Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaiko plataformak jaialdia antolatu du biharko

uriola.eus 2016ko uzt. 1a, 08:45

Bizkaian lanean diharduen plataformak egun osoko egitaraua izango duen jaialdia antolatu du larunbat honetarako Munduko Jendeak elkartearekin batera. Goizean-goizetik zenbait tailer eskainiko dira Areatzako kaian eta musikaren laguntzaz, gauean adin guztietako lagunentzat kontzertuak egongo dira. 

Munduko Jendeak plataformarekin elkarlanean "egun ederra" antolatu dute plataformako kideek biharko, uztailak 2. Besteak beste, 11:00etan etxeko gazteentzako txikigunea egongo da, txalaparta, kalejira eta batukadaz gain. Eguerdi aldera, bazkalaurretik, bertso saioa egongo da Areatzako kaian bertan.

Tailerrak izango dira egun osoko ekintzarik "interesgarrienak" izan ere, EB-Turkiaren arteko akordioaren inguruko informazioa lortu ahal izango dute gerturatzen direnek, baita asilo eskubidearen inguruan ikasi ere besteak beste.

Egunarekin bukatzeko, zenbait kontzertu egongo dira 21:00etatik 00:00ak arte. Horien artean, Amaia Zubiria, Orlis Pineda, La Basu, Zikinak, Dcapricho eta bukatzeko, Doctor Deseo. Plataformak adierazi duenez "sentsibilizazioa" eta "salaketa" da egun honekin bilatzen dituzten helburuak. 

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren txapa eskuratzeko zenbait gune paratuko dituzte egun osoan zehar, antolatzaileek txaparen leloa bistaratzea baitute helburu, egunean zehar pin horiak protagonista izateko asmoz.

 

Mugak zabaltzen karabana 

Euskal Herrian sortu eta Europa zeharkatuko duen 'Mugak zabaltzen' izeneko martxak Euskal Herrian izango du hasiera, uztailaren 15ean irten eta 10 egunez Europako herrialde ezberdinetan geldialdiak egingo ditu kide eta autobus gehiago bilduz. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak antolatutako karabanako partaide guztiak uztailaren 18an helduko dira Greziara. Uztailaren 25ean izango da itzulera eta lau eguneko kongresura heltzea izango du helburu, Grezian dagoen Telasonika herriko unibertsitatera alegia. Bertan, tailerrak eta asanbladak egingo dira Greziara heldu diren kide guztien artean. 

Oraindik ibilbidea finkatzeko badago ere, plataformak aditzera eman ditu lehenengo geldialdiak. Uztailaren 15ean Bilbotik irten eta Bartzelona izango da lehenengo geltokia; Espainiako Estatuko karabanekin elkartuko da bertan. Hurrengo egunean, eguerdian, Marsellara heldu eta arratsaldez Milanera helduko dira autobusak. Hurrengo egunean, Kroaziako hiriburu den Zagrebera helduko dira lagunak azkenik, 18an Telasonikara helduz. Buelta beste hiru egunetan gauzatuko da. 

Informazio gehiago plataformaren web orrialdean.