Hondakinen gestio integrala izateko bete behar den lehenengo baldintza da prebentzioa, produktuak berriro erabiltzea sustatuz eta horietako askoren erabilgarritasuna luzatuz. Horiek horrela, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak etxeko hondakin txikiak batzeko sistema jarri dute abian. Bizkaiko Hiri Hondakinen Gestiorako II. Plan Integralaren (2005-2016) barruan dago erabaki hau, hain zuzen ere, hondakin gutxiago sortzeko edo ez sortzeko lehenengo estrategiatzat daukana produktuen erabilgarritasuna luzatzea.
Orain arte herritarrek edukiontzi espezifikoetan utzi izan dituzten material berrerabilgarri txikiak batu eta gestionatuko ditu zerbitzuak, hauek: arropa, oinetakoak, osagarriak, liburuak, jostailuak, bazarretako produktuak eta tresna elektriko eta elektroniko txikiak. Ez dira bilduko etxetresna elektriko handiak, medikuntzako gailuak eta makina automatikoak. Hondakin horiek, euren ezaugarriengatik, egokiak dira berriro erabiltzeko edo, osterantzean, birziklatzeko.
Edukiontziak jartzea eta bilketa-zerbitzuaren maiztasuna
Era honetako hondakinak jasotzeko 73 edukiontzi jarriko dira Bilbon, guztira. Edukiontziak modu mailakatuan jarriko dira:
- Basurtu-Zorrotzan, aste honetan, 7 edukiontzi jarriko dira.
- Basurtu-Zorrotzako barrutian, ekainaren 27ko astean, 7 edukiontzi, guztira.
- Errekalden, 10 edukiontzi jarriko dira, uztailaren 11ko astean.
- Abandon, uztailaren 25eko astean jarriko dira, eta 11 edukiontzi izango dira.
- Ibaiondon, 13 edukiontzi jarriko dira abuztuaren 8ko astean.
- Begoñan, abuztuaren 29ko astean 8 edukiontzi jarriko dira.
- Otxarkoaga-Txurdinagan, irailaren 5eko astean 5 edukiontzi jarriko dira.
- Uribarrn,: 8 edukiontzi izango dira irailaren 19ko astean jarriko direnak.
- Deustun, irailaren 26ko astean, 11 edukiontzi jarriko dira kaleetan.
Guztira, hitzarmen honi esker, Bilbon 73 edukiontzi egongo dira etxeko hondakin txikiak batzeko; astelehenetik zapatura egunero hustuko dituzte edukiontziok; jaiegunetan ez.
Era berean, beste ekintza batzuk ere jaso dira erabakian, hondakin handiak bereizita biltzea sustatzea, esaterako.
Herritarrek aukera izango dute edukiontzi berri hauei buruzko zalantzak argitzeko. Horretarako, herritarrei laguntzeko zerbitzua jarri da abian edukiontzien erabiltzaileentzat: 902 540 154 telefonoa eta ingurumenabizkaia@koopera.org helbidea.