Zinebik aurrera jarraitzen du ekoizpen propioaren eta euskal ikus-entzunezko lanen sustapenaren aldeko apustuarekin, oraingo honetan Larraitz Zuazo zuzendari bilbotarrak zuzenduko duen proiektu dokumental berriarekin. Jaialdiak sustatzen duen laugarren lana da, Errautsak, Distantziak eta Bilbao Bizkaia – Exterior Dia film kolektiboen ondoren.
Nosotras, mujeres de Euskalduna dokumentalak, Euskalduna Ontzioletako Emakumeek (AME), ontziolen jarraipenaren alde, 1983 eta 1988 urteen artean Bilbon aurrera eraman zuten borrokaren oroimena berreraiki nahi du. Beste mota bateko oroimena, borroka galduaren zamatik haraindi, langileen borrokan parte hartze zuzena izatetik sortu ziren kontzientzia hartzea eta ahalduntzea, eta ia erabat gizonezkoek osatutako ingurune hartan, emazte eta ama baino gehiago emakume izatearen eta norberaren burua emakume gisa aldarrikatzearen zailtasuna erakusten dizkiguna.
Territorios y Fronteras proiektuaren ekimenez Zinebik ekoizten duen dokumentalak ETBren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza ere badu, eta helburua, desagertuz ari den Bilbo horren oroimenaren parte bat berreskuratzea du. Horrez gain, oso modu berezian egin nahi du, orain arte eremu horren inguruan zabaldu direnen desberdina den ikuspuntua eta narrazio ardatza proposatuz: lantegiaren eta lanpostuaren defentsan langileen borrokarekin bat egin zuten emakumeena.
Emakumeen borroka hura 1984ko udazkenean hasi zen gorpuzten, eta une gorena, azaroaren 30ean ontziolan bertan egin zuten 24 orduko itxialdiarekin heldu zen. Hala ere, historiaren ikuspuntutik garrantzirik gabekoa dirudien ekintza horrek, denboraren dimentsioa gainditzen duen eta garai hartako eta gaurko gizarteaz hitz egiteko aukera ematen digun balio sinboliko handia biltzen du.
Larraitz Zuazo zinegile bilbotarrak zuzentzen du errodatze prozesuan dagoen eta azaroaren 18tik 25era egingo den Zinebiren hurrengo edizioan estreinatuko den dokumentala. Larraitz Zuazok 10 urte baino gehiago daramatza ikus-entzunezkoen munduan murgilduta. Bere lehenengo dokumentala, Por, 2004an zuzendu zuen, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan Sorkuntzako Dokumentalaren Teoria eta Praktika Masterra amaitu eta gero.
Beti egon da dokumentalaren munduarekin lotuta, eta proiektu hauetan hartu du parte egile eta muntatzaile gisa: Ordago a la Pequeña (2016), Itsasoari Begira (2015), Distantziak (2015), Errautsak (2014), Lantanda (2014), Nuptse eta Logtse; gailurretik haratago (2014), Encuentros de las mujeres escritoras de Donostia, 25 aniversario (2012). Halaber, lan asko egin du telebistan, eta medio horretan egin dituen proiektu azpimarragarrien artean hauek aipa ditzakegu: Herri People (2015), Ongi Etorri (2013), Kerman Mintzalagun Bila (2008-2010), eta Betizu (2005-2008).