Merkealdian, kontsumo ohituren kontrola gomendatzen du KIUBek

uriola.eus 2016ko uzt. 1a, 08:00

Udako merkealdiak gaur du lehen eguna eta, hori dela eta, Bilboko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB) aholku batzuk eman dizkie erabiltzaileei, kontsumo arduratsua sustatzeko asmoz.

Yolanda Diez Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak kontsumitzaileei adierazi die "kontsumoko ohiturak kontrolatzeko, beharrizanen jakitun izateko eta arduratsuak izateko merkealdietan. Garrantzitsua da erosketen zehaztasun guztietan jartzea arreta, gero arazoak ekiditeko".

Ildo horretatik, KUIB bulegoak zortzi aholku eman ditu:

1. Erosi aurretik pentsatu ea beharrezkoa den ala ez eta gogoratu aisialdi ez kontsumista ere badagoela.

2. Beherapenean dauden produktuak lehenago salgai zeudenak bakarrik dira, baina orain lehen baino prezio merkeagoan.

3. Merkatutako prezioak modu bitara finkatu daitezke: lehengo prezioa eta beheratutakoa adierazita; edo beherapena portzentajezkoa denean eta produktuen multzo generikoari aplikatzekoa denean nahikoa da aplikatutako portzentajea adieraztea, betiere beheratu gabeko prezioa agertuta.

4. Beherapena produktuen prezioari bakarrik aplikatzen zaie, ez kalitateari edota garantiari.

5. Txartelarekin ordaindu ahal izateko aukera ematen duela adierazteko ikurra badu establezimenduak, merkealdian ere eskaini beharko du aukera hori, bestelakorik adierazita ez badago ondo ikusteko moduan.

6. Saltzaileek ez dute inolako artikulurik itzultzeko obligaziorik, akatsen bat dutenean izan ezik, baina urte osoan itzulketak onartzen dituzten establezimenduek merkealdietan ere onartu beharko dituzte, bestelakorik adierazita ez badute ondo ikusteko moduan. Itzulketak onartuz gero, komeni da galdetzea ea dirurik itzultzen duten, beste produktu batzuekin trukatzen den edo baleak ematen dituzten, gero arazorik gerta ez dadin.

7. Erostea merkataritza arloko trukea egitea da, elkarrizketan eta gardentasunean oinarritua. Hortaz, beharrezkoa da erosketaren tiketa eskatzea, arazorik izan ez dadin, edota publizitatea bera ere gordetzea.

8. Kontsumoko arbitraje-sistemako merkataritzaren aldeko apustua egitea da kontsumo arloko gatazkak konpontzeko modurik errazena.

KIUBen zerbitzuen barruan, aplikatzekoa den kalitate-arauaren arabera ziurtatutako Zerbitzu Agiria dago. Horrela, hiru ikuspegi kontuan hartuta jorratzen da kontsumoa: kontsumo arduratsua, kontsumo orekatua eta kontsumo solidarioa.