Bilbao BBK Live 2016

Operatibo berezia jarriko dute martxan 2016ko Bilbon BBK Live jaiari begira

uriola.eus 2016ko uzt. 5a, 16:33

Dena prest dago uztailaren 7an, 8an eta 9an Kobetamendin Bilbao BBK Live Jaialdiaren hamaikagarren edizioa ospatzeko. Hori dela eta, Udalak trafiko-, segurtasun- eta garbiketa-arloko operatibo handia jarriko du martxan, 2016ko jaialdiak, berriz ere, nazioarteko garrantzia izan dezan.

Ildo horretan, Bilboko Udalak jaialdian izango direnen laguntza eskatzen du, eta udaltzainen eta antolakuntzako langileen jarraibideei arreta berezia egiteko galdegin, aurten ere 2016ko Bilbao BBK Live nazioarteko jaialdi-sarean ezinbestean bisitatu beharreko hitzordua eta kulturaren nahiz aisialdiaren punta-puntako ekitaldia izan dadin.

Pixkanaka-pixkanaka bertaratu eta itxaronaldiak laburtzeko asmoz, Udalak gomendatzen du ahalik eta lasterren hurreratzen joatea. Era berean, gogorarazi nahi du arratsaldeko 16:00etatik aurrera, eta kontzertuek iraungo duten hiru egunetan, antolakuntzak abian jarriko dituen doako autobusek Beyena fabrika zaharraren parean utziko dituztela bidaiariak (jaialdiaren esparrutik 800 bat metrotara). Oinez hamar minutuan egiteko moduko ibilaldia da.

Gainera, azken urteotan Kobetamendi inguruan egin diren hobekuntza-lanei esker, oinezkoak errazago heldu ahal izango dira jaialdi-esparrura. Urtez urte gero eta jende gehiagok egiten du aukera horren alde, jende-pilaketak saihesteko modu egokia delako.

Kobetamendirako sarbideak

Autoak ibiltzeko lehenengo murrizpenak uztailaren 6ko, asteazkeneko goizeko 12:00etatik ezarriko dira, eta horrela jarraituko dute uztailaren 10eko, igandeko, 15:00ak arte. Segurtasun-arrazoiak direla eta, ekitaldiaren antolakuntzak ibilgailu baimenduei, garraio publikoari eta behar bezala kreditatutako auzokideei baino ez die pasatzen lagako. Oinezko sarreraz gain, jaialdira etorriko direnek kontzertugunera sartzeko ordezko beste aukera batzuk izango dituzte.

Doako autobusak

Bilbao BBK Livera joango direnek zuzenean heltzeko aukera eskaintzen duten hogeita hamar bat loturaautobus izango dituzte eskura, doan. Ohikoa den bezala, bertara joateko autobusak hurrengo lekuetatik abiatuko dira: BECetik (Barakaldo), Ansioko metroko geralekutik gertu -2. eta 3. solairuan aparkatzeko 3.000 leku inguru atonduko dituzte-; eta TermibusSan Mamesetik hurbil, zehatz-mehatz, Basurtuko Kaputxinoen kalearen amaieran, BAMI eraikinaren (OgasunaEITB) atzeko aldean.

Autobusek etengabeko zerbitzua eskainiko dute uztailaren 7ko, osteguneko, 8:00etatik uztailaren 12ko, igandeko 12:00ak arte. Zerbitzuaren maiztasuna aldakorra izango da eskaeraren eta aurreikusitako beharren arabera, baina Jaialdiko egun guztietan, 16:00etatik aurrera gutxi gorabehera, Beyena izeneko lehengo fabrikaren inguruetan geratuko dira eta bertatik 800 metroz ibili beharko dute bertaratutakoek jaialdiko esparrura heltzeko. Era berean, programatutako kontzertuak amaitutakoan, Bilboko erdigunera zuzenean itzultzeko autobusak erabili ahal izango dira. Beyenaren parean dagoen geralekuan, bertaratutakoak gune hesitu batean Basurtu-San Mamesera edo BECera eramango dituzten autobusen zain egon ahal izango dira.

