Bi autobus abiatu dira gaur, hilak 15, Bilbotik Bartzelonara. Bertan izango du lehenengo geltokia 'Mugak zabaltzen' izeneko karabanak eta bertan batuko zaizkio beste hiru autobus. Hurrengo egunean, eguerdian, Marsellara helduko dira eta arratsaldez Milanera. Hurrengo egunean, Kroaziako hiriburu den Zagrebera eta azkenik, hilaren 18an, Greziara, Telasonikara hain zuzen ere. "Espero dugu karabana luze-luzea heltzea Greziara", diote Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideek, karabanaren sustatzaileek.
Bai bidean bai Tesalonikan "errefuxiatuen egoera eta Europak duen politika" salatzea dute helburutzat karabanako partaideek. Besteak beste, Tesalonikako unibertsitatean lau eguneko kongresu batean parte hartuko dute, tailerretan eta asanbladetan, Grezian bat egingo duten kideekin batera.
Europako agintariek adierazi ez dieten elkartasuna adierazi nahi diete Grezian harrapatuta geratu diren milaka errefuxiaturi: "Larriena zera da, pertsona horiek euren bizitza jokoan jarri dutela horraino iristeko, ez bakarrik itsasoan, itsasora iritsi baino lehen ere hainbat ezbehar pasatu dituzte. Une honetan preso daude irtenbiderik gabe eta, nolabait esateko, etorkizunik gabe. Horregatik uste dugu hain beharrezkoa dela hara joatea eta jende horri gure elkartasuna adieraztea", azaldu dute plataformako kideek.
"Beharrezkoa" iruditzen zaie herritarren mobilizazioa, gobernariak mugituko badira. Beharrezkoak iruditzen zaizkie Bilbotik Greziara joango den karabana bezalako ekintzak gauzatzea: "Politikariek erabaki bat edo beste hartuko dute euren herritarrak mugitzen diren arabera; hor dago koska".