Udako oporraldiaren etena luzeegia izan ez dadin, Algara konpartsak Iparralde Eguna antolatzen du Aste Nagusiko asteazkenean, eta aurten ere bertan egon gara. Iparraldeko eran eginiko bazkari ederraz gozatzeaz gain, bazkalostean Anje Duhalde eta Aire Ahizpekin ibili gara kantuan. Ikasturtean zehar abestutakoak gogoratu ditugu eta datozen saioetarako martxa hartzen hasi gara dagoeneko!
Kontua da astearte gauean lehenago erretiratu behar izan genuela etxera; izan ere, biharamuneko bazkarian itxuroso egon, eta eztarria kantaldirako prest izan behar genuen. Behingoagatik, gaueko parranda utzi, eta egunez ere ekintzez, alaitasunez eta kolorez betetako Aste Nagusia dagoela deskubritu dugu. Gautxoria banaiz ere, lagun bati aitortu diot eguneko giroa paregabea iruditu zaidala. Lagunak baiezko keinua egin du buruarekin, eta, erdi brometan, bota dit: «Aizu, nagusitzen ari gara!». Pentsakor gelditu naiz, eta, neure artean, arrazoia duela pentsatu dut. Gelditzen diren hiru gauak aprobetxatu beharko ditugu orduan, badaezpada ere.