Yolanda Diez Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak azaldu duenez, "gure esku dago uda ahalik ondoen aprobetxatzea"; horretarako, elikatzeari eta kontsumoari buruzko hainbat aholku eman ditu:
1. Murriztu eguzkitan egoteko denbora
Murriztu eguzkitan egongo zaren denbora, azalak jasotzen duen kaltea pilatu egiten baita. Izpi ultramoreen azpian gehiegi egoteak epe luzaroan ekar ditzake ondorioak, adibidez azala behar baino lehen zahartzea (orbanekin eta zimurrekin), bai eta larruazaleko minbizia ere.
Ez da gomendagarria egunean ordubete baino gehiago eguzkitan egotea eta hondartzan egun osoan egongo bazara, kamisetak eta kapelak erabili babesteko.
2. Erabili eguzkitik babesteko kremak
Beti erabili behar ditugu. Eguzkitik babesteko faktorea aukeratzeko, azal mota eta azal horrek eguzkitan egon ondoren daukan erantzuna aztertu behar dira. Eguzkitan jarri baio 30 minutu lehenago eman behar da krema, modu uniformean eta gorputz osoan. Aholku ona da etxean ematea, hondartzara edo igerilekura joan baino lehen.
Eguzkitik babesteko faktorea edo larruazal-mota alde batera utzita, krema ordu bitik behin eman behar da, bai eta luzaroan bainatu ondoren ere.
Umeei dagokienez, fotobabesaz gain, kontuan izan behar da 6 hilabetetik beherako umetxoak ez direla eguzkitan jarri behar; urte bi eduki arte eguerdiko orduak saihestu behar dira. Beste alde batetik, ez ahaztu inoiz umeei ur asko ematea.
3. Begiak ere babestu behar dira
Ikusmena asko kaltetu daiteke eguzkitan luzaroan egoteagatik, korneako lesioak eta beste lesio handiagoak sor ditzakeelako. UV iragazki homologatuak dituzten betaurrekoak erabiltzea gomendatzen da eta hegal zabaleko bisera duten txanoak.
4. Babestu tenperatura altuetatik
Normalean, gorputzaren tenperatura azalak transpiratzeko dauzkan mekanismoei esker mantendu ohi da; hala ere, luzaroan tenperatura altuetan egonez gero, batez ere giro hezeetan eta haizerik ez dagoenean, kontrolerako mekanismo horiek huts egin dezakete eta intsolazioa gerta daiteke.
Intsolazioa gertatzen denean, azala beroa eta oso lehor egongo da, gorputzaren tenperatura igo egingo da, bihotzaren erritmoa igo egingo da, eta buruko mina agertuko da; baliteke kontzientzia-maila ere aldatzea. Sintoma horiek agertzen badira, ezinbestekoa da mediku baten laguntza eskatzea eta, bitartean, biktima gerizpetan jartzea, aireztapen onarekin, zapi hezeak jartzea bere gainetan eta edaten ematea, ez badu konortea galdu.
5. Ariketa fisikoa neurrian egin
Ariketa fisikoa beti da gomendagarria baina sasoi honetan ez da komenigarria oso ariketa indartsuak egitea, izerdi asko ematen delako eta ura galtzen delako; horrek ahultasuna eta muskuluetako karranpak eragin ditzake (gatz mineralak galtzen direlako). Sintoma horiek agertzen badira atseden hartu eta ura edan behar da (urari koilaratxokada bat gatz botako zaio litro bakoitzeko).
60 minutu baino gehiago egon bagara ariketa egiten, 15 minutuan behin ur apur bat (150 zentimetro kubiko) edatea komeni da, deshidratazioa saihesteko. Urak glukosa badauka (25 gramo glukosa litro bakoitzean) glukogenoaren erreserbak ez dira hain arin gutxituko eta nekea ez da hain handia izango.
6. Aurrea hartu istripuei
Hondartzan kasu egin behar zaie banderen seinaleei eta itsasertzeko lerrotik gertu bainatu behar da, korronteetan sartu barik.
Igerilekuetan, lekurik arriskutsuenak igerilekuaren inguruko perimetroa, zintarriak eta zokaloak, tranpolinak eta igerilekuaren hondoko eskailerak dira. Beraz, arreta handiz jokatuko dugu horiek erabiltzen ditugunean eta adingabekoek helduren batek lagunduta egon behar dute igerilekuaren gune barruan.
Ez da murgilketa zakarrik egin behar giroko tenperaturaren eta uraren tenperaturaren artean alde handia dagoenean, digestio-etendurarik ez izateko. Uraren tenperaturara apurka-apurka egokitu behar da.
