Operatibo berezia abiatuko dute Aste Nagusiari begira segurtasuna eta normaltasuna bermatzeko

uriola.eus 2016ko abu. 10a, 13:10

Datorren larunbatean, abuztuak 20, Mari Jaia Arriagako balkoira aterako da Patxo Telleriak pregoia bota eta Gisele Felli Gorritxok txupina jaurti eta berehala. Orduan festak eztanda egingo du Bilbon 9 egunez. Urtero bezala, udaleko hainbat sail eta zerbitzuk koordinatuta egingo dute lan jaia behar den moduan garatzea bermatzeko eta jaiguneen ondoan bizi diren auzokideen bizi-kalitatea ere zainduz.

Trafiko aldaketak areatza inguruan

Segurtasuna dela eta, Areatzako jai-esparru osoan –Zingirakale, Epaltzaren Alarguna, Areatza, Erribera eta Areatzako Zubia kaleek osatzen dutena– aldaketak egongo dira trafikoan. Txosnen eta saltokien ondoko galtzadak okupatuta egongo direnez, zirkulatzeko bi bideak ezin dira segurtasunez erabili.

Hala, abuztuaren 14ko domekaren 08:00etatik aurrera eta 30eko martitzenaren 15:00ak arte zirkulatzeko noranzko bakarra egongo da Zingirakale eta Epaltzaren Alarguna kaleetan, eta Udaletxeranzko zirkulazioa etenda egongo da behin-behinean. Epaltzaren Alarguna 1-ean dagoen Bilbobuseko geralekua Estufa kalearen eta San Nikolasen artean dauden aparkalekuetara aldatuko da. Azkenik, abuztuaren 15eko astelehenetik hilaren 30eko martitzenera arte, biak barne, kendu egingo da Bailen kaleko Bizkaibuseko abiaburu-geralekua. Beraz, Hurtado Ametzaga kaleko abiaburua Garcia Salazar kaleraino luzatuko da.

Horrez gain, abuztuaren 18ko (eguena) 08:00etatik abuztuaren 30eko (martitzena) 15:00ak arte, trafikoa erabat etengo da jai-esparruko kaleetan (Zingirakale, Epaltzaren Alarguna, Areatza eta Erriberan), eta dagokion udal baimena daramaten ibilgailuak eta Areatzako aparkalekura sartu behar dutenak soilik ibili ahal izango dira bertatik, beti ere Udaltzaingoaren irizpideei jarraituta. 

Areatzako jai-esparrura baimendutako ibilgailuak Zingirakaletik sartuko dira (Ernesto Erkoreka plazatik) eta Erribera kaletik irten. Jai-esparruan ezin izango da ibilgailurik aparkatu, zamalanetarako orduetan izan ezik.

Aste Nagusiko arratsalde-gauetan (hilaren 20ko zapatutik 28ko domekara arte) mugatutako jai-esparru hori ondoko eremu batzuetara zabalduko da, ondoren zehaztutako moduan:

- Plaza Biribila, 21:45etik hurrengo eguneko 08:00ak arte zapatu eta domeketan, eta 21:45etik hurrengo eguneko 07:00ak arte astelehenetik bariku arte). Plaza Biribila trafikorako itxita dagoen bitartean, Aiala kalearen noranzkoa aldatu egingo da garraio publikoa ibili ahal izateko.

- Bailen: kale honen azken zatia trafikorako itxita egongo da (Naxatik Nafarroa kaleraino) hilaren 20ko zapatutik 28ko domekara arte, 19:00etatik hurrengo eguneko 07:00-08:00ak arte, Plaza Biribilean egingo den moduan. Trafikoa Bailen kaletik San Frantziskorantz desbideratuko da. Hilaren 26an, barikuan, Aste Nagusiko Herri Krossa dela-eta, zirkulazioa lehenago itxiko da, 18:30ean. 

Eguneroko aldaketak jai ekitaldiengatik

Suziriak

21:45etik aurrera eta oinezko kopurua gutxitu eta trafikorako baldintza egokiak egon arte, trafikoa eten egingo da kale hauetan:

- Pio X –Ugaskoko tunelerako sarbidea, Maurice Ravel etorbideraino. 

- Errekalde zumarkalea, Moyua plazatik. Salbeko zubia, Maurice Ravel eta Zumalakarregi etorbidea -Zabalbideraino- barne hartuko ditu, garraio publikoarentzako izan ezik.

- Campo Volantin pasealekua, garraio publikoarentzako izan ezik.

Puntu horietan inguruneko egoiliarrek eta taxiek ibiltzeko baimena izango dute, unean uneko egoeraren arabera. Artxandako tunela ere moztu egingo da, Txorrierri-Salbe bidezatian.

