Bilbao BBK Livek berriz ere beteko du hiria musikaz eta jaialdiko giroaz XI. edizio honetan. Gaur, bihar eta etzi; uztailaren 7an, 8an eta 9an izango da aire zabaleko musikarik onenarekin ospatzen den hitzordu handia; izan ere, estatuko erreferentzia handietako bat bilakatu da. Arcade Fire data esklusiboan eta Pixies, Foals eta Tame Impala talde nagusiak izanik, 60 talde bilduko ditu BBK Livek bost eszenatokitan banatuta. Gainera, eskaintza gastronomikoa hobetzen jarraitzen du jaialdiak bere instalazioen barruan, eta zeresana emango duen gune berriaren aldeko apustua egin du: Basoa.
Bilbo luxuzko agertokia izanik, Bereziak zikloarekin dator berriz ere Bilbao BBK Live 2016. urte honetan. Jaialdia hiri erdira aldatu da, partaide guztiek jaialdiko giroan parte har dezaten Kobetamendiko instalazioen barruko jarduketen ordutegitik kanpora.
Talde hauek osatuko dute aurtengo egitaraua: Arcade Fire, Pixies, Foals, Tame Impala, New Order, Underworld, Grimes, M83, Editors, Jose Gonzalez, Father John Misty, Courtney Barnett, Hot Chip, Years & Years, Soulwax, 2manydjs, Leon Benavente, Blood Red Shoes, Little Scream, Ocean Colour Scene, DMA´S, Hinds, Bad Breeding, Hana, McEnroe, Was, French Films, Sophie, Gallant, Juventud Juche, Junior Boys, Blossoms, C. Tangana, Belako, Nodozurdo, Triangulo de Amor Bizarro, Hidrogenesse, Rural Zombies, Green Class, Yellow Big Machine, Chvrches, Love os Lesbian, Slaves, In Heaven, Jagwar Ma, Wolf Alice, Hola A Todo El Mundo, Solea Morente, K-X-P, Doledad Velez, John Berkhout, Them Flying Monkeys, Posta, Dekot, Begiz Begi, Ochoymedio Dj´s, David Kano, Dani Less, Bilbadino Dj eta Dark Dj.
Basoa, BBK Live Jaialdiko espazio berria
Bilbao BBK Live jaialdiaren hamaikagarren edizioan bertan galtzeko gune berri bat egongo da. Basoa magiaz eta misterioz betetako tokia izango da, non naturak eta dantzatzeko musikak bat egingo duten atmosfera bikaina eratzeko. Jaialdi baten barruan dagoen jaialdia da, bertaratuko direnen bizipenak aberasteko helburua duena.
Hala, jaialdiak iraungo duen hiru egunetan zehar, ateak irekitzen direnetik eta ixten diren arte, musika eta dantza Basoko protagonistak izango dira. Estatuko zein nazioarteko DJ eta artisten zerrenda oparo bat izango da bertan, bakoitza bere musika-estiloan erreferentzia dena. Horiek guztiek Bilbao BBK Live jaialdian lehenengoz gozatu ahal izango den leku berezi hori girotzeko ardura izango dute.
Bi eta hiru orduko etenik gabeko saioak eskainiko dira, bata bestearen atzetik. Bertan, garrantzia eta arreta berezia emango zaio soinuari. Besteak beste, Brasilgo musika, disko edo soul musika, techno eta house musika eta elektronika, oro har, entzun ahal izango dira.
Bereziak zikloa, jaialdia Bilboko kaleetan
BBK Live jaialdiak Bereziak zikloaren programazioa osatu du. Ziklo horren bidez, jaialdia hiriaren bihotzera hurbiltzen da urtero, jaialdiaren giroa Kobetamenditik haratago zabalduz. Dagoeneko iragarrita zegoen bezala, Bilboko Koral Elkarteak emanaldi bat eskainiko du Campos Antzokian datorren asteartean, uztailaren 5ean. Horrez gain, herritar guztiei zuzendutako jarduera eta kontzertu berriak iragarri dira, jaialdia egingo den egunetan eskainiko direnak: uztailaren 7an, 8an eta 9an.
Lehengo eta behin, Bilbao BBK Live 2016 jaialdiari hasiera emate aldera, uztailaren 7an kontzertu sorpresa bat eskainiko da BBK Salaren parean (Kale Nagusia, 19), 13:30ean, azken urteetan egin den moduan. Uztailaren 8an, hiritarrek honako talde hauen emanaldiez gozatzeko aukera izango dute: Nudozurdo (Erribera); John Berkhout (Areatza), Solea Morente (Albia lorategia) eta Havoc (Residence aretoa, kontzertu akustikoa). Larunbatean, uztailaren 9an, McEnroe (Erribera) taldearen proposamen berriak entzuteko unea iritsiko da, Leon Benavente (Areatza) egungo indie-talde handiaren eta Juventud Jucheren (Albia lorategia) lanak entzuteko aukera izango dugu. Santi Camposek kontzertu akustikoa eskainiko du Singular tabernan.
