Bilbobuseko bi langileren aurkako erasoa salatu dute

uriola.eus 2016ko ira. 5a, 11:54

Argazkia: UGT Euskadi @ugteuskadi

Joan den abuztuaren 28an gertatu ziren erasoak "gogor gaitzetsi" ditu Bilbobuseko (Beobide) lan batzordeak. Gaur goizean, Udaletxe aurrean, Bilbobuseko langileek elkarretaratzea egin dute "garraio publikoan eraso gehiagorik ez" exijitzeko. 

Erasoen inguruan xehetasun gutxi eman du Bilbobuseko lan batzordeak. Bi langileren aurkakoak izan zirela eta Aste Nagusiko azken egunean (abuztuak 28) gertatu zirela baino ez du zabaldu. 

"Gure eguneroko lanean ez dugu erasorik onartuko, ez fisikorik, ez ahozkorik", adierazi du lan batzordeko presidente Pedro Angulok gaurko elkarretaratzean, eta erasoak zigorrik gabe gera ez daitezen "egoki diren neurriak" hartuko dituztela iragarri du: "Bilbobuseko langileak kalitatezko garraio zerbitzu publikoa emateko prest gaude, baina ez doan erasotuak izateko". 

Udaletxeko eskaileretan burutu duten ordubeteko elkarretaratzean izan dira, besteak beste, babesa eta elkartasuna adierazten Alfonso Gil Garraio zinegotzia eta Bruno Zubizarreta EH Bilduko zinegotzia.