Bisita gidatuen zerbitzua areagotuko du Artxandako Funikularrak

uriola.eus 2016ko eka. 29a, 13:14

Ostiral arratsaldetan bisita gidatuak euskaraz eskaintzen dira eta aldiz, larunbat goizetan gaztelaniaz. Bisita doakoa da eta aldez aurretik eskatu beharra dago.

Urte hasieran erabaki zuen Artxandako Funikularra sozietateak bisita gidatuen zerbitzua martxan jartzea 2015eko urrian, funikularraren mendeurrena zela-eta antolatutako bisiten arrakasta ikusita. Otsaileko larunbat goizetan hasi ziren ordu eta erdiko bisitak, 25 pertsonako taldeetan; harrezkero 500 bisita izan ditu. 

Lortutako arrakastaren aurrean, bisitak ostiral arratsaldetan ere egitea erabaki dute, oraingoan euskaraz. Horrez gain, taldeek aldez aurretik eska ditzakete bisitak, euskaraz zein gaztelaniaz, eguna eta ordua zehaztuta.

Bisiten programa

Ordutegia

• Larunbatetan 11:00etan (gaztelaniaz)

• Ostiraletan 19:00etan (euskaraz)

Zelan heldu: Bilbobus  11, 71 eta 72. zk.

Bisitaren iraupena: ordu eta erdi

Elkartzeko lekua: beheko geltokia (Funikularreko plaza)

Informazioa eta erreserbak

(08:00etatik 20:00etara) Telefonoa: 94 401 00 10 / 010.

Ehun urteko funikularra 

Gaur egun Castaños auzoa eta Artxanda lotzen dituen funikularraren sustatzaileek 1915eko urriaren 3an inauguratu nahi zuten baina azkenean 1915eko urriaren 7an inauguratu zuten, 12:20an, gari hartako kronikek diotenez. Alkatea Ricardo Power Zabala zen (izendatu berria, Benito Marco Gardoquik dimititu ondoren) eta bidaiak 7 minutuko iraupena zuen eta trenbideak metro bateko zabalera.

Funikularra gaur egun: garraio arin eta segurua

Funikularraren ibilbidea 770,34 metrokoa da. Erdian bihurgune bat dago eta horrek bereizten du funikular hau besteetatik. Gainditzen duen desnibela 226,49 metrokoa da eta gehieneko maldak % 44,98koak dira. Abiadura 5 metro segundokoa da (18 km ordukoa). Bidaiak 3 minutu eta 33 segundo irauten du. Bagoietan 70 pertsona sartzen dira.

4 zentimetroko diametroa duen kable bat, altzairuzko hariak dituena, erabiltzen da funtzionamendurako. Trenbidean zehar jarrita dauden gomaz forratutako polea batzuen bidez kablearen marruskadura ekidin egiten da eta horrela gutxiago higatzen da kablea. Bagoi biak kableari lotuta daude eta elkarren kontrapisu moduan erabiltzen dira. 300 kwko potentzia duen motorra erabiltzen du, minutuko 1.500 bira egiten dituena. Erreduktore batek birak moteltzen ditu eta minutuko 30 birara erreduzitzen ditu. Honek kablea herrestatzen duen 5 metroko diametroa duen polea handi eragile baten gainean egiten du.

Galgak ere badaude: Nagusia eta eragilea, bagoiekin eta funikularraren funtzio guztiak kudeatzen dituen PLC motako automatismo batekin batera, istripu bat izatea ia ezinezko egiten dutenak. Altzairuzko kablea urtero aztertzen du kanpoko pertsonal espezializatuak egoera kontrolatzeko eta beharrezkoa izanez gero aldatua izatea aholkatzeko. Orain dela 5 urte aldatu zen azken aldiz eta normalean 15 eta 25 urte bitarteko iraupena izaten du. Egunero egiten da proba-bidaia bat, bidaiaririk gabe, funikularra jendearentzat ireki baino lehen. 

Ordutegiak

Lanegun guztietan 07:15etik 22:00etara bitartean funtzionatzen du. Jaiegunetan 8:15etik 22:00etara bitartean. Udan (ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean) 23:00ak arte. 

Maiztasuna 15 minutukoa da, bidaiari asko pilatuta egon ezik. Horrelakoetan maizago ibiltzen da geltokietan bidaiarien pilaketak kendu arte.