Bilbao BBK Live 2016

Goraka

uriola.eus 2016ko uzt. 11a, 13:13

Bilbao BBK Live jaialdiaren hamaikagarren edizioa "ezin hobeto" itxi dute. Izan ere, guztira 102.865 lagun bertaratu dira hiru egunetan Arcade Fire, Pixies, Grimes, New Order edota Churches taldeak entzuten. 

Antolatzaileen esanetan, aurten ere "giroa aparta" izan da Bilbao BBK Liven, bai Kobetamendiko esparruan eta bai hirian izan diren kontzertu eta jarduera anitzetan. Beraz, emaitza "oso ona" izan dela azpimarratu dute, eta eskerrak eman dizkiete jaialdian parte hartu duten erakundeei, laguntzaileei eta sustatzaileei, eta "publikoari batez ere, jarraitzaile leial izateagatik Bilbao BBK Live jaialdia goraka baitoa". 

Gainera, aurtengo Bilbao BBK Liven Basoa izeneko gune berria estreinatu dute "publikoaren esperientzia aberasteko asmoz". Basoa izan da, "erakargarri nagusienetako bat" aurtengo jaialdian, musikari eta dantzari eskainitako espazioa.

2016ko edizioan 35.287 lagun bildu dira guztira, Bilbao BBK Live jaialdiaren hirugarren egunean. Aurtengo azken egunean -larunbatean-, ateak arratsaldeko 17:00etan ireki zirenetik, besteak beste, Foals, Tame Impala, Editors, Courtney Barnett edota Father John Misty artisten kontzertuez gozatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek.

 

Bertaratutakoak zenbakitan

Osteguna, uztailak 7: 34.151 lagun

Ostirala, uztailak 8: 33.427 lagun

Larunbata, uztailak 9: 35.287 lagun

Guztira, Kobetamendira bertaratutakoak: 102.865 lagun

 

Bilbao BBK Live 2017, hamabigarrena

Gaurtik aurrera datorren ediziorako sarrerak eros daitezke, 80 eurotan (+ gastuak) www.bilbaobbklive.com webgunean. Hamabigarren Bilbao BBK Live 2017ko uztailaren 6an, 7an eta 8an ospatuko da, ohi bezala Kobetamendin.