Areatzan hasi dira txosnak gora egiten eta dagoeneko konpartsak buru-belarri lanean hasi dira, abuztuaren 20rako dena prest izateko. Gaur agerraldia eskaini dute azaltzeko, Aste Nagusia jai herrikoi, partehartzaile, euskaldun eta parekideen adierazle izatea bilatzen dutela beste behin eta ondorioz, ez dutela inolako eraso sexistarik onartuko: "Guztion artean jaigune aske bat eraikitzen ari gara eta erasotzaileak ez dira inola ere ongi etorriak izango".
Jendarteari luzatu diote, emakumeen janzkeraren inguruko komentarioak edo neskalagunarekin doazela; lizunkeriak, ipurdia ikutzea, muxukatzera behartzea, jazarpenak emakumeak bakarrik doazela, harreman sexualak izatera behartzea zein beste hainbat ekintza, eraso sexista larriak direla "emakumeon eskubide urraketa larria". Beraz, herritarrei horiek etetea eta borrokatzea eskatu diete " guztion ardura baita".
Konpartsek "tinko" erantzungo dutela argitu dute eta azaldu dutenez, hilabeteak eman dituzte beste eragileekin batera aholkularitza eta jarduteko protokoloa hobetzen. Protokolo horrekin, konpartsakideek erasoen aurrean eman beharreko pausoen gaineko informazioa eta aholkularitza jasotzen dute.
Argitu nahi izan dute ere, emakumeen aurkako indarkeria ez ezik, genero eta sexu identitateen aurkakoa zein, etorkin eta aniztasun etnikoaren aurkako indarkeria ere "onartezinak" dela eta "gogor" salatuko dituztela. Beraz, protokoloa aktibatzekotan, Bilboko Konpartsak emango dituen pausoei adi egoteko eta mobilizazioetan parte hartzeko eskatu diete herritar guztiei.
Bukatzeko, abuztuaren 19an, ostirala, konpartsek auzolana egingo dutela mahaigaineratu dute eta Areatza zein Alde Zaharretik zehar pankartak eta kartelak jarriko dituzte "Aste Nagusia erasorik gabeko jaigune askea dela jendarteratzeko".