Inoizko abuzturik onena izan du Artxandako funikularrak

uriola.eus 2016ko ira. 5a, 07:30

Argazkia: eu.wikipedia.org

Bidaiari kopuruaren marka berria hautsi du funikularrak 2016ko abuztuan. 100.780 bidaiari izan ditu, guztira. Iaz baino %13 gehiago. 

Funikularraren bidaiari kopuruaren hazkundea etengabea izan da azken 10 urteotan. Udal kiroldegiaren instalazioak eta futbol-zelaia erabiltzen dituzten pertsonak gehiago dira, baina Artxandara igotzen diren turistak ere gero eta gehiago dira. Bisita gidatuak hasi zirenetik jende gehiago joaten da Artxandara.

Aurtengo abuztuan egunero, batez beste, 3.200 pertsonak erabili dute funikularra. Hilabete osoan 100.780 bidaiari izan ditu. 2015eko abuztuan 87.255 izan ziren eta 2014ko abuztuan 66.301. 2015. urtearekin alderatuta % 15,50eko hazkundea erregistratu da aurten; eta 2014. urtearekiko hazkundea % 52koa izan da. 

Lortutako datuetan ez dago jasota erabiltzaileen jatorria; hala ere, txartel arruntak, eskudiruz ordaintzen direnak, gehiago izan dira eta horrek adierazten du Artxandako funikularra udan erabili duten turisten kopurua hazi egin dela. 

Alfonso Gil Bilboko Udalaren Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Saileko zinegotzi eta alkateordearen hitzetan 2016. urterako aurreikuspenak iaz baino bidaiari-kopuru handiagoa izatea ziren. Orain arteko datuak eta egon den joera ikusita, litekeena da aurtengo ekitaldian erabiltzaileak 800.000 baino gehiago izatea. 

2016ko lehen hilabeteetan, iazko hilabeteekiko, bidaiari-kopurua hazi egin da. Urtarrilean %13,49 gehiago izan dira aurten; eta otsailean % 5,88 gehiago. 

Funikularrak harrera ona du erabiltzaileen aldetik. Azken urteotan gorantz joan da bidaiari-kopuruei dagokienez. 2013an, egunean batez beste, 1.549 bidaiari egon ziren; 2014an 1.681 eta 2015ean 1.997. 

Lanegun guztietan 07:15etik 22:00etara bitartean funtzionatzen du funikularrak. Jaiegunetan 8:15etik 22:00etara bitartean. Udan (ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean) 23:00ak arte. 

Maiztasuna 15 minutukoa da, bidaiari asko pilatuta egon ezik. Horrelakoetan maizago ibiltzen da geltokietan bidaiarien pilaketak kendu arte. 

Hiru minutuan funikularrak Bilboren erdialdea eta Artxanda mendiko atsedenlekuak lotzen ditu. Jende askok Artxanda aukeratu ohi du Bilboko Aste Nagusiko su artifizialak ikusteko.

 

Argazkia: eu.wikipedia.org