Karrozak eta musika-taldeak Kale Nagusian zehar joango dira Plaza Biribiletik Dario de Regoyos kaleraino. Balearen Desfilea tradiziozko hitzordua da dagoeneko Aste Nagusian. Familia guztiarentzat egokia, urtero-urtero egoten dira herritarrak haren zain, eta kale-jaiaren motor bilakatu da musika, dibertsioa eta sorpresaren konbinazioari esker. Balearen Desfilea jai-maratoiari ekiteko berotze-ariketa ezin hobea da.
Inoiz baino elkarreragileagoa, aurtengo kabalgata behinolako euskal balea-arrantzaleen eran jardungo da. Han izango dira talaiaria eta arpoilariak, gure historian eta oroimenean gordeta ditugun baleen arrantzaren benetako protagonistak baitira.
'Baleazaleak Bilbon' izenburua daraman 2016ko Balearen Desfilea, baleen arrantzaren tradizioaren jaia da, gomutagarria. Arrantzaleen tradizioak jantziko du Bilboko Aste Nagusia. Tradizio hori izan duten Bizkaiko zenbait herri islatuko dira bertan: Plentzia, Bermeo, Lekeitio eta Ondarroa; herri horietako armarrietan ikusten da baleek eta arrantzak herritarrentzat zuten garrantzia.
Desfilea 19:00etan hasi eta Plaza Biribiletik Dario de Regoyos kaleraino joango da Kale Nagusitik. Desfilean parte hartzen duten elementuek kaletik pasatzean aldi batez zirkulazioan eragina izango dute. Hori igandeko 18:00etatik 20:45era, desfileko karrozen abiapuntuan eta desfilearen ibilbideko kaleetan (Kale Nagusia eta honetara heltzen diren kaleak). Zirkulazioa ez aurrera ez atzera ez geratzeko, Udalak herritarrei gomendatzen die garraio publikoa erabiltzeko.
'Baleazaleak Bilbon': pertsonaiak
Kamioiak
Kamioi bik hasiko dute desfilea. Plaza Biribiletik abiatuta Kalea Nagusian zehar joango dira.
Trokobloko
Ikuskizun dinamikoak girotuko du desfilea bete-beteko perkusioa dantzarekin konbinatuta. 18 musikari arituko dira publikoari irribarrea atera eta harridura-aurpegiak jarriko dizkion errepertorioarekin.
Arpoilariak
Ondoren, 8 arpoilarik balea aurkitzeko laguntza eskatuko die umeei, publikoari euren arpoiekin konfetiak botatzen dizkioten bitartean Kale Nagusian zehar.
Talaia
Bere begiralekutik talaiariak kanpaiak joko ditu balea ikustean, abisua emanez. Itsasertzeko tokirik egokienetan jarrita, euskal talaiariek txalupei laguntzen zien balea harrapatzen. Talaiariaren lana antzeztuko du pertsona batek ibilbide osoan.
Balea
Balea da desfileko ikur nagusietakoa. 12 metroko luzera eta 5 metroko diametroa duen puzgarri handia, ikusleei ura jaurtitzen diena.
Musikene Big Band
Musikene Big Band-en eskutik. 10 musikarik osatutako taldea da, 2003an sortua Euskal Herriko Goi-mailako Zentroan jazz espezialitatea egiten ari diren ikasleen jarduera akademiko moduan. Honelako taldeen ohiko formatua du, tronpetekin, tronboiekin, saxoekin eta erritmo-sekzioarekin.
Olagarroa
6 metroko altuera eta 13 metroko diametroa duen pertsonaia. Erroetatik konfiteak botatzen ditu.
Trapak
Baleen bilakaeraren gaiak aspalditik liluratu gaitu. Ikerketa eta teoriarik zabalduenen arabera, 55 milioitik gora urte dira baleak daudela. Uste da garai batean balea batzuek denborarekin aldatuz joan diren atzamarrak eta erpeak zituztela.
