1901. urtean ekin zioten Bilbon bizi ziren nafarrek Sanferminetako txupina jaurtitzeari. Harrezkero 116 aldiz errepikatu dute uztailaren 6an zazpi bolandera Bilboko zeruan lehertzeko ohitura. Atzokoa ez zen salbuespena izan.
Ekitaldian, besteak beste, Nafarren Etxeko kideak, Bilboko Udaleko zinegotziak, Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteko lagunak, Bilbao Historikoko ordezkariak eta beste herrialdeetako zentroetako gonbidatuek parte hartu zuten. Eguerdian, lehen txupinarekin bat, lepoan zapi gorria jantzi zuten denek.
Azoka
Aurtengo Sanferminetako ekitaldien baitan, uztailaren 8tik 10era Nafarroako artisau produktuen lehen azoka antolatu dute Plaza Barrian. Erronkariko gazta, txerrikiak, pastelak, txokolateak, mermeladak, kontserba ekologikoak... erosi eta dastatzeko aukera izango da. Horrezaz gain, olibondoaren zurarekin zein larruarekin egindako hainbat artisau-lan paratuko dituzte saltokietan. Umeentzat tailer eta jarduerak izango dira azokak iraun bitartean.