Hartara, gaur gauean Bilboko Udaletxeko argiak piztu eta irudia sare sozialetan partekatuko da #Light4Refugees traolarekin Twitter sare sozialean, "milaka biktimei itxaropen, bake eta oroitzapenezko mezua zabaltzeko bilbotar guztien izenean".
Bilbok ez eze, Lehendakaritzak (Eusko Jaurlaritza) eta Gasteizko Udalak ere Aylan Kurdi, Turkiako itsasaldean hilda agertutako hiru urteko umearen lehenengo urteurrena gomutatuko dute.
Antolatzaileek kanpaina honen bidez, terroretik eta gerratik ihesi Europara datozenei esperantza eta konpromisoa helarazi eta nazioarteko erabakiak bete eta giza eskubideetan oinarritutako bestelako Europa baten aldeko apustua egin nahi dute.
Keinuak baino gehiago
Gaur iluntzeko #Light4Refugees kanpainarekin erakunde askok egingo dute bat. Hori dela eta, erakundeek azaldu duten jarrera kritikatua izan da sare sozialetan. "Keinuak baino gehiago behar ditugu", dio Europar Batasunari errefuxiatuentzat bide ziurrak eskatzen dizkion Passtge Segur taldeak. Aylan Kurdiren herioztetik urtebete pasa denean, "zer egin dute gure erakundeek" galdera zabaldu du VLCiutatRefugi plataformak sare sozialetan. Errefuxiatuentzat argia baino mugak zabaltzeko eskatzen du plataformak: "Light4Refugees? Light4Refugees! Zabal ditzagun fronterak".