38 talde aukeratuak

uriola.eus 2016ko uzt. 15a, 16:35

Argazkia: www.concursovilladebilbao.com

Bilbo Hiria Pop Rock Lehiaketako 28. edizioan parte hartuko duten 38 taldeen izenak ezagutzera eman dituzte. 

Zehazki, aurten 24 talde izango dira Pop-Rock modalitatean, 10 talde Metal atalean eta 4 Elektronika eta Beste Joera Batzuk modalitatean.

Taldeak hainbat lekutakoak dira, besteak beste, Euskal Herria, Frantzia, Madril, Bartzelona, Tarragona, Nafarroa, Leon, Cadiz, Malaga, Errioxa, Cuenca, Albacete, Alacant, Valentzia eta Zaragozakoak.

Lehiaketaren webgunean (www.concursovilladebilbao.com) ikus eta entzun daitezke aukeratutako taldeak. Talde horiek zuzenean arituko dira Bilborock aretoan irailean, urrian eta azaroan. Era berean, webgunean bestelako informazioa jaso eta sailkapenerako kontzertuen eta finalisten jarraipena egin daiteke.

 

626 taldek eman dute izena

Aurten 626 taldek eman dute izena lehiaketan parte hartzeko. Kategorien arabera, 462 talde izan dira Pop-rock atalean, 122 Metalean eta 42 Elektronika eta Beste Joera Batzuk modalitatean. Jatorriari begiratuz gero, Euskal Herriko taldeak %18 dira, estatukoak %75 inguru (batez ere Madrilekoak eta Kataluniakoak), eta atzerrikoak %6.

Bilboko Udalak antolatzen du Bilbo Hiria Pop-Rock Lehiaketa, 18 eta 35 urte bitarteko Europako gazteen musika taldeentzat, hasten ari diren taldeen eta bakarlarien musika sustatzeko eta zabalpena emateko, esperientzia eta oholtzak estatuko eta atzerriko beste talde batzuekin partekatzen duten bitartean. Lehiaketa hau erreferentzia bihurtu da Europako musikaren arloan.

Bilbo Hiria Pop-Rock Lehiaketak eskaintzen dituen pizgarrietako batzuk dira talde irabazleentzako sariak (dirua, instrumentuak, kontzertuetan jotzeko aukera eta zabalpena), ikusleentzako opariak eta sormen-lan berriak ezagutzeko aukera.