Egoera honen aurrean, Bilboko Udalak Hirian dagoen 419 iturri publikoen sarea indartuko du, han-hemengo ureztatze-ahoetan behin-behineko zazpi iturri jarriz. Beharrezkoa balitz, behin behineko iturri gehiago ipiniko litzateke hirian.
Behin behineko zazpi iturriak hurrengo puntu hauetan kokatuko dira:
- Aguirre Lehendakaria, 62. zenbakia
- Blas de Otero 36
- Artxanda, Santo Domingo 27. zenbakian (begiratokian)
- Kale Nagusia 25
- Kale Nagusia 63
- Areilza Sendagilea 32. zenbakiaren parean
- Etxaniz Suhiltzailearen plaza, 4
Udalak hiritar guztiei eta bereziki haur eta osasun arazoak dituzten pertsona nagusiei- eta likidoak edan ditzaten eskatu gura die.
Osasun arriskuak
Bero handia egiten duen lekuetan denbora luzez egonez gero, tenperatura ez da ondo erregulatzen eta horrek arazoak eragin ditzake: patologia jakin batzuk agertzea eta gaixotasunak larritzea, batik bat oso eraginberak diren pertsonen kasuan:
1. arrisku-taldea: Talde horretan sartzen dira oro har osasun ona duten 65 urtetik gorako adindunak, alergiengatik tratamenduan dauden pertsonak, diuretikoekin eta antidepresiboekin tratamenduan dauden pertsonak, alkohol asko edaten duten edo oso gizenak dauden pertsonak eta gaixotasun kronikoak dituztenak.
2. arrisku-taldea: Talde horretan daude gaixotasun hauek dituzten pertsonak: giltzurruneko patologia kronikoa, bihotz-hodietako gaixotasunak, patologia psikiatriko larria, arnasa-gaixotasun kronikoak, gaizki kontrolatutako diabetesa eta etilismo kronikoa.
3. arrisku-taldea: Hor sartzen dira adindun ahulak, inmobilizatutako gaixoak eta gaixo terminalak.
Horregatik, Bilboko Udalak gertuko adinekoak bisitatu eta zaintzea eskatu die hiritarrei, guzti-guztioi dagozkigun gomendio hauek betetzen dituztela egiaztatuz:
Aholku praktikoak
1. Ohi baino likido gehiago edan, batik bat ura, egarria nabaritzea itxaron gabe. Ez edan kafeina, alkohola edo azukre gehiegi duten edariak.
2. Jaki arinak jan (entsaladak, gazpatxoa, barazkiak, fruta…).
3. Eguzkiak ematen dien leihoak itxi eta pertsianak jaitsi, bero gutxien egiten duenean etxea aireztatuz eta freskatuz.
4. Arropa lasaia, arina eta kolore argikoa eta oinetako eroso eta freskoak jantzi.
5. Etxeko tenperatura 35º C baino handiagoa bada, ez da nahikoa haizegailua erabiltzea beroak eragin ditzakeen osasun-arazoei aurre egiteko, eta ondorioz, dutxa edo bainu hotzak hartzea edota aire egokitua (20-21º C) duen lekuren batean gutxienez bi orduz egotea gomendatzen da.
6. Bero gehien egiten duen orduetan, ez irten kalera guztiz premiazkoa ez bada. Kalera irten behar izanez gero, Areatzako jai-esparrura joateko ere, burua estali eta eguzkitako betaurrekoak erabili, unea oro itzalpean egonez.
7. Ariketa fisikoa eginez gero, bero gutxien egiten duen orduetan egin.
8. Ez geratu aparkatuta eta itxita dauden ibilgailuen barruan, itzaletan egon arren.
Bero-bolada egonez gero hartu beharreko neurriak
Hona hemen bero handiaren eragin negatibo batzuk: zorabioak, ahultasuna, nekea eta goragalea. Intsolazioa ere bero handiari lotuta dago, eta azal gorritu, bero eta lehorra, pultsu azkarra eta buruko min handia dira sintomak. Halakorik izanez gero, deitu 112 telefonora, jarri toki fresko batean, burua estalita eta jarri konpresa busti eta hotza besapean.