Play 'n' Kids
Haurrek ere Bilbao BBK Live Bereziak zikloaz gozatzeko aukera izango dute, Play 'n' Kids-en laguntzari esker. Larunbatean, uztailaren 9an, haurrentzako animazioa egongo da Areatzan: gynkanak, sariak eta tailerrak egongo dira. Gainera, piknik-gune bat eta agertoki bat jarriko dira. Agertoki horretatik igaroko dira Billy Boom Band rock-taldea, Futuramix DJa eta Lindy Hopa, bere swing ezagunarekin. Hori guztia antolatu da familia osoak jaialdiaren giro onenaz goza dezan.
DJak Marzana tabernaren terrazan
Bilbao BBK Live Bereziak zikloa Marzana tabernaren terrazatik ere igaroko da. Bertan, hiriko DJ mitikoek arratsaldeak girotzeko saioak eskainiko dituzte uztailaren 7an, 8an eta 9an, 16:00etatik 21:00etara. Deu, Waseko abeslaria, eta Zarata DJ ostegunean, uztailaren 7an, egongo dira Marzanan; Mimoloco eta Las Tea Party Fevereko DJ enblematikoak, aldiz, ostiralean, uztailaren 8an, izango dira, eta Optigan DJ eta Mamba Beat Dj Set larunbatean, uztailaren 9an, egongo dira Marzanan.
Kanpina
Jaialdiaren eremutik 3 km-ra kokatuta dago, Bilboko aisialdirako esparru handienetako batean. Bilbao BBK Live jaialdiaren kanpalekua berdegune natural bat da, zuhaitzekin, eta beharrezko zerbitzu guztiekin hornituta dago: ura, dutxak, supermerkatua, armairuak eta janaria prestatzeko tokia. Kanpalekua asteazkenean, uztailaren 6an, irekiko da, 12:00etan, eta igandean, uztailaren 10ean itxiko da, 12.00etan.
Kanpatzeko eskubidea Bilbao BBK Live ’16 jaialdirako sarrerak erosiz eskuratzen da. Aipatutako egunetan edozein unetan kanpatzeko aukera izango da, betiere dagokion eskumuturrekoa erakutsiz.
Udalak jakinarazi duenez, egokitutako eremuan baino ezin izango da kanpatu. Janaria eta edariak sartu ahal izango dira, baina, segurtasun-arrazoiak direla eta, debekatuta dago sua piztea. Kanpalekuaren erabiltzaileei 24 orduko doako autobus-zerbitzua erabiltzeko eskatzen zaie, kontzertuen eremutik kanpalekura joateko, bereziki gauez.
Glamping
Aurten ere, jaialdiko kanpalekuan egonaldi desberdin batez gozatzeko aukera egongo da Glamping eremuan. The Glamping Company ekimena Erresuma Batuan bildutako esperientzian oinarrituta jaio zen, mota guztietako ekitaldietan kanpatzea eta erosotasuna uztartzen dituzten gama altuko zerbitzuak emateko. Hala nahi duenak, aldez aurretik erreserba eginez, kanpalekuko giroaz gozatzeko aukera izango du, denda ekarri, muntatu eta desmuntatu beharrik gabe; izan ere, zerbitzu honek kanpatzeko beharrezko guztia ematen du.
Ostalaritza
Jaialdiaren eremuan publikoarentzako hamazazpi barra egongo dira; horietatik, barra bat kanpalekuan jarriko da eta VIP barra bi ere egongo dira. Edizio honetako eskaintza gastronomikoa handitu egin da eta hainbat janari-postu eta foodtruck jarri dira; horietan, besteak beste, hauxe eskainiko da: hot dog-ak, artisau-pizzak, ogitartekoak , hanburgesak, patatak, kroketak, sandwichak artisau-ogiarekin eta gourmet sandwichak... Gainera, hainbat janari-postutan janari thailandiarrak eskaintzen dituen aukera begetariano gozo eta interesgarriak dastatzeko aukera izango da.
Kanpalekuan ere janari-zerbitzua egongo da. Aurten, gainera, Cafe Baquek eskainitako berritasun bat barne hartuko da; bertan, kanpinlarientzako gosariak eskainiko dira goizez eta beste hainbat errezeta egunean zehar: koktelak, kafe izoztua, irabiatuak eta askoz aukera gehiago.
Azoka
Merkatu-eremuan hainbat stand jarriko dira, horietan produktu desberdinak erosteko aukera emango duten salmenta-puntuak egongo dira: arropa, diskoak, liburuak, kamisetak, eta abar. GKE batzuk ere merkatuaren eremuan izango dira, besteak beste, Greenpeace eta Ai Laket Drug Test.
Jaialdiaren stand ofizialean, beste behin, 2016. edizioan joko duten talde guztien merchandising produktuak jarriko dira salgai, bai eta jaialdiaren produktu esklusiboak ere.
Ordaintzeko sistema
Aurten ere, jaialdian esku-dirutan ordainduko da. Dirua atera behar dutenek Kutxabanken kutxazaina erabili ahal izango dute.
Egitaraua