Europa parkea

Europa Parkean gaur egungo taldeen kontzertuak egingo dira, abuztuaren 24ko eguaztenetik abuztuaren 27ko zapatura arte, biak barne. Kontzertu-gunera joateko, gau osoan ibiliko den metroa erabiltzea gomendatzen du Udalak. Basarrate eta Boluetako geltokiek, Europa parketik gertuago egoteaz gain, kontzertu-gunerako ibilbide seguru eta errazena eskaintzen dute. Zirko Amateurra kaletik aurrera joan behar da horretarako, Gabriel Aresti kaleraino. Taxi-geraleku bat ere jarriko da kontzertuen egunetarako, Gabriel Aresti kaleko 2an.

Zezenketak

Abuztuaren 20tik (zapatua) 28ra bitartean (domeka), Machin eta Concha jenerala kaleen artean Autonomiatik datorren zirkulazioa eten egingo da 17:30etik aurrera, hau da, zezenketak hasi baino 30 minutu lehenago. Auzokoen sarbidea Enrique Eguren kalean egongo da, joango den jende-kopuruak uzten duen bitartean. Gainera, debekatuta egongo da Ametzola plazan aparkatzea, eta mugikortasun urria dutenentzako aparkalekuak gordeko dira Garcia Salazar kalean, Ametzola plazarekiko gurutzean.

Txikigunea

Umeentzako esparrua Casilda Iturrizar parkean egongo da, Anselmo Clave kalearen inguruan. Abuztuaren 15eko astelehenetik irailaren 1eko eguena arte, biak barne, ezin izango da aparkatu kale osoan eta zirkulaziorako itxita egongo da, egoiliarren garajeetara sartzeko ez bada.

Zirkulazioari eragiten dioten beste jai ekitaldi batzuk

- Balearen desfilea: hilaren 21ean, domekan, 17:00etatik 20:45era bitartean, kaleak zirkulaziorako ixten joango dira bata bestearen atzetik Kale Nagusiaren eta zeharkako kaleen ingurunean, Plaza Biribiletik Jesusen Bihotzeraino. Azken plaza hori, dena den, trafikorako zabalik egongo da une oro. Zirkulazioa normaltzen joango da desfilea aurrera joan ahala. Desfilearen ibilbidea hauxe izango da: Plaza Biribila, Kale Nagusia, Jesusen Bihotza eta Anselmo Clave. Bestetik, Aiala kaleak El Corte Inglesen ondoko ezkerreko erreia galduko du 09:00etatik 15:00etara, eta 15:00etatik 18:00etara kale osoa erabat itxita geratuko da trafikorako, kamioi eta karrozak kokatzeko; Bilbobus eta Bizkaibuseko zerbitzuek baino ez dute pasatzerik izango.

- Aste Nagusiko Hiri Krossa: hilaren 26an (barikua) hasiko da zirkulazioari eragiten, 17:30etatik aurrera, eta Areatza, Uribitarte, Abandoibarra eta Euskalduna zubiaren arteko ibilbideari eragingo dio. Eremu horietan aldi baterako trafiko-etenak izango dira nagusien lasterketa pasatzerakoan. Bailen kalean jaietan egingo den trafiko-etena ordu erdi aldatuko da, eta 18:30era aurreratuko da.

- Goitiberen jaitsiera: hilaren 28an, domekan, trafikoa etengo da 10:00ak eta 15:30 bitartean Erribera, Zabalbide (Fika eta Erribera artean) eta San Anton zubiaren arteko zatian, garraio publikorako izan ezik (Bilbobus eta Bizkaibus). Antolakuntzakoak arduratuko dira, Udaltzaingoarekin batera, esparruan baimendutako ibilgailuei bidea emateaz.

- Traineruen estropada: hilaren 21eko domekan izango da, 11:00etatik 19:00etara. Horrek Deustuko Erriberan eta Uribitarte pasealekuan aparkatzeko leku batzuk (1-20 zenbakien artekoak) gordetzea ekarriko du.

Aldaketak Bilbobusen lineetan

Bilbobuseko 18 lineei eragingo die, gehiago edo gutxiago, jaietako trafiko-eten iraunkorrek. Ibilbideak ordutegiaren arabera egokituko dira, zirkulazioan eragiten duten ikuskizunak kontuan hartuta, adibidez su artifizialak, Balearen desfilea edo goitiberen jaitsiera, eta, behar denean, zerbitzu batzuen maiztasuna areagotu egingo da.

Hala, bariku nagusirako (abuztuak 26) bidaiari asko aurreikusten denez, Bilbobuseko zerbitzu osoa zapatu arrunt baten gisakoa izango da. 

Honako linea hauetan ere gehitu egingo da maiztasuna:

- 58 (Mintegitxueta-Atxuri), hilaren 26ko barikuan 15 minutuko maiztasuna izango du.

