2016-2017 ikasturterako kanpainaren goiburua, "El euskera para todas las personas y para todos los días", hainbat euskarritan ikusi ahal izango da, besteak beste, hiri osoan zehar ibiliko diren 10 Bilbobusetan, 24 publizitate-zutabetan, 5 udal erlojuetan, irratiko iragarkietan eta San Mameseko kanpoko eta barruko pantailetan.
Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak eta Euskaltegien sareak elkarrekin egingo dute dei hau hizkuntzaren normalizazioa lortzeko eta erabilera suspertzeko. Kanpaina honekin "jendeak euskaraz egunero hitz egin dezala lortu gura da", Koldo Narbaiza Euskara zinegotziaren esanetan, eta horretarako "aurreneko urratsa Bilbon dauden 18 euskaltegietako batera joatea da, irailaren 1ean hasita". Izan ere, euskaltegietan bertan aurkitzen dira "euskararen ikaskuntza, erabilera eta normalizazioa sustatzeko tresnak". Aurten ere mota guztietako ikastaroak antolatu dira, moduan, epean zein metodologian ikaslearen ezaugarrietara taxutuak.
Euskararen normalizazioan "egundoko garrantzia izan dute euskaltegiek Bilbon, sare zabala eta oso bizia osatzen dute eta", Narbaizaren hitzetan. Horregatik, Bilboko Udalak "herritarrei euskaldun izateko eskaintzen dien zubia egiten jarraitzen du, laguntza emanda euskara ikasi gura dutenei".
Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak 164.600 euro erabiliko ditu diru-laguntzak emateko euskararen normalizazioan "garrantzia biderkatzailea duten kolektiboei", hau da, gurasoei eta aisialdiko monitoreei. Kolektibo bi horiek "berebiziko leba dute-eta umeen eta gazteen hizkuntzarekiko jarreran". Bilboko ume eta gaztetxo gehienak "ikasketak euskaraz egin arren, giro erdaldunean bizi dira, gehienbat euren gurasoek ez zutelako euskara ikasteko aukerarik izan".
Honelako laguntzekin euskara ohiko tresna bilakatu nahi da etxekoen arteko harremanetan. Kolektibo bi horiek ez eze, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenek ere diru-laguntzak eskura ditzakete. Diru-laguntzok 2017ko udan banatuko dira, behin 2016-2017 ikasturtea bukatuta, ordaindutako matrikularen zati bat itzuliz.
2015-2016 ikasturtean 8.458 lagunek eman zuten izena Bilboko euskaltegietan. Kanpaina honekin jendea euskaltegietan euskara ikastera animatu nahi da eta, batez ere, euren bizimoduan eguneroko tresna izan dadila.
Euskaltegien sarea
Bilbon 18 euskaltegi daude, hiriko zortzi barrutietan. Honek esan nahi du auzo guztiek dutela euren euskaltegia.
1. Barrutia (Deustu)
AEK Larrako (Larrakatorre, 24) Tel. 94 447 02 24
Euskal Irakaslegoa-Deustuko Unibertsitatea (Unibertsitateen etorbidea, 24) Tel. 94 475 49 72
AEK Matxintxu (Ramon y Cajal, 8) Tel. 94 475 22 33
2. Barrutia (Uribarri)
Matikoko euskaltegia (Moraza plaza, 4) Tel. 94 445 00 51
3. Barrutia (Txurdinaga-Otxarkoaga)
AEK Txurdinaga (Arbidea, 21) Tel. 94 411 76 56
4. Barrutia (Begoña)
AEK Santutxu (Aita Pernet, 9) Tel. 94 473 14 60
5. Barrutia (Ibaiondo)
Bilbo Zaharra-Elkarlan (Posta, 8) Tel. 94 415 82 92
AEK Lizardi (Txakur kalea, 1) Tel. 94 416 82 00
6. Barrutia (Abando)
BAI & BY (Urkixo zumarkalea, 22) Tel. 94 470 18 57
Gabriel Aresti-Elkarlan (San Bizente, 2-4) Tel. 94 423 75 91
AEK Indautxu-Irala (Urkixo zumarkalea, 88) Tel. 94 441 34 74
Labayru ikastegia (Colon de Larreategui, 14) Tel. 94 443 76 84
Mikelats (Ayala, 1) Tel. 94 415 32 95
Mondragon Lingua (Buenos Aires, 7) Tel. 94 661 34 67
Ulibarri (Gardoki, 3) Tel. 94 416 24 72
7. Barrutia (Errekalde)
Juan Mateo Zabala-Elkarlan (Gordoniz, 22) Tel. 94 422 13 88
AEK Urtats (Kirikiño, 22) Tel. 94 421 13 04
8. Barrutia (Basurtu-Zorrotza)
AEK Zorrotza (Zalbidea, 7) Tel. 94 441 49 20