Udalak, 'Udako Liburutegiak' programaren beste edizio bat jarriko du martxan gaurtik hasita, uztailak 15, Txurdinagako eta Errekaldeko igerilekuetan. Ekimen horren bitartez, Udal Liburutegi Sareak liburuak eta aldizkariak jarriko ditu guztien esku, eta umeei zuzendutako irakurketa sustatzeko jarduerak gauzatuko ditu.
Kultura Sailaren ekimen horren helburu nagusia, herritarrek liburuekin eta irakurketarekin bat egiteko dituzten aukerak zabaltzea da. Horrela, ohiko zerbitzuez gain (kontsulta, liburuen mailegua, CD-ak, DVD-ak, hemeroteka, internet, etab.), liburutegiak kalera irtengo dira udan, Bilbao Kirolaken esku dauden Errekaldeko eta Txurdinagako kiroldegietan eguzkia hartzeko lekuetan eta igerilekuetan dauden erabiltzaile guztiengana irakurketa hurbiltzeko, goizeko 11:30etik arratsaldeko 19:30era bitartean.
Programa horren bitartez irakurketa zerbitzua eskainiko da, eta horretarako liburuak –eleberriak, haur eta gazte literatura, auto-laguntzako liburuak…–, eguneroko prentsa eta aldizkariak jarriko dira guztien esku.
Horrez gain, igerilekuetatik liburuen mailegu zerbitzua ere erabili ahal izango da. Horrela, irakurleek etxera eraman ahal izango dituzte interesatzen zaizkien liburuak, ezarriko den epearen barruan aisia gunean bertan itzultzeko baldintzarekin, Euskadiko Irakurketa Publiko Sareko edozein liburutegiko karneta eskainiz. Karnet hori ez duten pertsonek bertan jaso ahal izango dute eskari orria, Bilboko Udal Liburutegi Sareko edozein liburutegitan entregatzeko, bete eta gero. Ohikoa denez, jarduera horien barruan irakurketa sustatzeko tailerrak ere gauzatuko dira, umeei zuzenduta.