Bilbo, diseinuaren Europako hiriburua

uriola.eus 2016ko eka. 30a, 09:31

cosasvisuales.com

Selected Europe From Bilbao 2016 abian da. Diseinuaren eta sormenaren nazioarteko jaialdi honen V. edizioa Bilbon eskainiko da; diseinuaren zeharkako diziplinetako artistak bilduko dira bertan. Horrenbestez, hiria Europako Diseinuaren Hiriburu bilakatuko da azaroaren 18an eta 19an. 

Jaialdia ospatu aurreko pauso gisa, epaimahaia ostegun honetan bilduko da Bilbon lehiaketaren deialdira aurkeztutako lanik onenak aukeratzeko; lan horiek Bilbon dagoen BEAZ foru erakundeak urrian hartuko duen erakusketa batean jarriko dira ikusgai. Horrez gain, aukeratutako obrak Selected The Book liburuan argitaratuko dira; liburua Selected Europe From Bilbao 2016 jaialdian bertan aurkeztuko da azaroaren 19an.

Nazioarteko deialdi bat egiten da urtero profesionalek eta talentu berriek beren obra bat aurkez dezaten jaialdian. Edizio honetan 700 proiektu baino gehiago jaso dira; kopuru horrek diseinuaren jarduerarekin lotutako pertsonen artean lehiaketak pizten duen interesa jarri du agerian.

Aurkeztutako obretatik, erakundeak 200 hautatu ditu aurretiaz epaimahaiak ebalua ditzan, eta azken horrek 30 eta 40 proiektu artean aukeratuko ditu. Hautatutako proposamenek Selected Europe From Bilbao 2016 erakusketa osatuko dute BEAZ foru erakundeak Bilbon dituen instalazioetan (Sabino Arana kalea, 8), urrian lehenengoz estreinatuko dena; gero, azaroaren 18an eta 19an Azkuna Zentrora mugituko da erakusketa, jaialdiaren egoitzara, alegia. Ondoren, erakusketa Europako hainbat hiritan izango da biran.

Epaimahaia ibilbide luzeko profesionalen talde batek osatzen du, diziplina eta eremu geografiko desberdinetakoak. Epaimahaia osatzen duten pertsonen artean, honako hauek daude: Bilbao Arte Fundazioko zuzendaria, Juan Zapater; Benicio Aguerrea, Angélica Barco, Mónica Serentill eta Amaya Castoldi diseinatzaileak; EHUko Arkitektura eta Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoetako ordezkariak, baita EHUko Arte Ederretako Fakultatekoak eta estatuko diseinu elkarte eta eskola desberdinetakoak ere.

2016ko programa: hitzaldiak, tailerrak, erakusketa eta argitalpenaren aurkezpena

Selected Europe From Bilbaoren bosgarren urtean, nazioartean ezagunak diren eta diseinuaren alderdirik nabarmenenak adierazten dituzten hainbat artistek hartuko dute parte jaialdian.

Ekitaldiaren bi egunetan sektoreko firmek eta artistek hitzaldiak eskainiko dituzte,  besteak beste, Julia Weems, Isidro Ferrer, Julie Katrine, Jürgen Salenbacher, Aquimaña, Muka Design Lab, Stone Design, Moruba, Regular Switch, Letters are my friends, Pep Martinex, Adobe eta Design Bridge. Bertaratutako pertsonek diseinuaren azken joerak ezagutu eta hizlari gisa arituko diren diseinatzaileen sormen-prozesuetan sakondu ahal izango dute.

Garapenaren motorra den sormenaren aldeko apustua

Jardun ekonomikoaren motor gisa diseinuaren, sormenaren eta kulturaren alde Bilbok eta Bizkaiak egindako apustua agerian geratzen da bosgarren urtez jarraian ekimena Bizkaiko hiriburuan ospatzerakoan. Ekitaldiari esker, EAEko diseinu grafikoaren sektorea nazioarteko diseinuaren lehen lerroan jarriko da, eta, horrez gain, tokiko zein Europako diseinatzaile eta enpresen arteko lankidetza-sinergiak sortuko dira. 

Bilboko Udalak nahiz Bizkaiko Foru AldundiakSelected From Bilbao 2016 finantzatuko dute eta elkarlanean arituko dira; halaber, Bilbao Bizkaia Design Council plataformak ekitaldia babestuko du. Gainera, bitarteko bat izan nahi du diseinua herritarrei gerturatzeko eta kalitatezko enplegua eta jardun ekonomikoa sortzen duen sormen-industria den aldetik, diseinu grafikoari dagokion garrantzia hedatzeko.