Aste Nagusia 2016

Carmen Muñoz: "Nire lehen Aste Nagusia zinegotzi bezala"

Carmen Muñoz (Udalberriko bozeramailea) 2016ko abu. 28a, 08:00

Urtez urte hainbat eratan bizi izan ditut Bilboko jaiak. Oso ondo pasatu dut beti eta denborak aurrera egin ahala hainbat eratan bizi izan ditut: gau amaigabeak (niri labur egiten zitzaizkidan), Bilboko txokoetako eguneko parranda, Ripan, trenbideko harresietara igota, suak ikusten edota Guggenheim ondoan bokata goxoak jaten ematen genituen gau lasaiak.

Aste Nagusi bat aukeratu behar izango banu iazkoa (2015) aukeratuko nuke dudarik gabe. Jaiak zinegotzi zarela bizitzeak jaiaren inguruko ikuspegi zabalagoa ematen dizu: biderkatzen da, poliedro bat bilakatzen da eta jaien bizitasuna nor bere gozamenetik haratago doa. Funtsean, jaia bilbotarrekin bizitzea baino ez da, jendearekin eta jendartean. Geure begien aurrean dagoen aniztasunak koloreak, zaporeak eta usainak iraultzen ditu. 

 

Ez dakit zelangoak izango diren aurten eta nobedarik gabe biziko baditut ere, ziur nago bizitasun handiagoz bizi izango ditudala. Ziur nago perspektiba berriak aurkituko ditudala. Hori bai, ez dut arrastsaldero elkarretaratzerik egotea nahi emakumeen kontrako erasorik gertatu delako. Hori da neure desio bakarra: jaiak guztientzako izan daitezela, beldur barik, askatasunean eta non EZ EZ den. Aitzakiarik gabe!