Gaur egungo zetazeoen arbasoetako bat oraingo BASILOSAUROak edo narrastien erregeak dira. Hedapen geografiko handikoak eta gure beleen elementu berberak dituzte. TRAPEK gure baleen lehorreko arbasoak gogorarazten dizkigute. Hiru jostailu erraldoi dira, 6 aktorek gidatuak, ume txikien pozgarri izango direnak Bilboko Kale Nagusian. Hiru BASILOSAURO erraldoi 4,5 metroko luzera eta 2,5 metroko altuerakoak, mila koloretako oihalekin eginak. Euren izaera adiskidetsuak eta atseginak maitagarri bihurtzen ditu.
Bisigua
12 metro luze eta 5 metro altu da puzgarri hau. Ahotik kea dario eta zakatzetatik arroza.
Sama Siku Fanfarrea
Fanfarre hau 1978an sortu zuten Santutxuko auzotar batzuek, Bilboko aurreneko Aste Nagusiko jai herrikoiak zirela eta. 10 musikarik osatutako konpartsa da, gure jaiei izaera herrikoia eta parte hartzailea areagotzen diena.
Txangurroa
Puzgarri hau 10 metro luze eta 8 metro zabal da. Haginak erabiltzeko zamaketari bik pertxak erabiltzen dituzte. Beste 8 hankak berez mugitzen dira, animaliak modu naturalean duen mugimenduaren irudira. Lainoztatutako zenbat-gura ur botatzeko gai da.
Aquaveloak
Aurtengo edizioko nobedadeetako bat koloreetako globo-arrain maitagarri hauek dira. Publikoaren artean 3 gurpileko zikloen gainean doazen zenbait txofer burlesquek gidatuak, musika magiko eta jai-girokoarekin. Konfetiak botatzen dituzte eta Julio Verneren mundu misteriotsu eta fantastikoa dakarkigute gogora. Globo-arrain atsegin hauekin batera marmoka puzgarriak doaz.
Inbasio Bakteorologikoa
Bakterioen espedizio kutsagarria iritsi da lehenengoz Bizkaiko hiriburura Patronus Jakintsu Bihurria zientzialari handia buru dela. Bozkarioz, berrikuntzaz eta barre-zantzoz betetako birus ona, zientzialari bihurrien ur sendagarriari esker. Modu atseginean kutsatzeko prest?
Kataleju arrainak
Arrain bitxi hauek Balyren ostean desfilatuko dute eta euren armazoian desfilean daudenen gurariak jasoko dituzte. Guztira, 14 kataleju-arrain dira, sarez egindakoak. Sare horietan, desfilea hasi aurretik banatuko diren katalejuen bidez, jolas atseginean parte hartu ahal izango da: katalejuak jaurtitzea arrainen sarera, gurari bat eskatu ahala.
Udalaren neurriak
18:00etatik aurrera Kale Nagusia eta zeharkako kaleak zirkulaziorako itxiko dira, Plaza Biribiletik Dario de Regoyos kaleraino. Jesusen Bihotzaren plaza zirkulaziorako zabalik egongo da beti. Zirkulazio-etenaldiak urratsez urrats egingo dira, tarteka alegia, eta desfileko parte-hartzaileek eraginpeko leku batetik pasatzean amaituta, leku horretan zirkulazioa baimenduko da.
Bilboko Udaltzaingoak koordinatuko du desfilea, iparraldea eta hegoaldea lotzeko bide bat zabalik egoteko beti Bilbobus zerbitzuko autobusentzat, kabalgatak dirauen bitartean. Gainera, Ayala kalean zirkulazioaren noranzkoa aldatuko da, behin parte-hartzaileak Plaza Biribilera joanda. Hori horrela egingo da Bilbobus zerbitzuko autobusak Hurtado de Amezaga kalean trabatuta ez gelditzeko. Era berean, ibilbide alternatiboak prestatuko dira Kale Nagusiaren alde batetik bestera doazen lineentzat.
Bilboko Udaleko Babes Zibilak abian jarriko ditu beharrezko neurriak desfilearen ikusleen segurtasuna bermatzeko eta, ezustekorik gertatuz gero, berehala erantzuteko.
Kabalgata pasatuta, 35 pertsonak eta 20 ibilgailuk eta makinak osatutako ekipo bereziak geratu diren hondarrak jasoko dituzte, Kale Nagusiaren inguruko kaleak garbi-garbi uzteko.