Gizon bat atxilotu dute Areatzako jai-esparruaren inguruan genero indarkeria egotzita

uriola.eus 2016ko abu. 24a, 13:43

Udaltzaingoak gizon bat atxilotu du gaur goizaldean, genero-indarkeriazko delitua egotzita. Erasoa 03:55 aldera gertatu da Itxaropen eta Zingira kaleen artean.

Erasoaren lekuko izan diren pertsona batzuek gizona emakumearengandik –haren bikotea– bereizteko esku hartu dute. Udaltzaingoari deitu ondoren, kalez jantzita zebiltzan udaltzain batzuek ustezko erasotzailea atxilotu eta Miribillako komisariara eraman dute.

Udalak, Juan Mari Aburto Alkatea buru, gertaera hau salatu nahi izan du gaur eguerdiko 13:00etan Udaletxeko eskalinatan egin den elkarretaratzean, Aste Nagusian lekurik ez duten eraso sexistak eta gizabidearen aurkako eta begirunerik gabeko portaera guztiak errefusatuz.

Era berean, Bilboko Konpartsak deituta, atzo arratsaldean elkarretaratzea egon zen Arriagan, asteleheneko erasoa salatzeko.

Litekeena da gaur ere elkarretaratzea egotea 18:00etan Arriagan azken hau ere errefusatzeko.