Ikuskizun honek jende mordoa batzen duenez, Udaleko sailen eta zerbitzuen erronkarik handienetakoa da, segurtasunaren eta zirkulazioaren arlokoa, batik bat.
Ikuskizun piroteknikoa ikusteko lekurik onena itsasadarraren ezkerraldea da, Navarra kaletik Uribitarte pasealekuko alderaino. Beren-beregiko lekuak dira, ordea, Arriaga Plaza, Areatzako zenbait zonalde, Ernesto Erkoreka plaza, Campo volantineko pasealekua, Etxebarria parkea, eta Uribitarte pasealekua Zubizuritik Gugenheimeraino. Gutxien aholkatutako eremuak, Areatzako, Udaletxeko eta Zubizuri zubiak dira.
Edozelan ere, kontuan hartu behar da azken toki horietan zaila dela behetik eta lurretik doazen suak ondo ikustea. Ume txikiekin edo mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonekin joanez gero, berealdiko kontua eduki behar da alde hauetan: Udaletxeko zubian, Zubizuri pasealekuan eta Areatzako zubian, Erripa eta Areatzako kaiaren arteko tartean, bertan jende asko biltzen da eta.
Udaleko Babes Zibileko Zuzendaritzak antolatutako autobabeserako planean 140 metroko erradioko segurtasun-eremua ezarri da Mallonako zelaietatik (suak botako diren lekua) Itxaropen kaleraino.
Aurreko urteetan bezala, haizearen abiadura eta norabidea neurtuko dira suak prestatzen dituzten bitartean eta jaurtitzen hasi aurretik. Lurraren arrasean egingo dituzte neurketak Udaleko Babes Zibileko langileek.
Hori dela-eta, suak botatzen diren bitartean (22:30 eta 23:30 artean) ibilgailuak eta oinezkoak ezingo dira pasatu Itxaropen kaleko tarte horretatik; hau da, Zingira kalearen eta Estufa zeharkalearen artetik. Tarte horretan etxebizitzetako leihoak eta balkoiak ixtea gomendatzen da ikuskizun piroteknikoa bukatu arte. Gas plazaren eta Etxebarria parkearen arteko oinezkoen tartea itxi egingo da 22:15etik 23:45era bitartean.
Su artifizialen segurtasunari dagokionez, suak botatzeko materialen eta instalazioen egoera ona egiaztatzeko udal teknikariek egin ohi dituzten lanak ez eze (ezpondak garbitzea eta segurtasun-eremua mugatzea, besteak beste) , Suhiltzaileen autobonba bat ere jarriko da Etxebarria parkearen inguruan (segurtasun-eremuaren barruan), badaezpada suak jaurtitzean eta Etxebarria parkea husten den bitartean ezbeharrik-edo gertatuko balitz.
Udaleko uretako salbamendu-ontziak gau eta egun jardungo du lanean Aste Nagusian, itsasadarraren inguruko segurtasuna ziurtatzeko. Deustuko zubiaren azpiko pantalanetik Udaletxearen eta Arriaga plazaren ingurura joango da suek dirauten bitartean.
Badaezpada, hiru anbulantzia jarriko dira larrialdietarako: horietako bat, oinarrizko bizi-euskarria duena, Etxebarria parkeko tximiniaren alboan, beste bat, hau ere oinarrizko bizi-euskarriduna, Ernesto Erkoreka plazan eta, azkenik, bizi-euskarria erizaintzarekin duen anbulantzia Abando geltokian.
Zirkulazio aldaketak
21:45etik aurrera eta oinezkoen pilaketa mehaztu eta trafikoaren arabera, kale hauek itxiko dira:
• Pio X–Ugaskoko tunelerako sarbidea, Maurice Ravel etorbideraino.
• Errekalde zumarkalea, Moyua plazatik. Salbeko zubia, Maurice Ravel eta Zumalakarregi etorbidea Zabalbideraino-barne hartuko ditu (garraio publikoa izan ezik).
• Campo Volantin pasealekua, Salbe plazaren aldean (garraio publikoa izan ezik).
Puntu horietan, inguruko egoiliarrek eta taxiek ibiltzeko baimena izango dute, aldian aldiko egoeraren arabera. Artxandako tunela trafikorako itxiko da, Txorierri- Salbe adarrean.
Gomendioak
Ikuskizun hau topaleku eta jai-giroko gune segurua izan dadin, Udaleko Babes Zibileko Sailak segurtasuneko eta arretazko neurriak hartzea gomendatzen du su artifizialak jaurtitzen diren bitartean:
- Ez sartu segurtasun-eremuan.
- Ez hartu lehergairik lurretik, baten bat aurkituz gero. Deitu berehalaxe Udaltzaingora.
- Patxadaz hartu gaueko kontzertuetara joatea, denbora nahikoa dago eta.
- Egin kasu udaltzainek esanekoari eta eurengana jo larrialdirik izanez gero.
- Ez eroan animaliarik su artifizialak ikustera.
- Arreta handia jarri ume txikiekin edo mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonekin jende asko biltzen den lekuetara (zubietara kasurako) bazoazte.
- Jendetza biltzen diren tokiak libratu behar izatekotan, herritarrei, gertuen duten irteera lokalizatuta izan dezatela gomendatzen zaie.
Aldaketak araudian
2015eko urrian onartutako 989/2015 Errege Dekretuak (piroteknia-gaiei eta kartutxoei buruzko araudia) su artifizialak bota ahal izateko gutxitu egin du haizearen abiadura. Orduko 36 kilometrotik gorako indarrez jotzen badu haizeak ezin dira bota (lehen, orduko 54 kilometro zen topea).
Azken 10 urteotan haizeak ez du inoiz orduko 54 kilometroko abiadurarik izan su artifizialak botatzeko orduan eta, noski, ez dira inoiz bertan behera utzi.
Haizearen indarraren muga berriarekin (orduko 36 km), baliteke gauren batean su artifizialik ezin bota izatea. Legeak agintzen duenez, lurraren arrasean neurtu behar da suak botatzeko unean eta lekuan, eta azken ordura arte ez dago jakiterik botako diren ala ez.
Hain denbora-tarte txikian herritarrei jakinarazi ahal izateko, Bilboko Udaleko Babes Zibileko, Jaietako eta Komunikazioko langileek osatutako dispositiboa antolatu da. Laguntzaile hauek izango ditu: Bilboko Konpartsak Areatzan, Gogorregi Pio Baroja eta Uribitarten, Plaza Biribileko eta Berastegiko txosnak; azokariak eta zirkua Etxebarria parkean, MetroBilbao, Bilbobus, Bizkaibus, Euskotren eta Euskotran eta Renfe.
Su artifizialak botatzerik ez badago, honela jakinaraziko zaiei herritarrei:
- Ez da 22:35eko bolandera botako (bolanderak ikuskizun piroteknikoaren hasiera adierazi ohi du)
- Ez da piztuko suak jaurtitzeko lekuan dagoen publizitate-kartela (Euskaltel)
- Argiak ikusi ahal izango dira zeruan su artifizialik ez dela egongo adierazteko.
- Jaiguneetan megafoniaren bidez, honela adieraziko da: “ENTZUN ARRETAZ, MESEDEZ. Bilboko Udalak jakinarazten du: Jaurtiketa eremuko haize boladak direla-eta gaur gaueko su artifizialen ikuskizuna bertan behera gelditzen dela. Barkatu eragozpenak.”
MetroBilbao, Euskotren eta Euskotran, Bilbobus, Bizkaibus eta Renfe zerbitzuetan ere iragarriko da megafoniaz edo informazio-paneletan.
- Sare sozialen bitartez.