Urgentzia ekologikoa eta larrialdi sozialari erantzuteko alternatibak eraikitzea xede

uriola.eus 2016ko uzt. 13a, 13:08

Argazkia: facebook.com/alterecosoc

Irailaren 23, 24 eta 25ean Bilbon ospatuko den Nazioarteko Topaketa Ekosozialisten III. edizioa aurkeztu dute "egungo funtsezko diren bi erronka bakarrean bildu nahian": urgentzia ekologikoa eta larrialdi soziala. Biei ala biei alternatibak bilatzea izango dute xede topaketetan. "Pixkanaka", mundu-mailan, "alternatiba horiek eraikitzen eta berau aurrera ateratzeko sareak osatzen ari gara", adierazi dute gaurko agerraldian.

Humanitatea "bidegurutzean" dagoela ohartarazi dute iraileko Bilboko hitzordua prestatzen ari diren mugimendu politiko, sindikal eta sozialetako kideek: "Edo sistema ekonomiko eta politikoa aldatzen dugu edo hondamendira goaz". Hondamendiaren sustraian "kapitalismo heteropatriarkala" kokatu dute. "Etenik gabe metatzearen dinamika hedakorrean, kontsumismoan eta merkantzien fetitxismoan oinarritzen den ekoizpen, birsorkuntza, banaketa eta kontsumo sistema".

Gaurko deialdiarekin bat egin duten norbanako eta eragileen aburuz, krisiari sistema kapitalistak emandako erantzunak "konponbide faltsuak" direla uste dute. "Finean, planetaren suntsipenaz baliatzen diren negozio eredu berriak baitira". Adibidetzat aipatu dituzte: kapitalismo berdea, garapen iraunkorra, karbonoaren merkatua, energia nuklearra, TISA edo TTIP tankerako komertzio askeko hitzarmenak, hirigune handien mesederako, lurraldearen (des)ordenamendua, lurrak esku gutxitan pilatzea, nekazaritza industriala, azpiegitura erraldoi suntsitzaileak, gehiegizko erauzketak, eta abar. 

Sistema politiko eta ekonomikoari alternatibarik ez dagoela "sinestarazi nahi digute", adierazi du Manuel Garí Fundación Viento Surreko kideak eta Ekosozialisten II. Topaketen antolatzaileetako batek. Baina azken urteetan, "ehunka" esperientzia, proiektu eta alternatiba sortu dira munduan zehar: "AEBn, Keystone XL Ubidearen aurkako mobilizazioak, Parisko bilkuraren (COP 21) testuinguruan eginak, TTIParen kontrako mugimendua edo justizia klimatikoa aldarrikatzen duena alternatiba honetan sinisteko itxaropena dira".  

 

Euskal Herrian

"Ekintzaile belaunaldi berri bat" eta "erresistentzia forma desberdinak" jaiotzen ari direla azpimarratu dute gaurko agerraldian ELAko Txiki Muñozek eta LABeko Ainhoa Etxaidek. Euskal Herrian ere "esperientzia eta proiektu alternatiboak dauzkagu, baina arau kapitalista indartzen duten salbuespenak bihur ez daitezen, kontzientzia ekosozialista sortu behar dugu eta benetako eraldaketa lortu asmoz indarrak metatu behar ditugu", azpimarratu dute. "Herri erakunde eta botere ekonomikoen arteko harreman bihurriekin bukatu behar dugu, beste eredu instituzional bat indarrean jarriz, herritarren ongizatea lehenetsiko duena, eta merkatu eta espekulatzaileen aurretik, interes kolektiboak hobetsiko dituena, lanak lehentasuna izan dezan kapitalaren aurrean. Garaia da, herriek euren burujabetza indarrean jarriz gaur egungo egoera aldatzearen ardura har dezaten. Emari ekosozialista eta feminista sortzeko garaia, suntsipen aroa aldatuko duena".

