Gainera, uztaileko ostegunetan, goizez, Ondalan Erraldoi Konpartsak Museoko klaustroan jarriko du bere Erraldoien Dantza Eskola, nahi duten umeek parte har dezaten, aldez aurretik izena eman ostean.
1978an, lehenengo Jai Batzordeak, Bilboko Aste Nagusia iragarri beharra zegoela jakitun, eta lehiaketa publikoaren deialdia egiteko denbora faltaren aurrean, lehenengo iragarki-kartela egiteko eskatu zion Juan Carlos Eguillor ilustratzaileari. Kartel horren jatorrizko marrazkia 1983ko uholdeak eraman zuen, beste gauza askorekin batera.
1979an, antolatu zen Aste Nagusia Iragartzeko Kartelen I. Lehiaketa, 50.000 pezetako sariarekin. Epaimahaia Jai Batzordeko ordezkariek eta hiriko esparru artistiko zein kulturaleko ordezkariek osatu zuten, eta irabazlea Jose Javier Lacalle 'Laka' izan zen.
1980an, Jon Castañares alkatea eta Jai Batzordea ez ziren bat etorri jai-ereduaren inguruan, eta horrek hondatu egin zuen urte hartako Aste Nagusia; ondorioz, bi kartel editatu ziren. Alde batetik, Bittor Allenderena, Udalak antolatutako Lehiaketaren irabazle ofizialarena baina Konpartsen Koordinakundeak editatutakoa; eta, bestetik, programatutako ospakizunak iragartzeko asmoz Alkatetzak berak argitaratutakoa, 'Bilboko Jaiak' izenpean.
1981etik gaur egunera arte, Aste Nagusia Iragartzeko Kartelen Lehiaketa urtero antolatu izan da, inongo gorabeherarik gabe. Birritan baino ez da geratu eman gabe, 1987an eta 1989an hain zuzen ere; kasu horietan, kartela enkarguz diseinatu zen, lehenengoa Juan Carlos Eguillorri eskatuta, eta bigarrena, berriz, Alberto Quincocesi.
1990etik aurrera, Bilboko Euskal Museoak 'Cia. de Gargantua' delakoarekin lankidetzan antolatutako 'Aste Nagusia 1978-1990' aldi baterako erakusketaren ondorioz, edizio bakoitzeko kartel irabazleak Erakundeari ematen zaizkio, bertan gordeak izan daitezen. Modu horretan, Hiribilduko Jai Artxiboa ari da osatzen, nahiz eta lehenengo bost urteetako jatorrizko irudiak falta diren bilduman.