- 13 (San Ignazio – Txurdinaga), 15 minutuko maiztasuna izango du arratsaldetan.

- Modu berean, hilaren 20, 21, 26, 27 eta 28an, 03 (Plaza Biribila-Otxarkoaga), 27 (Arabella-Betolatza) eta 30 (Txurdinaga-Miribilla) lineek zapatuetako ohiko zerbitzua izango dute goizetan, eta arratsaldeetan lan-egunetako ohiko zerbitzua.

Horri dagokion informazio guztia ikusteko aukera egongo da geralekuetan bertan, 010 telefonoan (944 010 010, Bilbotik kanpo deituz gero) edo Udalaren webgunean: www.bilbao.eus/Bilbobus 

Autobusen gaueko zerbitzua

- Suen amaiera (Etxebarria parkea): Abuztuaren 20tik (zapatua) 28ra (domeka) bitartean, 03 linea (Plaza Biribila- Otxarkoaga) 10 minuturo aterako da 21:00ak eta 22:00ak bitartean, eta 15 minuturo 22:00etatik aurrera zerbitzua bukatu arte.

- Gautxoriak: Gauez, hilaren 19an (barikua) eta 28an (domeka) barikuko zerbitzuak eskainiko dira (auzoetarako azken irteera 02:00etan izango da). Hilaren 20ko zapatutik 28ko domekara arte, biak barne: G1-G3-G4-G5-G6 eta G7 lineek Aiala kalean izango dute abiapuntua, eta G2 eta G8 lineak, berriz, Ernesto Erkorekatik aterako dira. 

Gautxori lineak gau osoan ibiliko dira hilaren 20tik (zapatua) 28ra arte (domeka), eta ordutegi hau izango dute:

 

* Hilaren 23an (domeka), G1, G3 eta G8 Aiala 07:30ak arte eta G3 Larraskitu 07:40 arte.

Arinago ibiltzeko, Gautxori-lineetan ordainketa indarrean dauden txartelen bidez egingo da, ezingo da diruarekin ordaindu.

Taxiak

Programatutako ekitaldietara joateko zerbitzua eskaintzeko asmoz, geraleku hauek ezarri dira:

 

Areatzako eta Plaza Biribileko geralekuak kendu egingo dira jai-esparrua ezarrita den bitartean; gainera, Hurtado Ametzaga 1eko geralekua kendu egingo da Plaza Biribileko zirkulazioa eteten denean.

Abuztuaren 22tik (astelehena) 25era (eguena), Bilboko taxiek 2. Tarifa (jai-egunetakoa) aplikatzeko baimena dute, Euskadiko Prezioen Komisioak hala hitzartuta.

Bilbon Bizi

Zerbitzua bertan behera geratuko da hilaren 19ko barikutik 29ko astelehenera arte, egun biak barne. 

San Agustin eraikinean den zerbitzuaren bulegoa itxita egongo da Aste Nagusian.

Aparkatzeko jarraibideak

Jaiengatik trafikorako hainbat esparru itxiko direnez, aparkatzeko ohiko eremu batzuk aldatu egingo direla gogorarazi nahi die Udalak Bilboko erdigunera norbere ibilgailuan joango diren gidariei:

Jaiguneko aparkalekuak:

- Areatzako aparkalekurako sarrera Ernesto Erkoreka plazatik egingo da Aste Nagusi osoan, eta irekita egongo da jaien esparrura etorriko direnen segurtasuna bermatzeko neurriek eta jende kopuruak uzten duten bitartean.

- Egoiliarrentzako aparkaleku publikoetara (Plaza Barrian eta Prim-Dolaretxen daude) eta Erribera, Areatza eta Prim kaleko garaje pribatuetarako sarrera Zingira kaletik egingo da, eta zabalik egongo dira behar bezala akreditutako ibilgailuentzat; jaigunean biltzen diren pertsonen segurtasuna bermatzeko neurriek eta jende kopuruak hala uzten badute.

- Epaltza Alargunaren kaleko aparkaleku pribatuetara Zingira kaletik sartu beharko da, eta irten, berriz, Erribera eta Prim kaleetatik, eta zabalik egongo dira behar bezala akreditutako ibilgailuentzat jai-gunean biltzen diren pertsonen segurtasuna bermatzeko neurriek eta jende kopuruak uzten duten bitartean. 

Ametzola plaza: Aste Nagusian debekatuta egongo da aparkatzea. 

Hurtado Ametzaga: Bailen kalean zirkulazioa eteten denean debekatuta egongo da aparkatzea.

Anselmo Clave: abuztuaren 15etik 29ra bitartean aparkatzea debekatuta egongo da. 

Aiala kalea: Aste Nagusian debekatuta egongo da aparkatzea. 