Halaber, kanpinera joateko autobusak izango dituzte kanpinlariek uztailaren 6tik, asteazkenetik (12:00etatik 23:00etara) eta jaialdiak iraungo duen hiru egunetan 24 orduz, bai kontzertu-esparrura bai kanpinera bueltatzeko. 

Kanpinera bueltatzeko zuzeneko autobusek abiapuntu bikoitza izango dute: bata, kontzertuen esparruaren inguruetako ohiko geralekua izango da; eta bestea, berriz, kanpinaren erabiltzaileentzat kontzertuen esparrura sartzeko aurten egokitutako bide berrian.

Metro zerbitzu bereziak

Bestalde, Bilboko Metroak gauez zerbitzu berezia eskainiko du uztailaren 7an, ostegunean, Arcade Fire taldearen kontzertura joandakoak etxera bueltatzea errazteko, 03:00ak arte.

Taxi zerbitzuak

8:00etatik 16:00etara, taxiek bidariariak jaialdiaren sarreratik hurbil utzi ahal izango dituzte. 16:00etatik aurrera, gutxi gorabehera, behin trafikoa etenda, jaialdi-esparrura hurbilduko diren taxiak Altamiran utziko dituzte bidaiariak. Halaber, uztailaren 7, 8 eta 9an Lezeaga kaleko 12. zenbakian geralekua atonduko dute, Kobetasbidearen parean, gau osoz, 00:00etatik aurrera.

Oinezkoen sarbidea

Gainera, azken urteotan Kobetamendi inguruan egin diren hobekuntza-lanei esker, oinezkoak errazago heldu ahal izango dira jaialdi-esparrura. Urtez urte gero eta jende gehiagok egiten du aukera horren alde, jende-pilaketak saihesteko modu egokia delako.

Termibus-San Mames inguruan daudenak jaialdi-esparrura oinez abiatuta, 25 minututan inguru heldu daitezke. Jaialdi-eremura oinez igotzeko seinalizatutako bide bat egongo da eta Terminbusen hasi eta Kobetamendiraino joango da ondorengo ibilbidetik: Termibus – Gurtubay – Avda. Montevideo – Pasarela Bentazarra – Lezeaga – Kobetabidea – Kobetamendi.

Halaber, eremua oinez utzi nahi dutenentzat ibilbide hau prestatu da: Masustegi auzoa, Masustegi Estarta, Aita Donostia plaza, San Mames, Termibus.

Mugikortasun murriztuko pertsonak

Doako autobus gehienak egokituta daude. 16:00etatik aurrera, autobus horiek Beyenaren aurreko fabrikaren pareko geralekuan gelditzen direnean, antolakuntzak mugikortasun urrikoentzako autobus zerbitzua edukiko du kontzertu-esparruraino eramateko.

Autokarabanetarako behin behineko aparkalekua Zorrotzaurren

Kobetamendin autokarabanak sartzeko udal eremua itxita egongo da ekainaren 28ko 12:00etatik uztailaren 15eko 09:00etara, Bilbao BBK Live jaialdiko kontzertuetan behar izango diren ibilgailuak eta gainerako tresnak gorde ahal izateko.

Eremu hori itxita egongo denez, Bilboko Udalak egun horietan ordezko doako aparkaleku-zerbitzua egokitu du Zorrotzaurren, Deustuko kanalaren eskumaldean (Zarandoa etorbidea, 19/21, AGEMASA erakinaren ondoan), autokarabanazaleek bertan aparkatu ahal izateko. Aparkalekuan gutxi gorabehera 60 leku egongo dira. Egunotan parkinga doakoa izateaz gain, 24 orduz zainduta egongo da eta ur hartune nagusia nahiz hustubidea izango ditu. Behin behineko aparkaleku horretatik Bilboko erdigunera garraio publiko bidez joateko aukera dago, dela metroan (San Inazioko geltokia), dela autobusez (Bilbobuseko 10, 13, 18 eta 71 lineak).

