Aste Nagusia 2016

Aste Nagusia, errespetuan oinarritutako eta eraso sexistarik gabeko jaiak

uriola.eus 2016ko abu. 18a, 13:32

Juan Mari Aburtok eta Berdintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Jaietako zinegotzia den Itziar Urtasunek gaur goizean prentsaurrekoan aurkeztu dute Aste Nagusirako eraso sexistei aurrea hartzeko udalaren kanpaina "Ez beti da Ez. No es no lemapean.

Mezu argi horrekin udalak herritarren arreta erakarri nahi du errespetuan eta askatasunean oinarritutako harreman batzuen alde; eta erasotzat har daitezkeen eta errespetuzkoak ez diren jarrera guztiak baztertzearen alde. Bilboko alkateak ere parte hartu nahi izan du Aste Nagusian eraso sexisten aurkako kanpainaren aurkezpenean eta bide batez hauxe esan du: "Ez beti da Ez". Alkateak azaldu duenez bilbotarrek jakin behar dute alkatea bera dutela erasotzaileen aurkako borrokan buru, eta Bilbon ez dutela lekurik. 

Aurreko edizioetan bezala, Udalak abian jarri du jaien asterako beren-beregi prestatutako estrategia, zenbait ekintza biltzen dituena, mezua are gehiago zabaltzeko. Itziar Urtasunek esan duenez jaietako bederatzi egunetan kanpaina berezia behar da eraso sexisten aurka, udalak herritar guztientzat orokorrean eta zehatzago emakumeentzat, konpartsentzat, ostalaritzaren sektorearentzat eta gainerako gizarte-eragileentzat dituen baliabideak zeintzuk diren azaltzeko. 

Marijaiaren irudia

Udalak urteko kanpaina honetarako irudi berri bat aurkeztu du Aste Nagusian eraso sexisten aurka egiteko. Irudia jaigune barruan egongo diren publizitate-euskarrietan eta garraio publikoetan jarri ahalko da; eta sare sozialetan banatuko da. 

Kartelaren elementu nagusia Marijaia da. Bilboko jaietako ikonorik garrantzitsuenetakoa dena serio agertzen da eta eskua zabalik aurrerantz luzatuta, erasoekiko gaitzespena adierazteko. Marijaiak erasoei EZ. Aurreko urteotan bezala, mezu argi eta erabatekoa erabiliko da, hauxe: "EZ beti da EZ. NO es NO". Errespetua eskatzen da jai libre eta berdintasunezkoak izateko. Irudia duten 30.000 txapa, 9.000 txartel eta 300 kartel banatuko dira.

Informazio puntua

Areatzan informazio-puntu bat egongo da, herritarrek kanpainaren eta ekintzen berri izan dezaten eta, eraso sexista bat gertatuz gero, dauden baliabideak zeintzuk diren jakin dezaten. Informazio-puntua abuztuaren 21etik (domeka) 27ra (zapatua), 18:00etatik 21:00etara, egongo da zabalik. 

Informazio gida

Informazio-puntuan 5.000 gida banatuko dira, eraso sexistak nola identifikatu eta eraso sexistei nola aurre egin jakiteko. Gida hori paperean egongo da eta webean bertsio digital bat eskura daiteke. Eraso sexistak zer diren azaltzen du gidak eta mutilei eta neskei mezu zuzenak bidaltzen dizkie. Ekimen honen bidez Bilboko Udalak bat egin du Emakundek sustatutako Beldur Barik Gunearekin (2016), aisialdi eta jaietan gazteen artean indarkeria sexistari aurrea hartzeko pentsatuta. 

Jarduteko protokoloa

Ekimen berriak aurreko edizioetan lortutako beste akordio batzuei gaineratzen zaizkie. Horrela bada, Aste Nagusian eraso sexistarik egonez gero, aholkuak emateko eta jarduteko protokoloa abian jarri zen aurreko edizioetan eta hori parte hartzen duten gizarte-eragile guztien artean banatuko da. Jaigune barruko, baita Txurdinagako eta Otxarkoagako 900en bat dendak eta ostalaritza-lokalek bat egingo dute kanpainarekin eta emakumeen aurkako indarkeriaren protokoloarekin. 

Horretarako, Udalak, Bilboko Konpartsek eta Zazpi Kaleetako, San Frantziskoko, Bilbo Zaharreko, Zabalako, Santutxuko, Txurdinagako, Otxarkoagako eta Bilbo erdiko dendariek eta ostalariek eta 700.000 ezpain-zapi banatuko dituzte. Horietan kanpainaren leloa agertuko da: "EZ beti da EZ. NO es NO".

Gainera, 6.000 txartel banatuko dira. Horietan kanpainaren irudi berria ez ezik, Udaltzaingoaren (092 edo 112) eta Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Sailaren Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuaren telefono-zenbakiak agertuko dira, erasoren bat salatu gura duten pertsonek egin ahal izateko.

Urtean 365 egunetako lana

Udalak emakumeen aurkako indarkeria urteko 365 egunetan salatu beharra dagoela uste du. Egun horietan guztietan herritarrek konpromiso aktiboari eutsi diezaiokete emakumeen eta gizonen artean indarkeriarik gabeko berdintasunezko harremanen alde eginez.

Alkateak bilbotarrei eskatu die hiru aditz euren egiteko Aste Nagusian; hauexek: errespetatu, salatu eta lagundu; Ez beti Ez izateko eta jaia jai baino ez izateko eta alaitasunez erasorik gabe ondo pasatzeko. Mezuak Aste Nagusirako ez ezik, urte guztirako balio du Bilbon.

Udalarentzat funtsezkoa da gizarte-eragile, erakunde eta komunikabide guztien inplikazioa, baita gizartearen erantzun kolektiboa, eraso sexistei aurre egiteko.

Zalantzarik gabe jaiak bilbotarrek ondo pasatzeko eta alai egoteko dira; eta udalak azpimarratu gura du errespetua eta askatasuna giro onetik eta jai-girotik ezin bereiz daitezkeela. Jai eredu inklusiboa, anitza, parte-hartzea ahalbidetzen duena, errespetuan oinarritua, librea eta berdintasunezkoa da udaletik lortu nahi den jai-eredua, eraso sexistarik bat ere izango ez duena, Urtasun zinegotziaren hitzetan.

Berdintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Jaietako Sailetik azaldu dutenez, urte guztian lan egiten dute edozein indarkeria matxista ekiditeko sentsibilizazioa eta prebentzioa lantzen, hainbat programa eta jarduketa garatuz. Adibidez, badira gazteentzat jarduketak, esate baterako, ikastetxeetan eskaintzen diren tailerrak eta Andre Ta Jabe programaz uriko gizarte-eragileekin sarean egiten den lana. Gainera, eraso bat gertatuz gero, badago arreta emateko zerbitzua asteko 7 egunetako 24 orduetan. Zerbitzu hori ematen dute Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuak, Bilboko Udaltzaingoak eta Berdintasun Saileko zerbitzu batek. Azken honek arreta psikologikoa eta juridikoa ematen die erasoa jaso duen pertsonari eta haren etxekoei.