Uriko hainbat kaleko aparkaleku-eremuetan terrazak instalatzeko behin-behinerako ematen diren baimenek eragina izango du TAO zerbitzuaren plaza-eskaintzan. 

Mugikortasun Urriko Pertsonentzako aparkalekuak. Sei erreserba-gune ezarri dira mugikortasun urriko pertsonek aparkatzeko, gune hauetan:

- Erribera kalea (jai-esparruaren ondoan) 

- Uribitarte (Aznar eraikinaren ondoan)

- Uribitarte, 22 zk.

- Amadeo Deprit (Etxebarria biribilgunearen ondoan)

- Ametzola plaza

- Hurtado Ametzaga (Salazar Jeneralaren ondoan)

Erripa kalea, Nafarroa eta Villarias kaleen artean, erreserbatuta egongo da akreditatutako komunikabideetako ibilgailuak aparkatzeko. Bailen kaletik sartu beharko dute bertara.

Herritarren segurtasuna

Udaltzaingoak segurtasun operatibo berezia antolatu du. Hiri osoan zehar hedatutako 300 udaltzain inguruk zainduko dute hiria, txandaka eta eguneko 24 orduetan. Jende gehien ibiliko den guneak zainduko dituzte bereziki.

Hala, Bilboko Udaltzaingoak ohiko patruilak indartuko ditu Bilboko hainbat lekutan, Ertzaintzaren laguntzarekin; esaterako Areatzan, Plaza Biribilean, Campo Volantinen eta inguruetan, Etxebarria parkeko barraketan, Abandoibarra eta Europa parkeko kontzertuguneetan, Zezen Plazan, Indautxun, Moiua plazan...

Komisaria guztietako ikuskaritzak hiria patruilatzen arituko dira Auzoko Polizia moduan, gerta daitezkeen delitu eta faltei aurrea hartzeko, behar denean berehala bertaratu eta sor daitezkeen eskaerei erantzuna emanez.

Horrez gain, agente batzuk kaleko jantziaz ibiliko dira jai-esparruan, oinez eta ezkutuan, kartera lapurretak eta borrokak ekiditeko. Era berean, ordena publikoa kaltetu dezaketen bestelako ekintzen inguruko informazio-lanetan arituko dira. Eta Indartze Taktikoko Ikuskaritzako patruila uniformedunek hiritarren segurtasuna indartuko dute jende pilatze handiak aurreikusten diren tokietara joanez, gerta litezken joera antisozialei eta delituzkoei aurrea hartzeko.

Era berean, aurreko urteetan bezala, udaltzainek legez kanpoko kale-salmenta, alegia Udalaren baimenik ez duena, kontrolatuko dute, osasun-kontrolaz kanpoko janari-mota galkor guztiak barne. Udaltzainen jomuga nagusia izango dira, eta, aurkitu ahala, konfiskatu eta merkatutik erretiratu egingo dituzte. 

Bestalde, Bide Segurtasunaren arloan, trafikoa erregulatzeko eta antolatzeko unitateek nahiz trafiko-istripuen argiketen unitateak, ohiko lanez gain, jaien programan antolatutako probak eta saioak egiteko behar diren mugarritzeak eta trafiko-etenaldiak egingo dituzte; esaterako, suzirietarako trafiko-etetea eta desbideratzea, Bilbobus Zerbitzuaren ibilbidea aldatzearen eta kirol-probak burutzearen ondorioz trafiko-etetea eta desbideratzea, Areatza-Erribera-Plaza Biribila ingurunea zirkulaziorako ixtea, etab. Trafiko-istripuak ere artatu eta lagunduko dituzte, gertatuz gero.

Alkoholemia eta droga-kontrolak indartzea

Aste Nagusi honetan, Bilboko Udaltzaingoak gidariei prebentzio modura egin beharreko alkohol- eta droga-kontrolak areagotuko ditu, jaietan kontsumoa igo egiten delako. Kontrol horiek kontzientziazio-kanpaina berri baten barruan egingo dira, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan garatuta eta Euskadiko Bide Segurtasuneko Plan Estrategikoak zehaztutako Estrategia eta Kontrol Planaren barruan.

Era horretan, mota guztietako bideak zainduago egongo dira, batez ere zirkulazio handiko bide-sareko puntuetan (hiri barruko eta hiriarteko bideak). Helburua da arrisku handieneneko faktoreetako bati aurrea hartzea; izan ere, trafiko-istripuetan hildakoen %30 arrazoi horrengatik izaten da.

Nora joan arazoren bat izanez gero

1. Salaketa jaso Udaltzaingoan

- Miribillako Komisaria Nagusian: egunero, 24 orduetan zehar.

- Udalaren Ikuskaritzako Komisarian -Bilboko Udaleko beheko aldean, ezkerraldean: egunero, 24 orduetan zehar.

