Erandioko Axpe auzoan kokatuta dagoen Lidl supermerkatuan gertatu zen atzo 36 urteko Bilboko gizon bati heriotza eragin zion lan istripua, 15:25 zirenean. Lakuako Segurtasun Saileko iturriek Efe agentziari adierazi diotenez, plataforma jasogailu batean harrapatuta geratu zen behargina.
Aypro enpresa ari da Lidl supermerkatuan margoketa lanak egiten eta Ayprok azpikontratuta zuen, autonomo gisa, hildako langilea.
Ikerketa sakon eta zehatza
Atzo langilea hil zen Lidl supermerkatuaren aurrean elkarretaratzea deitu du gaur 11:30ean Euskadiko CCOO sindikatuak. Lan istripua salatzeaz gain, Osalani eta Ikuskaritzari "sakon eta zehatzak" izan daitezela exijituko die istripuaren arrazoiak argitzerako orduan.
CCOOren arabera, lan istripuen arrazoietako bat "gehiegizko azpikontratazioa" da. Eredu hori "enpresa jakin batzuk" erabiltzen dutela salatu du sindikatuak, "kostuak eta arriskuak externalizatuz".
LABek adierazi duenez, hildako behargina "autonomo faltsu bezala lan egitera behartua egon da azken garaian". Egoera hori salatzeko uztailaren 1ean, ostirala, kontzentrazioa deitu du 11:15ean Lan Ikuskaritzaren aurrean (Kale Nagusia 85) 'Lan istripu gehiagorik ez. Prekarietatea hiltzaile' lelopean.