Kanpalekua eta agertokiak

BBK Liveko kanpaleku-eremua jaialdi-esparrutik 3 kilometro eskasera dago eta Bilboko aisialdi-eremu handienetakoa da. Berdegune natural eta zabala da, zuhaitzekin, 120.000 metro koadro ingurukoa eta 10.000 pertsona inguru hartzeko ahalmena duena. Kanpinean behar diren zerbitzu guztiak daude: ura, dutxak, supermerkatua, txarteldegiak eta jatetxe-gunea. Hilaren 6ko, asteazkeneko 12:00etan irekiko da, eta hilaren 10eko, igandeko 12:00etan itxi.

2016ko Bilbao BBK Live jaialdirako sarrerak kanpaleku-eskubidearekin erosiz gero kokatu ahal izango da bertan, aipaturiko daten artean edozein momentutan, betiere eskumuturreko egokia erabilita.

Udalak egokitutako gunean baino ezin dela kanpatu gogorarazi nahi du. Janaria eta edaria eraman ahal izango da baina, segurtasun-arrazoiak direla eta, ezin da surik egin. Era berean, kanpinetik jaialdi-esparrura joateko eta bertatik itzultzeko oinez ez ibiltzea eta mugitzeko 24 orduko doako autobusa erabiltzea gomendatzen da, batez ere gauez. Kanpinzaleak jaialdi-esparrura joatea errazteko, 00:00ak arte erabili ahal izango dute kanpineko sarbidea. Une horretatik aurrera eta 08:00ak arte, sarrera hori irteera baino ez da izango.

Jaialdiak Yourope (The European Festival Association) Elkarteak ematen duen Green 'n' Clean egiaztagiria jaso zuen, eta aurten ere ingurumenarekiko arduraren eta konpromisoaren aldeko apustuari eutsi nahi dio. Horregatik, zaborrontziak eta instalazio osoa modu egokian erabiltzeko eskatu nahi diegu kanpinzaleei.

Jaialdi-esparrua 17:00etan irekiko da egunero, eta 2016ko Bilbao BBK Live jaialdiko musika bost gunetan bilduko da: ohiko bi agertoki nagusietan eta ordezko hiru eremu, besteak beste, aurten lehendabizikoz 'Basoa' izenekoa dago. Guztietan ere, programazio zainduaz gozatzeko aukera egongo da. Agertoki nagusi bietan leku altuago bat egongo da mugitzeko arazoak dituztenek kontzertua ondo ikusi ahal izateko.

 

Jaialdiaren esparruaren barruan, Bilbao Turismo bulegoak kultura, ostalaritza eta aisialdiari buruzko informaziorako estanda jarriko du, 17:00etatik 21:00etara.

Hobekuntzak

Udalak Kobetamendin hobekuntza garrantzitsuak egin ditu jaialdira etorritakoen eta musika-jaialdia amaitutakoan parkea erabili nahi duten bilbotarren egonaldiaren kalitatea hobetzeko.

Lan, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publiko Sailak Arraiz mendiaren igoeran sarbide berria atondu dute, kanpinlarien joan-etorriak errazteko. Hala, egunez OPI (VIP) sarbidea erabili ahal izango dute kontzertu-gunera sartzeko, ate nagusitik igarotzeko buelta egin behar izan barik, jai-esparrutik irteteko gaitasuna handituta eta pertsonen joan-etorriak nahiz haien erosotasuna hobetuta.

Halaber, iturri zaharraren eremua bete dute, kontzertuetara joango direnek agertokiak hobeto ikusi ahal izateko. Zehatz-mehatz, 3.500 m3 inguru lur bete dira lursaila metro bat garaiagoa izateko eta, horrela, jaialdi-esparrurako espazio gehiago lortzeko. Eremua erein dute eta belardi ederra dauka orain. 

