Programazioaren barruan, Euskal Herrian lehen aldiz egingo diren bi obra eskainiko ditu jaialdiak, Estatu mailan estreinatuko diren beste bederatzi ikuskizunez gain. Alde Zaharreko inguruetan, gaur -uztailak 1- eta bihar -uztailak 2-, Areatzako kaian hain zuen ere, L´effet escargot lana aurkeztuko du Kadabresky frantziar konpainiak eta olerkiz betetako ikusizuna izango da, malabare, akrobazia, oreka eta aireko akrobaziez gain.
Antolatzaileek adierazi bezala, obrarik intesgarriena Bilboko Kalealdia itxiko duena izango da, uztailaren 2an, 00:30etatik aurrera Arriagako plazan. Izan ere, Cirque Rouagese frantziar konpainiak Sodade ikuskizuna aurkeztuko du lehenengo aldiz Euskal Herrian. Hamar artistek osatutako obrak zirkua, mugimendua eta musika uztartzen ditu. Ikuskizunean, akrobatak, funanbulistak eta trapezistak bi gurpilek eta soka batek osatutako egitura batetik ibiliko dira.
Bestalde, bihar -uztailak 2- Marco Vargas eta Chloe Brule andaluziarren Me va gustando ikuskizuna ikusteko aukera izango dute gerturatzen direnek. Sari asko irabazi dituen dantza saioa izango da, hitza, musika eta dantza flamenkoaren bidez saio bakar batean elkartuz.
Euskal konpainiak
Gaueko saioez gain, aurten ere goizez zenbait ikuskizun eskaintzen ditu Kalealdiak Areatzan. Gaur eta bihar -uztailak 1 eta 2-, adibidez, 12:00etan, Malas Compañias eta Las Artes Teatro euskal taldeek zirkua, antzerkia, clowna eta musika bateratuko dituzte familia osoarentzako den ikuskizunean.
2016ko Kalealdia
Euskal Herritik zazpi dira aurtengo edizioan parte hartuko duten konpainiak, gainerako 21ak Frantzia, Belgika, Suitza eta espainiar estatutik datozen bitartean.
Kalealdiko agertoki dira Areatzako, Plaza Barriko eta Arriagako plaza eta Kasildako parkean paratutako karpa. Karpa barruan egingo diren obra guztiek hiruna euroko prezioa dute eta 330 pertsonara mugatuta dago leku kopurua; aire libreko saioak aldiz, doakoak dira.