2. Beste gertakari batzuk

- Begoñako (Otxarkoaga) Komisarian, Udaleko Komisarian eta Miribillako Komisaria Nagusian, edozein herritarrek noiznahi jo dezake horietara zerbitzu eske. Horrez gainera, Bilboko Ertzaintzako komisarietara ere joan ahal izango da (Deustun, Zabalburun eta Maria Diaz de Haro kalean).

3. Herritarren arretaratko unitate mugikorra

Aipatutako herritarren arretarako gune finko horiez gain, unitate mugikor batzuk egongo dira salaketak jarri ahal izateko edo beste gertakari batzuez abisatzeko. Honako leku hauetan egongo dira:

- Barraka gunean (Etxebarria parkea), arratsalde eta gaueko ordutegian.

- Plaza Biribila-Hurtado Ametzaga eremuan, arratsalde eta gaueko ordutegian.

Suhiltzaileak eta anbulantziak

Zentro Mediko Aurreratu bat egongo da jaietarako esparruan, osasun-larrialdiak artatzeko. Zentro hori Abandoko geltokiaren atzealdean kokatuko da. Zerbitzuak hiru anbulantzia izango ditu –horietariko bat erizaintza-zerbitzua duena-, osasun-teknikariak eta medikuak, jende gehien dabilen orduetan.

Oinarrizko asistentzia ematea errazteko edo larrialdietan osasun-zentro batera eramateko, Bilboko Udalak anbulantziak eta osasun-langileak bidaliko ditu baita Europa parkeko eta Abandoibarrako kontzertuen eremuetara. Eta sorospen-postu bat eta oinarrizko bizi-euskarria daukan anbulantzia ere egongo dira Etxebarria parkean, barraketako ordutegia hasten denean.

Udaleko ur sorospen-ontzia, bere aldetik, 24 orduz eta Aste Nagusiko egun guztietan ariko da lanean Deustuko zubiaren azpiko pantalanetik, Deustuko Suhiltzaileen parkean, Itsasadarraren aldean segurtasuna bermatze aldera.

Abandoibarran kontzertuak diren bitartean, berriz, urpekari-taldea ibiliko da Itsasadarraren bi eremu horien artean.

Bilbao Turismo bulegoen ordutegi zabalagoa

Aste Nagusian, Bilbao Turismok ordutegi zabala izango du eta hiriaren premietara egokituko du. Ordutegia hau izango da:

- Plaza Biribileko Bulegoa (Terminus eraikina): egunero 9:00etatik 21:00ak arte. 

- Guggenheim ondoko Bulegoa: egunero 10:00etatik 19:00ak arte.

Bilbao Turismoren bi bulego horietan Aste Nagusiari lotutako material hauek eskuratu ahal izango dira, turismoari buruzko informazio guztiaz gain:

- Jaietako programa, kartelak, etab.

- Jaietako lepoko zapi ofizialaren salmenta. Salmenta, Bilbao Turismok Plaza Biribilean eta Guggenheimen dituen bulegoetan egingo da. 

- Beste erakunde batzuek antolatutako programak eta ekitaldiak

Bisita gidatuak

Bilbao Turismok, jaien bederatzi egunetan, bi ibilbide eskainiko ditu oinezko bisita gidatuen barnean: 

- Zabalgunea eta Abandoibarra (irteera Bilbao Turismok Guggenheim alboan duen bulegoan, 12:00etan). 

-Zazpikaleak (irteera Bilbao Turismo bulegoko Plaza Biribiletik, 10:00etan).

Bisita bakoitzak ordu eta erdi iraungo du eta prezioa 4,50 € izango da.

Garbitasuna eta higienea

Udalak, ohi duen bezala, jaien hasiera eta txupinazoa garbiak izatearen aldeko apustua egin nahi du berriro ere; erabat baztertzen du zikintzeko eta pertsonei eta Bilboko jende guztien ondareari arrautza, irina eta likidoen nahasketa botatzeko ohitura. Udalak herritarrei dei egin nahi die guztiek jaiak baldintzarik onenetan gozatu ahal izateko lagundu eta parte hartu dezaten.

Udalak garbiketarako zerbitzu berezia aurreikusi du abuztuaren 20rako, egun horretan emango baitzaio hasiera Aste Nagusiari, Arriaga Antzokiko Txupin tradizionalaz. Ia hogeita hamar pertsona eta hamabi ibilgailu arituko dira lanean, ekitaldia amaitu eta gero, plaza ahalik eta azkarren garbi gera dadin. 

Hurrengo egunean, Balearen Desfilea amaitu ahala, 35 pertsonez eta 20 ibilgailu eta makinez osatutako lantalde bereziak ospakizun jendetsu honen hondakinak batuko ditu, eta Kale Nagusiaren inguruko kaleak txukun eta garbi edukiko dituzte.

