Bi estreinaldirekin ekingo dio antzerki denboraldi berriari Arriagak

uriola.eus 2016ko ira. 5a, 09:15

La mentira estreinatuko dute Carlos Hipolito eta Natalia Millan antzezleek irailaren 15ean eta El invencible Maribel Verdu eta Natalia Verbeke protagonista bikoteak irailaren 22an. 

Arrakasta handia lortzen ari den Mamma Mia! musikalaren emanaldiek irailaren 10era arte jarraituko duten bitartean, Arriaga Antzokia antzerki programazioari hasiera emateko prestatzen ari da. Programazioa modu ikusgarrian abiatu nahi du Arriagak estatu mailako erabateko bi estreinaldirekin, bata bestearen ondoren, eta biek antzezle talde ezagunak dituztela.

Lehenengoa, denboraldi honetan Pariseko Edouard VII Antzokian estreinatu den eta dagoeneko Pariseko karteldegiko erreferentzia bilakatu den Florian Zellerren La mentira lana da. Claudio Tolcachir zuzendari argentinar ospetsuak zuzentzen du gaztelaniazko lana. Irailaren 15etik 18ra egongo da karteldegian, eta ikus-entzuleek, oraindik ere El crédito lanean egin zuen lan bikainarengatik gogoratzen den Carlos Hipolito antzezle handia, eta iaz Arriaga Antzokiaren La viuda alegre ekoizpenean egin zuen lanarekin arrakasta handia lortu zuen Natalia Millan antzezle polifazetikoa agertokian ikusteko aukera izango dute. Mapi Sagasetak eta Armando del Riok osatzen dute La mentira antzezlaneko antzezle taldea. Bikote bizitzari eta bikote bizitza barruko egiei eta gezurrei buruzko ttratatua den lan honen amaiera "harrigarritzat" jo dute.

Lau egun geroago, ostegunean, irailaren 22an, Arriaga Antzokiak bigarren estreinaldia hartuko du. Igandera arte, irailaren 25era arte, karteldegian egongo den El invencible antzezlana. Protagonistak Maribel Verdu eta Natalia Verbeke antzezleak dira, eta eurekin batera izen handiko beste bi antzezle, Jorge Bosch eta Jorge Calvo. Torben Bettsen antzerki komedia hau (Jordi Galceranek egokitutakoa) "azkenaldiko gizarte satira interesgarrienetakoa da", Arriaga Antzokiko ordezkarien esanetan, eta gizarte eta kultura estatus desberdinetako pertsonen arteko harremanen gordintasuna erakusten du. Obraren zuzendaria lehen mailako beste zuzendari argentinar bat da, Daniel Veronese, hain zuzen.

 

Sarrerak

Bi antzezlanen prezioak 8,50 eta 25 euro artekoak izango dira. Salgai dagoeneko www.teatroarriaga.com webgunean edo 946 850 850 telefono zenbakiaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurreko salmenta ordutegian.