 

Bi ardatz

Eztabaidarako bi ardatz proposatu dituzte. Lehenengoa, "urgentzia ekologikoaren eta larritasun sozialaren aurrean trantsizio ekosozialistak" eta bigarrena "Troika ala Europako herriak: demokrazia, burujabetza eta justizia soziala".

Sistema kapitalistaren "eraldaketa sakona" ardatz duen herritarren gehiengoaren babesa lortu nahi dute eztabaidaren bitartez, eta gehiengo horrek "bere gain har dezala" eraldaketa sakona. Horretarako, mugimendu politiko, sindikal eta sozialetako kideek jakin badakite lana koordinatzea eta mobilizazio eta lan amankomunak programatzea funtsezkoak direla. "Beste batzuen artean, COP-21 delakoaren ondorengo eta Europarako B Planaren ekimenetatik eratorritako mobilizazioen agendetan koordinatu eta bertan txertatu nahi dugu geure burua", aipatu dute. 

Gaur goizean azaldu bezala, "gure proiektu ekosozialistan, eta beraz antikapitalistan, jendarte parekide, iraunkor eta antipatriarkal bateranzko norabidean lerratu nahi duten pertsona eta mugimendu orok du lekua".

 

Irailean topaketa Bilbon

Genevan 2014ko urtarrilean izan zen Ekosozialisten I. Nazioarteko Topaketa eta 2015ean Madrilen bigarrena. Topaketei Bilbon 2016ko irailean -23tik 25era- emango diote jarraipena antolatu duten hirugarren edizioarekin. Antolakuntzan ari dira Euskal Herriko, Estatu Espainiarreko, Suitzako eta Europako beste herrialde batzuetako mugimendu sozial, sindikatu eta erakunde politiko desberdinetako pertsonak.

  

Deialdiaren lehen sinatzaileak

Nazioartean: Alfons Perez (ODG, Països Catalans), Amaia Pérez Orozco (Eje de Precariedad y Economía Feminista, estado español), Christine Poupin (CGT et NPA, France), Christophe Aguiton (ATTAC, France), Conrad Kunze (Rosa Luxemburg, Deutschland), Daniel Süri (eskisto-gasaren aurkako kolektiboa, Suitza), Daniel Tanuro (LCR-SAP, Belgique), Elizabeth Peredo (Fundación Solón, Bolivia), Éric Toussaint (Belgique), Jordi Roca (Universitat de Barcelona, Països Catalans), Jorge Riechmann español), Juan Tortosa (SolidaritéS, Suitza), Manuel Garí (Fundación Viento Sur, estado español), María Eugenia Rodríguez Palop (Universidad Carlos III, estado español), Marianne Ebel (Emakumeen Mundu Martxa, Suitza), Nicolas Haeringer (350.org, France), Pascoe Sabido (Corporate Europe Observatory, Belgique), Payal Parekh (350.org, Suitza), Tadzio Mueller (justizia klimatikoaren aldeko aktibista, Deutschland), Tchenna Maso (MAB, Brasil), Txetx Etcheverry (Bizi! Mugimendua, Euskal Herria), Vincent Gay (Ensemble, France), Yayo Herrero (Ecologistas en acción, estado español), Zoe Konstantopoulou (Grezia). 

Euskal Herrian: Adolfo Muñoz, Txiki (ELA), Ainhoa Etxaide (LAB), Ayem Oskoz (Alternatiba), Dani Maeztu (Aralar), Iratxe Alvarez (ESK), Jose Angel Elgezabal (Antikapitalistak), Marije Etxebarria (Steilas), Miren Zabaleta (Sortu), Purificacion Perez (Mugarik Gabe), Ricardo Hernandez (Hitz & Hitz), Rosa Lago (Ekologistak Martxan), Rosa Martinez (Equo), Xabier Benito (Podemos).

 

EcosocBilbo

@AlterEcoSoc

facebook.com/alterecosoc

alterecosoc.org