Europa parkean, kontzertu-lekua egunero prest egoteko, abuztuaren 24tik 27ra bitartean 60 pertsona eta 14 ekipo mekaniko arituko dira bertan lanean.

Gaueko gehiegikeria saihestezinen ondoren, 264 pertsonek eta 117 ibilgailu eta makinek osatutako zerbitzu berezia arduratuko da, oro har, Aste Nagusiaren edizio honetan hiriko jai-esparrua garbi uzteaz. 

Garbiketa-taldeek ahalegin handia egingo dute goizeko 11:30erako jai-eremua garbi egon dadin; hala izateko, goizeko 07:00etan hasiko dira lanean Aurten, gainera, Areatzako txosnek operatibo berezia izango dute, soil-soilik beiren gaikako bilketara zuzendua. 

Era berean, Udalak ohiko normaltasunez eutsiko dio Uriko puntu guztietan kale-garbiketa eta zabor-biltze zerbitzuari, eta indarrak bikoiztuko dira Areatzan, Zazpikaleetan, Botikazarrean, Etxebarria parkeko barraken eremuan eta Europa nahiz Casilda Iturritzar parkeetan. Horietan, lehendik zeuden paperontzi eta edukiontziez gain, tamaina erdiko beste 450 edukiontzi jarriko dira, jai-esparruen artean banatuta. Guztiak birziklapenerako bereizita egongo dira. Xede hori lortze aldera, Udalak olioa birziklatzeko 35 bidoi jarriko ditu guztira, jai-esparruetan sukaldea duten txosna bakoitzean.

Kale-edana garbitzea

Halaber, kale-edanaren kalteak gutxitzeko, Udalak 250 edukiontzi jarriko ditu, Aste Nagusiaren jai-esparruetan zehar banatuta. 16 langilek osatutako talde berezi bat prest egongo da kale-edanaren hondakinak ahalik eta arinen ezabatzeko, Campo Volantinen, Abandoibarran, Albia Lorategietan, Europa parkearen inguruetan eta antzeko lekuetan. Gainera, edukiontziak egongo dira kale-edanaren zikinkeria ezabatzeko, besteak beste, Doña Casilda parkean, Albia Lorategietan, Botikazarren, Campo Volantinen, Mazarredon, Zabalgunean, Arrikibar plazan, Indautxu plazan eta Bizkaia plazan.

Jai-esparruak 

Espazio Publikoko Bulegoaren egun hauetako lanen artean, jai esparruen eta bertan egindako jardueren antolamendua dago. Honela, Etxebarria Parkeak 72 postu eta atrakzio eta Zirku bat izango dituela nabarmendu behar da eta Areatzan konpartsen 28 txosna jarriko direla guztira, haietako bat Bailen kalean. 

Horrez gain, ostalaritzarako 140 terraza jarri dira orain arte, eta irabazi asmorik gabeko elkarteentzako beste 14 ere bai Pio Barojan (1), Casilda Iturrizar parkean (4), Pedro Ibarretxen (4), Berastegin (2), Plaza Biribilean (2) eta Guggenheimen (1). 

Garbiketa Itsasadarrean 

Itsasadarreko ur-xafla eta beheko aldeetako, baita kai eta eskaileretako garbiketa zerbitzua, Aste Nagusian areagotuko da, horretarako, San Anton Zubiaren eta Itsas Museoaren artean euren lana egingo dituzten bi ontzi erabilita. Horrez gain, bertaratzeko eskailerak garbitu eta desinfektatuko dira. Aurreko urtean bezala, ur- xaflan ur-gaineko langak ipiniko dira, horietako batzuk, jai eremuko kaien inguruan, Itsasadarretik, kaien barrualdera hondakinik sar ez dadin; eta beste batzuk, aldiz, -batik bat zubien inguruan- hondakinak itsasoratu ez daitezen. 

Komun publikoak 

Higieneari eusteko eta jai-eremuetan usain txarrik ez zabaltzeko, Bilboko Udalak ahalegin handia egin du iturriko ura duten komun ugari jartzeko denen eskura. 

Tamaina eta erabilera ezberdineko 29 modulu jarriko dira jaietarako eremuan; banakako 126 komun izango dira guztira, konketa, ispilu eta guzti. Eta 25 pixatoki jarriko dira, aldi berean 200 pertsonak erabiltzeko aukera ematen dutenak. 2009an emakumeentzako pixatoki berezi bat diseinatu zen, eta orduan izandako arrakastaren haritik, aurten ere Areatzako komunetan jarriko da. 