Oso goitik txonboa eginez gero, kontu handiz ibili behar dugu, traumatismo larriak eragin ditzakeelako.
Azkenik, ezin da pertsona bat utzi (are gutxiago umea edo adinekoa bada), ezta animalia bat ere eguzkitan dagoen ibilgailu itxi baten barruan.
7. Bidaiak
Gaixotasun kutsakorrak hartzeko arriskua dagoen herrialdeetara joango diren pertsonek informazio egokia bilatu behar dute neurri higienikoei eta txertoei buruz, bisitatuko duten lekuaren eta baldintza pertsonalen arabera.
8. Eduki hidratazio egokia
Udako hilabete beroetan, dietak eta jarduera fisikoak lagundu dezakete osasun-egoera hobetzen, baita aisialdiaz modu atseginagoan eta gogo-betegarriagoan gozatzen ere. Dena dela, udaz modu osasungarrian gozatzeko, Osasun eta Kontsumo Sailak gorputza behar bezala hidratatuta eduki behar dugula gogorarazi gura du.
Bero egiten duenean, aireko jarduera fisikoak eginez gero, galdutako likidoak gorputzari emateko behar handiagoa egoten da; beraz, nahiz eta egarri ez izan, ohi baino likido gehiago edan behar dugu. Ariketa egiten hasi aurretik, egin bitartean eta egiten amaitu ondoren edatea komeni da. Ura eta sasoiko frutez egindako zuku naturalak dira hidratatzeko aukerarik onenak.
Umeek eta adinekoek zaintza bereziagoa behar dute. Zehatzago, eguzkitatik babestuta egon behar dute bero egien duen lekuetan eta sarritan edan beharko dituzte likidoak eta edari freskoak.
Animaliek ere sarriagotan edan behar dute eta eguerdi aldean eta bero gehien egiten duen orduetan espazio lehor eta freskoan atsedena hartzea komeni zaie.
9. Elikadura egokia
Udako klimak merkatuan fruta eta barazki asko egotea dakar. Horiek izan daitezke dieta osasungarria eta orekatua edukitzeko oinarria, dentsitate energetiko urrikoak eta ur eta substantzia antioxidatzaile asko dituztelako: Egunean hiru pieza fruta eta pieza bi edo gehiago barazki eta ortuari jatea gomendatzen dute adituek.
Frutak oso egokiak dira hidratazioari begira eta bitamina, mineral eta substantzia antioxidatzaile askoren ekarpena egiten digute. Gainera, beltzaran kolorea lortzeko prozesuan lagungarriak dira eta erradikal askeei zein izpi ultramoreei aurre egiteko ere bai.
Beste alde batetik, beroarekiko oso sentiberak diren elikagaiei dagokienez, hotz kateari eustea eta prestatutako edo berotutako elikagaien tenperatura modu egokian kontrolatzea oso garrantzitsua da. Zalantzak edukiz gero, hobe da susmagarria den edozein elikagai ez jatea.
10. Kontuz ibili online bidaiak kontratatzerakoan
Kontratazioa egin aurretik prezioak alderatzea komeni da, baita zer dagoen kontratuaren barruan eta zer ez: zein zerbitzu kontratatzen ditugun eta zeintzuk ez, aseguruak, koste gehigarriak, kontratua ezerezteko politika. Prezio osoa eta desglosatua eskatzea komeni da, baita kontratuaren bidezko harremanak egiazta dezakeen bidaiari dagokion dokumentazio guztia gorde ere (erreserba, faktura, publizitatea, aseguru-polizak, …).
Gainera, webgunea segurua dela ziurtatu behar dugu (webgunearen URL-ren hasierak https:// izan behar du, eta beheko aldean giltzarrapoaren sinboloa agertu); bita kontratatuaren enpresa identifikatu ere (harremanetarako haren datuek agertu behar dute). Komeni da kontratua ezereztatzeko politikaz informatzea, baita ikustea horrek zein gastu dakarren, kontratuaren barruan zein zerbitzu dauden eta zeintzuk ez eta gastu gehigarriak zeintzuk diren ere. Ibilgailuak alokatuz gero, arrisku orotako eta frankiziarik gabeko poliza hartzea komeni da; ez fidatzea eskaintza erakargarriegiez eta merkeegiez; helbide elektroniko edo telefono-zenbaki bat ematea enpresak kontratatutako bidaiari buruzko informazioak bidali ahal izateko.