Bizkaiko hainbat elkartek Etxebizitza Legeari egindako alegazioak aurkeztu dituzte

uriola.eus 2016ko eka. 29a, 11:27

Argazkia: Ecuador Etxea

Gaur da Etxebizitza Legea garatzen duen dekretuaren zirriborro berriari alegazioak aurkezteko azken eguna. Goizean zirriborroak jasotzen dituen "murrizketei" alegazioak aurkeztu dizkiete Bizkaiko Lanbideren bulegoan Bizkaiko hainbat gizarte eragileetako ordezkarik. 

Kanpin-denda, lo-zaku eta jostailuzko etxebizitzekin bertaratu dira Bizkaiko hainbat gizarte elkarteetako kide gaur goizean Lanbideren bulegora. Horrela irudikatu dute etxebizitza duinaren aldeko eskubidea eta hipoteka eta alokairurako prestazioetan egindako murrizketen salaketa.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Angel Toñarekin eta Etxebizitza sailburuorde Covadonga Solagurenekin ekainaren 8an batzartu ostean erabaki dute alegazioak aurkeztea gaur, azken egunean. 

Elkarteek euren manifestuan salatu bezala, Eusko Jaurlaritza aplikatzen ari den murrizketak prestazio sozialetan "eragin handikoak" dira Bilboko zenbait auzotan, izan ere, "marginazioa" eta "pobrezia" dira murrizketen ondorio nagusiak. Datuen arabera, Euskal Herriko familien "herena baino gehiago" pobrezia larrian aurkitzen da.

Alegazioen helburu nagusia Eusko Jaurlaritzak murrizketa politiken aurrean "zenbait datu eta ekintza ezkutatu" izana salatzea izan da, adibidez: Etxebizitzarako Prestazio Gehigarriak (PCV) deuseztatzea eta Larritasun Sozialerako laguntzen ezabapena. Elkarteen arabera murrizketa horiek 37.000 familiengan izango dute eragina.

Bestetik, oposizioko talde politikoak diren PP, EH Bildu eta UPD alderdiei Etxebizitza Legearen aurrean "zuzenketak" egiteko eskatu diete.