Komunak jai-esparruetan banatuko dira, hala nola barraketan, txikigunean, Areatzan, Arriagan, Plaza Biribilean, Epaltzaren Alargunaren kalean, Plaza Barrian, Foru kalean, Bailenen (tren-geltoki aurrean), Guggenheimen eta Uribitarten, besteak beste. Halaber, Europa parkean 50 komun instalatuko dira, kontzertuetara doazen lagunei zerbitzua emateko. Eta desgaitasuna duten pertsonentzat 13 komun jarriko dira, Aste Nagusiko jai-esparruetan banatuta. 

Azkenik, gogoratu behar da komun horiek guztiek etengabeko mantentze- eta garbiketa-zerbitzua dutela, eta Areatzan eta Arriaga Antzokiaren ondoan kokatutakoak eguneko 24 orduetan egongo direla zabalik.

Elikaduraren kontrola 

Ohi bezala, Osasun eta Kontsumo Saila arduratuko da Aste Nagusian txosnetan eta jai-esparruetako beste establezimendu batzuetan banatzen diren edariak eta elikagaiak osasun-egoera onean egoteaz. 

Instalakuntza horietan lan egiten duten pertsonei elikagaiak manipulatzeko ikastaro bereziak eskaini zaizkie aurretik, euskaraz zein gaztelaniaz. Ikastaroetan alergiari eta elikadura-intolerantziari buruzko argibideak ere jaso dituzte. Txosnetako titularrek aurrez aurkeztu behar dituzte dagozkien osasun-memoriak, besteak beste, establezimenduaren ezaugarrien, instalazioen eta garatu beharreko jardueren berri eta guzti. 

Establezimendu guztiek aurkeztutako osasun-memoriak aztertu ostean, instalakuntzak osasun-arauetara egokitzeko beharrezkoak diren aldaketak proposatuko dira. Bi albaitarik eta bi laguntzailek egiaztatze-ikuskaritza bat egingo dute, betiere jai-esparrua inauguratu baino lehen. Gainera, aldizkako ikuskaritzak egingo dira instalakuntzak zabalik diren egun guztietan. 

Horrez gain, aurreko urteetan legez, Osasun eta Kontsumoko teknikariek desinfektatzeko eta intsektuak hiltzeko lanak burutuko dituzte ekipo eramangarrien bidez, garbiketa-zerbitzuek lan egiteko zailtasunak dituzten eremuetan (arkupeak, etxabeak, etab.). Horrela, desinfektatzaileak eta usain-kentzaileak aplikatuko dituzte. Modu berean, Zirkuaren instalazioak kendu ondoren eremuaren desinfekzioa eta desintsektazioa egingo da.

Drogen, alkoholaren eta sexu osasunaren inguruko informazioa

Beste urte batez, Aste Nagusian, alkohola eta beste drogen kontsumoaren inguruko arriskuen gestioaren inguruko informazio-guneak martxan jarriko dira Bilboko gaueko aisialdi eremuetan. 

Zerbitzuaren bitartez, aisia-eremuetan informazioa eman nahi zaie drogen erabiltzaileei, portaerarekin zerikusia duten arriskuen inguruan; horrela, kontsumo ziur eta arduratsuagoa proposatuko diete. 

Jarduera hau Drogamenpekotasunei buruzko IV. Udal Planean Bilboko gazteei zuzendutako neurriei erreparatuta antolatu da: “jarrera arduratsua bultzatzea alkohola eta bestelako drogak kontsumitzearekin lotutako arriskuen kudeaketan”. 

Informazio-gunea jai-eremuan kokatuko da, Arriaga Antzokiaren atzealdean (Tranbiaren ondoan), abuztuaren 23, 24 eta 25ean, eta 23:00etatik 03:00etara egongo da irekita. Bertan, inprimatutako materiala egongo da eskura. Ekarritako sustantzien konposaketaren analisia egiteko aukera eskainiko da baita azterketa analitikoen bidez, eta erabiltzaileek analisi horien emaitzak jaso ahal izango dituzte, prebentzio modura. 

Joan den urtean lortutako arrakasta ikusirik, sexu-osasunaren inguruko informazio-gune bat egongo da aurten ere Aste Nagusian. Hor gazteei aholkuak emango zaizkie arriskutsuak diren joera sexualen gainean, eta "prebentziozko kit" bat emango zaie. 

"Sexu-osasunaren" informazio-guneak joera arriskutsuez informatzeko xedea du, dibertsioko testuinguruaren barruan; izan ere, alkoholak eta drogak direla eta, ez zaie jarraitzen sexu bidezko transmisioko gaixotasunak eta nahi gabeko haurdunaldiak ekiditeko babes-neurriak ez dira betiko moduan hartzen. Baliabide hau Areatzako zubian egongo da, Bilbobus markesinaren ondoan, abuztuaren 21, 22, 23, 24, 25, 26 eta 27an, 18:30etik 21:00era arte. 

