Zurrumurruen aurkako ekintza berriak atzerritarren inguruko estereotipoei aurre egiteko

uriola.eus 2016ko uzt. 5a, 09:00

Udalak topaketa-lekuak sortzen jarraitzen du herritarrengan zurrumurruen aurkako estrategia sendotzeko, atzerritarren aurkako iritzi, estereotipo eta zurrumurru faltsuei aurre egiteko beharrizana ezartzeko; elkarbizitzari eta gizartearen kohesioari kalte egiten baitiote.

Gizartean zabalduta dauden zurrumurru eta estereotipo arrazista guztiak desagerrarazteko asmoz, Deustu eta Santutxuko auzoetan zenbait ekintza egingo dira uztailean, udal estrategiaren barruan zurrumurruen aurka prestatutako agenteak buru direla.

Uztailaren 6an, 7an eta 8an, Deustuko Unibertsitateko Giza Eskubideen Institutuko ikertzaile baten bidez eta barruti horretako zurrumurruen aurkako agenteekin batera, estrategia aurkeztuko zaie Integrim Europako proiektuaren barruan antolatu eta Deustuko Unibertsitatean egingo diren 'International Migration, Integration and social Justice in Europe' jardunaldietako parte-hartzaileei. Jardunaldietako kafearen atsedenean, zurrumurruen aurkako zenbait agentek modu errazean eta hurbilean jakinaraziko dute zeintzuk diren Udalak zurrumurruen aurka sustatutako estrategiaren helburuak, bai eta agente bihurtzeko prozedura zein den ere. Jardunaldietako kideek alde batera utzi ahal izango dituzte zurrumurruak, 'rumor box'-era botata, eta aurreiritziak eta estereotipoei aurre egiteko mikro-bideoetan parte hartzeko aukera izango dute.

Saria zurrumurruen aurkako paella onenari Santutxuko jaietan 

Santutxun, jaietako batzordeko kide bat Begoñako zurrumurruen aurkako agenteen sarekoa da eta, aurten, Santutxuko Jaiek bat egingo dute ekimenarekin. Hain zuzen ere, sentsibilizaziorako ekintzak diseinatu eta egingo dituzte, atzerritarren aurkako estereotipoei aurre egiteko edukiekin.

Auzoko jaietan, uztailaren 12n paella lehiaketa egingo da eta zurrumurruen aurkako paellarik onenaren kategoria izango da. Zurrumurruen aurkako agenteen lana izango da irabazlea nor den erabakitzea. Carlos Gurpeguiri Athletic Cluba utzi zuen egunean oparitu zioten beira-zuntzezko besokoaren egile den Iñaki Arce-ren estudioak diseinatu duen opari bat emango zaio.

Aurreko mikroekintzak

Maiatzean eta ekainean, zurrumurruen aurkako estrategia hazi egin da herritarren artean, proiektuaren helburua zabaltzeko hau da, atzerriko etorkinen aurkako estereotipo negatiboei aurre egitea eta desagerraraztea.

• Maiatza: Tailerrak, doku-foruma, jarduerak eta gymkana 

Begoñan, Berrio Otxoa ikastetxeko 15 eta 16 urte bitarteko ehun neska-mutil inguruk prestakuntzako zortzi saiotan parte hartu zuten maiatzaren 4an eta 5ean, atzerritarrei buruzko aurreiritzien inguruan sentsibilizatzeko. Etorkizunean zurrumurruen aurkako estrategian lan egiten jarraitzeko konpromisoarekin, parte-hartzaileek gaitasun kritikoa sortu zuten elkarbizitzaren aurrean hartzen den jarrerari buruzko gogoeta egiteko eta komunikatzeko moduari buruz.

Beste alde batetik, maiatzaren 20an 'Crisis Humanitaria' dokumentala proiektatu zen Deustuko Udaltegian. Gero egin zen eztabaidan, beren herrialdetik gatazkengatik eta jazarpenengatik ihes egiten duten pertsonen egoeraz egin zen berba. Adeco eta Bilbotik Perura elkarteek antolatu zuten jarduera hori eta dozena bat pertsona joan ziren. Denek azpimarratu zuten ekimen berriak garatu behar direla atzerritarrei buruzko estereotipo faltsuei aurre egiteko hezkuntzarako. Egun berean, Bizkaiko Caritas erakundeak sentsibilizazio-ekintza bat egin zuen Indautxuko Carmen plazan. Ehun bat pertsona bildu ziren zurrumurruen aurkako estrategiaren inguruan.

Astebete geroago, Santutxun lan egiten duten 17 erakundek antolatutako jardunaldia egin zen Basarrate Gaztean jaian. 11 eta 15 urte bitarteko gaztetxoek hartu zuten parte, batez ere gymkanan. Probetako bat zurrumurruak eta aurreiritziak alde batera uztea zen Txiki Rumor box-era botata. Gainera, hiru paneletako grafitia egin zen zurrumurruen aurkako mezu batekin eta Errumaniako komunitatearen kulturara hurbiltzeko tailerra egin zen, pazko-arrautzak pintatuz. Ekintza horien bidez gogoeta eta eztabaidarako espazioa sortu zen, eta etorkizuneko edizioetan horrekin jarraitzea espero da.

• Ekaina: futbitoa, eskubaloia, zurrumurruen aurkako txokoa eta kakorratz-lanen tailerra 

Kirola praktikatzea ere ardatz garrantzitsua da zurrumurruen aurkako estrategiaren inguruan lerroak ezartzeko, batez ere gazteen artean. Ekainean, futbito eta eskubaloi txapelketek proiektuaren informazioa zabaltzeko balio izan dute: 'Danok Batera' kulturen arteko futbito txapelketa (ekainaren 10ean) eta eskubaloi txapelketa (ekainaren 18an) Etxebarria parkean egin ziren Beltzagorri erakundeak antolatuta, erakunde hori Begoñako agenteen sarean baitago.

Gainera, Zorrotzako 'Gozatu eta bizi' programaren barruan eta Zorrotzako Gaztegunearekin lankidetzan, ekainaren 15ean zurrumurruen aurkako txoko bat egin zen gazteentzat, zurrumurruen aurkako proiektuari buruzko informazioa emateko, kulturartekotasunaren alde, dibertsitatearen alde eta bazterkeriaren aurka.

Deustun, 65 eta 90 urte bitarteko zenbait andrazkok kakorratz-lanen tailerrak antolatzea proposatu zuten, errefuxiatuentzako mantak egiteko. Horietako manta batzuk errefuxiatuen kanpamenduetara bidali dira eta beste batzuk saldu egin dira CEAR GGKErako dirua biltzeko. Horrela, lan eta lan, andrazkoen talde horri datuak eta trebetasunak jasotzeko beharrizana sortu zitzaion, etorkinei buruzko zurrumurruak desarmatzeko. Interes handia zegoela ikusita, taldeko andrazko bi zurrumurruen aurkako agente egin ziren eta, elur-bolaren efektuaren bidez, gertuko pertsonen artean estrategiaren helburuaren inguruan sentsibilizatzen duten informazioa, ekintzak eta edukiak zabaldu dute. Ekainaren 1ean kakorratz-lanean tailerreko parte-hartzaile guztiek egindako jai batean datorren ikasturtean atzerritarren aurkako aurreiritzien kontrako borrokan jarraitzeko konpromisoa hartu zuten, tailerreko lana aitzakiatzat hartuta.