"Edonolako eraso sexistei" aurre egiteko deia luzatu die Bilboko Udalak herritarrei: "Inolako tolerantziarik ez agertzeko" eta "ekintza horiek zigorrik gabe ez uzteko" eskatu die. Adierazpen instituzionalean Udalak zehazten duenez, "ekintza horiek salatu behar ditugu, ez ditugu baimendu behar eta haien aurrean ezin gara isildu; aitzitik, gure babesa erakutsi behar diegu jasaten dituztenei, hitz batean, banakako eta taldeko erantzukizuna gure gain hartu behar dugu eraso matxisten aurrean".
Genero Indarkeriaren alorrean Arretarako eta Prebentziorako Programaren udal zerbitzuak horietaz baliatu behar dituztenen esku jarriko ditu Udalak, "arreta osoa eta espezializatua eskaintzeko asmoz".
Erasoa eta atxiloketa
19 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Bilboko Udaltzaingoak larunbat gauean Kobetamendin, BBK Live jaialdian emakume bati sexu erasoa egitea egotzita.
Hainbat lekukoren arabera, erasotzaileak ukituak egin zizkion kontzertu batean publiko bezala zegoen emakumeari. Ustez, barruko arropen azpitik eskua sartu eta bularrak ikutzen hasi zen. Erasoa, emakumearen lagunen aurrean izan zen; hauek gertatutakoa salatu eta erasotzailea identifikatzen lagundu zieten poliziei.
Atxilotu zutenean, Miribillako komisaldegira eraman zuten. Igandean epailearen aurretik igaro zen eta honek, kargupean aske utzi zuen; orain epaiketaren zain dago.
PLES sindikatuaren salaketa
Poliziaren eta Larrialdietako Euskal Sindikatuak salatu duenez, BBK Liven lehen aldiz erabili zen salaketak jasotzeko furgoneta, elektrizitate gabe geratu zen goizaldean eta ondorioz, ordenaigailuek zein inpresorak ez zuten funtzionatzen. Hau da Udalak, jendetza biltzen den egunetarako erabilgarri jarri dituen hiru furgonetetako bat (180.000 euro inbertitu ditu bakoitzean).
Jaialdian parte hartu zuten lagunek, lapurreta, eraso edota edozein ezbeharren aurrean, bertara jo behar zuten Udaltzaingoaren aurrean salaketa jartzera;elektrizitate faltagatik, kotxeetan Miribillako komisaldegira hurbildu behar izan zituzten.
Guzti honen aurrean, sindikatutik salatu dute "irudi kanpaina bat baino ez dela"; zerbitzuak "ez duela kalitatea bermatzen" eta pertsonal falta dagoela.