2014an Udalak arazoa konpondutzat eman zuenean, udalbatzak erabaki zuen Iralako birgaitze integratuko eremuko eraikinak hobetzeko gestioarekin jarraitzea eta gestio hori beste eraikin batzuetara zabaltzea. Helburua betetzeko Udalbatzak zenbait lan egiteko enkargua eman zion Surbisari. Hona hemen egin beharrekoak:

- Birgaitzeko eremuaren barruan sartzeko baldintzak betetzen dituzten Iralako eraikinak bilatzea eta aztertzea.

- Iralako alde historikoko 79 eraikinetako zaharberritzearen gestioarekin jarraitzea, betiere jasangarritasunaren eta irisgarritasunaren irizpideak kontuan hartuta.

Surbisa eraikin horiek zaharberritzeko leihatila bakar bihurtu da, eta horretarako, eraikin guztietara bisita egin eta kontaktua egin du, eraikinaren egoeraren diagnostiko eguneratua izate aldera.
Eraikinon artatze-lanak zaintzearen eta obretarako lizentziak izapidetzearen eskumena bere egin du.
Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak gestionatu eta bereak ere ematen ditu, eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeko.

Eraikin horietako Eraikinen Ikuskaritza Teknikorako (ITE) izapideak egiten ditu, nahiko kopuru onean orain arte.

Eraikinon arazo nagusiak, batetik beharrezkoa dela termiten prebentziorako sistema bat izatea eta bestetik, instalazio partekatuetako arazoak konpontzea. Surbisak lortu du kalteak dituzten etxadietako bizilagunak ados jartzea tratamendu hori izateko.

Zer da Surbisa?

Surbisa Bilboko Udalak udalerriko eraikinen, etxebizitzen eta lokalen eraberritzea sustatzeko eratutako udal sozietatea da. Bere jarduera-eremua auzo hauek dira: Zazpi Kaleak, Bilbo Zaharra, Otxarkoaga, Irala, Olabeaga, Zorrotzaurre eta Zazpilanda. Surbisak helburu bi ditu: batetik, eraikitako ondasuna segurua, irisgarria eta eraginkorra izatea eta kalitatezko etxebizitzak eskaintzea, eta bere eragin-eremuetan bizikidetza sustatzea. Bestetik, Surbisak bizimoduaren kalitatearen alde egiten du eta aberastasun ekonomikoa eta jarduerak sortzeko ahalegina egiten du, horiek hirian geratuko dira-eta.