Horrekin guztiarekin parkearen hainbat eremutan jarduera ugari egin dira janariko txosnak, tabernak eta merchandisingeko guneak nahiz komunak hartuko dituen espazioa atontzeko.

Jarduera horien inbertsioa 155.000 eurokoa izan da, argiteria egokitzea, ura banatzea eta ingurunea garbitzea barne hartuta.

Garbiketa

2016ko Bilbao BBK Live jaialdiaren hiru egunetan, 08:00etatik 15:00etara, jaialdiesparru osoan hondakinak garbitzeko eta jasotzeko lanak egingo dira. Batez beste, 30 beharginek parte hartuko dute horietan, guztira 15 ibilgailuz lagunduta, besteak beste, kamioiak eta erraztatzeko makinak.

Gainera, arratsaldeko txandan eta bertaratuko direnak sartzen hasi arte, guztion eremuetan beste garbiketa bat egingo da, edukiontziak eta kuboak hustuta, eta jaialdi-esparrua nahiz sarrerak eta esparruaren inguruko perimetroa behar bezala edukiko dute.

Garbiketa-maila onena edukitzeko xedez, guztira 194 edukiontzi instalatuko dira: 1.100 litroko 70 edukiontzi; 360 litroko 110 edukiontzi; 2.400 litrotarako 12 edukiontzi eta 15/20 m3-ko edukiontzi bi.

Kanpinean egingo den garbiketa-operatiboan, hainbat bider bilduko dute zaborra, kontzertuak hasi baino lehen eta amaitutakoan, eta sarrera nagusia nahiz haren inguruak, kanpineko guztien eremuak eta autobus-geralekuak -kontzertu-esparruan nahiz Bilbobuseko autobusak abiatuko diren lekuetan- sistematikoki garbitzen ibiliko da. 'Basoa' agertokian eskuz bilduko da zaborra, zuhaitz asko egoteagatik.

Gainera, kontzertuak egongo diren egunetan garbiketarako talde berezia egongo da Altamira auzoan, jai-esparrurako joan-etorri ugarien ondorioz, bertan "aztarnarik" geratu ez dadin. Jaialdia amaitutakoan, Kobeta parkea goitik behera garbituko da, herritarrek geroago erabili ahal izan dezaten.

Segurtasuna

Guztira, 170 lagun arduratuko dira segurtasuna mantentzeaz, bai kontzertuesparruaren inguruko hesi bikoitzaren barruan, bai horretatik kanpo. Udaltzaingoak, Ertzaintzaren laguntzarekin, sarbideak eta esparruaren sarrera zainduko ditu, legehausterik eta istilurik egon ez dadin, eta arreta berezia egingo dio legez kanpoko sarreren salmentari.

Kontzertu-esparruan osasun-gune bat egokituko da, gela bitan bereizita: arreta medikoaren gela eta eboluzio-gela.

Gainera, jaialdi-esparruaren barruan nahiz kanpoan erantzun egokia ziurtatzen jarraitzeko, Jaialdiaren Segurtasuneko Koordinazio Zentroa antolatu da. Bertan bilduko dira segurtasun-langileak, Udaltzaingoa, suhiltzaileak, Babes Zibila eta osasun-langileak. Koordinazio-zentroa eta osasun-postua autokarabanen aparkalekutik gertu egongo dira.

Kontzertuek dirauten artean, anbulantziak egongo dira esparruko hainbat lekutan: bi agertoki nagusietan, atseden-gunetik hurbil eta osasun-zentroan. Horietako bat eguneko 24 orduetan zerbitzuan egongo da. Suhiltzaile-kamioia, ekipo tekniko osoa langile guztiak barne, produkzio-guneko edozein larrialditarako prest egongo da.