Bestalde, Bilboko Udala Eusko Jaurlaritzako Drogamenpekotasuneko Zuzendaritzarekin elkarlanean arituko da alkoholaren gehiegizko erabileraren ondorio kaltegarriei buruz 

informazioa emateko kanpainan, erabilera hori aurrez ekiditeko, eta autozainketarako jarraibideak emango dira. Ildo honetan, informazio-karpa bat instalatuko da Udaletxeko zubian (Erripa kalearen kantoian) abuztuaren 20, 25, 26 eta 27an, 00:00tik 03:30era.

Zaraten kontrola

Duela urte batzuetatik, eta Aste Nagusian musika-ekipoek jai-esparruetan eragindako kaltea txikitzeko beharra zela-eta, Bilboko Udalak operatibo berezi bat diseinatu zuen txosnetako eta ostalaritza lokaletako soinu-ekipoak mugatzeko, eta kalte horiek ia guztiz desagerrarazi ditu, gehien-gehienak auzotarren kexei zegozkienak. 

Hori horrela, aurten ere lehengo urteetan egindakoari jarraituko zaio, eremuak eta haientzat ezarritako zarata-mailak kontuan hartuta. 

Modu horretan, kalean Ingurumen Saileko lau ikuskatzaile jartzeaz gain, soinua programatzeko eta kontrolatzeko sistema zentralizatua ezarriko da beste urteetan bezala, bolumena mugatzeko aparatuekin; aparatu horiek Ingurumeneko udal-bulegoetako ordenagailu zentral batera konektatuta egongo dira, eta bulego horretan ikusiko da kutsadura akustikoaren arloan indarrean dauden ordenantzak behar bezala betetzen diren. 

Jaiak hasi aurreko barikutik aurrera, gau eta egun arituko dira lanean txosnetako emisioak mugatzeko zereginetan, eta eremu bakoitzean bolumen-mugatzaile bat instalatuko dute. Aparatu horrekin bolumena mugatzeaz gain, 10 dB murriztuko dira ordu jakin batetik aurrera, eta gaueko saioa amaitzean musika eten egingo da.

Ordutegiak, soinu mailak eta eremuen banaketa

Bilbo hiru eremutan banatu da Aste Nagusiko ordutegien muga, soinu-maila eta zonakatzeari dagokienez:

1. eremua. Gehien baimendutako ordutegiak eta soinu-mailak dituen eremua da (Areatzako jai-barrutia, Udala eta Arriaga Antzokiaren artekoa, Bailen kalea, Plaza Biribila eta Pio Baroja barne dituela):

- Txosnetan ezingo dira 95 dbA gainditu hurrengo goizeko 5:00ak arte, ez eta 85 dbA 5:00etatik 7:00etara bitartean.

- Kanpoaldean baimendutako megafonia duten ostalaritza-establezimenduek ezingo dituzte 85 dbA gainditu hurrengo goizeko 5:00ak arte, eta 5:00etatik 7:00etara, berriz, muga 70 dbA-koa izango da.

- Txosnek nahiz ostalaritza-establezimenduek musika hurrengo eguneko 7:00etarako kendu behar dute, nahiz eta soinurik gabe 8:00ak arte irekita edukitzeko baimena izan.

2. eremua. Tarteko ordutegia eta soinu-maila dituen zona da (Berastegi, Pedro Ibarretxe, Ertzilla, Indautxu Hotela eta Itsas Museoaren Zabalgunea):

- Txosnetan ezingo dira 85 dbA gainditu goizeko 1:00a arte, ez eta 80 dbA goizeko 1:00etik 4:00etara bitartean. Musika eta jarduera guztiak goizeko 4:00etan amaitu beharko dituzte.

- Tabernek jarduera, gehienez, goizeko 4:00etan amaituko dute; kanpoan megafonia jarri ahal izango dute (+/—70—75dbA) eta, barruko instalazioari dagokionez, haien lizentziak baimentzen duena beteko dute, beti ere 80 dbA-ak gainditu gabe.

3. eremua. Bilboko gainerako lekuei dagokien eremua, Udalak zuzenean kudeatutako espazioak izan ezik:

- Ostalaritza-establezimenduek, gehienez jota, hurrengo eguneko 4:00etan amaituko dute jarduera. 

- Batetik bestera 20 m baino gehiagoko tartea duten lokalek, elkarrekin elkartu eta musika bera jartzen badute, kanpoan megafonia jartzeko eskaera egin ahal izango dute, baina 70-75dbA gainditu gabe.

Gainera, kanpoko megafonia-aparatuak eremutan banatu beharko dira RAC bakarraren bitartez, konpresore-mugatzaile zigilatua eta guzti dutela. Horretarako, eremu bakoitzak (txosna multzoa, tabernak, etab.) dagokion Zonifikazio Proiektua aurkeztuko du, eta udal teknikariek oniritzia eman beharko diote.