Ines Bermejok dantza eta Bilbo Zaharreko txoko bat batu ditu BAD jaialdiaren kartelean

uriola.eus 2016ko uzt. 6a, 12:16

Mugitzen ez den irudia, Bilbo Zaharreko txoko batean izoztuta dagoen dantza une bat, da Ines Bermejo euskal artista eta diseinugileak Udalak antolatu duen BADen, Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen hurrengo ediziorako proposatu duen irudiaren oinarria. Jaialdia hiriko sei agertokitan egingo da, urriaren 20tik 29ra. 

Bilbo Zaharreko kaleetan inspiratuta BAD iragartzen duen kartelak, alde intimoenean sartzen den eta dantza pieza baten instante bat jasotzen duen agertokia sortzen du. Horrela, dantzak, Bilboko antzerki garaikide jaialdian betetzen duen lekua errebindikatzen du, berriro ere. "Bizitzak mugitu egiten zaitu, bizitzak dantzatu egiten zaitu" da artistak berak instante iradokigarri horretarako egiten duen deskribapena, hiriko ingurune degradatuan. 

Arte Ederretan lizentziatua eta Arte Eszenikoetako eta Ikus Kulturako Masterra du UPV/EHUn, Ines Bermejok; Bilbo, Milano, Berlin eta Innsbruck artean bizi izan da azken urteetan. Duela 10 urtetik arte eta kultura ekitaldien eta erakusketen komisariotza, zuzendaritza, antolakuntza eta ekoizpen munduan ari da lanean. Bere argazkiek eta bideo-sorkuntza lanek sariak jaso dituzte Europa mailako hainbat jaialditan, eta indarra hartzen ari den arteari buruzko zenbait azokatan eta Arte experimental – Incubarte bezalako jaialdietan, Valentziako bideo-sorkuntza sariketan edo Italian egiten den Palermoko Accademia di Belle Arti izenekoan parte hartzeko aukeratu dute.

Artista gisa asko atsegin ditu dantza eta bideo-sorkuntza, eta diziplina biak performancearekin konbinatzen ditu. Bere sorkuntza lanek, argazkiek, collageek, bideoek, eszena esku-hartzeek edo piezek, irudia eta mugimendua nahasten dituzte, ikusten dena eta izaerae fisikoa aztertzen dute eta horien artean gertatzen diren konexioetatik ibilbidea egiten dute. Bere artelan bakoitzaren ostean bilaketak, prozesuak eta konexioak daude. Hori dela eta, dantza bere laneko funtsezko elementua da, lengoaia gisa. 

BAD gehiago

BADen hurrengo edizioaren programazioak, Adrian Schvarsteinek zuzendu duen 'Lurrak' zirku garaikide ikuskizunaren aretoko bertsioaren aurkezpena jasoko du Bilbon, kalean estreinatu ondoren, Gasteizko Kaldearte eta  Bilboko Kalealdia jaialdietan. 

BADen ikusi ahal izango den beste proposamen bat, urriaren 24an, hain zuzen ere, Albert Quesadaren ACME konpainia katalanaren 'UnDosTresUnDos' koreografia izango da. Duela denbora gutxi aukeratu dute Circula! 2016 proiektuaren barruan (Dantza sorkuntza eta prestakuntza trena), dantzako profesionalen mugikortasuna errazteko estatu mailako ekimenean. Ekimena Kataluniako, Madrilgo, Valentziako Erkidegoko eta Euskadiko profesionalen elkarteek bultzatu dute. 

Beste alde batetik, BilbaoEszenaren – Udaleko Baliabide Eszenikoen Zentroaren 'Artistak egoitzan' ekimenean parte hartzeko aukeratuak izan diren lau artista gaztek euren sorkuntza prozesuak jende guztiaren edo sektoreko profesionalen aurrean aurkeztu ahal izango dituzte, jaialdiaren hurrengo edizioaren barruan.

BADeko informazioa: www.badbilbao.eus