Kanpalekuan ere segurtasun-langileak eta osasun-arreta egongo dira eguneko 24 orduetan.

'Bilbo Mailako' jaialdirako aholku eta arauak

Hainbat aholku eta arau ezarri dituzte jaialdiari begira: 

1. Gogoratu oinetako eta arropa erosoak eramatea. Bero handia egiten badu, ez ahaztu ondo hidratatuta egotea: edan ura askotan, eta erabili eguzki-babesak. 

2. Adi egon zure gauzekin. Kanpalekuan kontsignak daude, baina aldean, poltsan edo bizkar-zorroan badaramatzazu, eduki itzazu beti begibistan (adibidez, ipini gorputzaren aurrealdean), eta ez gorde inoiz kartera edo diru-zorroa atzeko poltsikoetan. 

3. Gogoan izan. Ezetz esatea ezezkoa ematea da, edozein hizkuntzatan. Errespetatu. 

4. Kontuz ibili bono eta sarrera faltsuekin. Sarrera bakoitzak kode bakarra, kopiatu ezina du, egiazkotasuna ziurtatzeko. 

5. Erabili autobusak akanpaleku-eremutik kontzertu-eremura joateko eta alderantziz, batez ere gauez. Autobusak 24 orduz ibiliko dira eta DOAN erabili daitezke. 

6. Guztiz debekatuta dago kanpindenda kanpalekutik kanpo jartzea, edota BBK Livera sartzea objektu zorrotzekin, metalezkoekin, kristalezkoekin, jaurtigarriekin, sukoiekin edo kolpagarriekin. Era berean, ezin da janaririk edo edaririk sartu. Lagundu guri eta gogoratu BBK Live jaialdian ondo pasatzeko ez duzula gauza askorik eraman behar. 

7. Paperontziak eta edukiontziak daude esparru osoan. Erabili, mesedez. Kobetamendi ingurune natural aparta da, eta horrela jarraitzea nahi dugu.

8. Zaindu zeure burua. Ez erosi janaririk edo edaririk saltoki "piratetan", osasunkontrolik izan ez dutenetan. Eta gogoan izan: neurriz kontsumitu. 

9. Lagundu antolakuntzako langileei eta errespetatu euren jarraibideak. Zure onerako da. Kanpalekuan nahiz esparru nagusian osasun-arreta eta segurtasunlangileak aurkituko dituzu. Beraz, laguntzarik behar baduzu, jarri zaitez eurekin harremanetan. Larrialdietarako telefonoa 112 da. 

10. Ondo pasa Jaialdian eta hirian. BBK Liven Bilboko kulturari, ostalaritzari eta aisialdiari buruzko informazioa aurkituko duzu. Aprobetxatu!

Osasun kontrola

Jaialdiaren moduko esparru bateko osasun-kontrola, muntaketa baino lehen hasten da, Osasun eta Kontsumo Sailak Osasun Memoria aztertzen duenean. Egoki ikusiz gero, zuzenketak proposatzen ditu. Horrela, inauguratu baino egun bat lehenago, azpiegitura guztia prest egongo denean, lehenengo ikuskaritza egingo da. Horretan, batik bat, ur-puntuak, materialak, hozteko sistemak, janaria prestatzeko eremuak etab. aztertuko dira. Ikuskaritza horietan jendaurreko saltokiak, OPI (VIP) eremuak eta langile eta artistentzako jantokiak aztertzen dira.

Gainera, inaugurazioaren egunean bertan, goizean, beste ikuskaritza bat egingo da eskainiko diren janari eta edariak aztertzeko: jatorria, iraungipenak, hozte-maila, kontserbazio-maila, etab. ssssx Ondoren, gutxienez, beste ikuskaritza bat egiten da.

Gainera, Osasun eta Kontsumo Sailak kanpalekua ere aztertuko du, janari eta edarien saltokiak egongo direla aurreikusten delako.