Hobekuntzak Abusu eta Txurdinagako kiroldegietako instalazioetan

uriola.eus 2016ko eka. 28a, 12:46

Uztailaren 1ean abiatuko dira Abusuko eta Txurdinagako kiroldegietako instalazioak hobetzeko lanak. Proiektu horiekin, Bilbao Kirolak erakundeak erabiltzaileentzako zerbitzuak areagotu eta erosotasun handiagoa eskainiko die.

Hobekuntzak Abusuko kiroldegian

Bi izango dira Abusuko kiroldegian egingo diren obrak. Lehenengoa igerileku estalian eta bigarrena frontoian.

Igerileku estalian sabai aizun berria jarri eta leihoak akaberekin estaliko dira sarbidea errazteko. Frontoian, ostera, ikusleen aldea itxi egingo da osorik eta kantxaren zati bat ere bai, urik eta haizerik sar ez dadin eta, hortaz, inguruan dabiltzanak erosoago senti daitezen.

Hobekuntza-lan hauek egiteko aurrekontua 134.000,00 eurokoa da eta amaitzeko epea bi hilabetekoa. Halandaze, 2016-2017 denboraldia hasten denerako, erabiltzaileek aisialdirako premietara egokitutako kirol instalazioak izango dituzte prest.

Aldaketak Txurdinagako kiroldegian

Txurdinagako kiroldegian, igerileku estaliko metalezko egitura saneatu ez eze, haurrentzako igerilekua ere girotuko da, kristalezko itxitura jarrita eta berotze-sistemak indartuta. Squash pista bietako hormak eta zoruak ere konponduko dira.

Udan egingo dira hiru obra horiek, ahalik eta endredorik gutxien eragiteko eta erabiltzaileen premietara egokitutako instalazioak edukitzeko datorren denboraldirako. Bilboko Udalak, Bilbao Kirolak erakundearen bidez, 221.285,57 euroko aurrekontua erabiliko du.