Orain berriz guzti honen harira, emailaren beste aldean zegoen uriolatarrak eskatuta, nire idatzizko ekarpena baliabide bezala ariko natzaizue bilketaren emaitzez. Komunikazio tresna hau pertsona eta iritzi guztiek kabida izateko espaziotzat sortua denez, horrela luzatu zidan aukera aipatutako uriolatarrak, ildo honi eusteko asmoarekin irakurle oro testuinguruan kokatzeko erronkari aurre egin behar izan diot. Ez da ez lan makala izan Ukrainiako azken urteetako gertaeren ikuspegia osatzea iritzirako espazio honetan, are gutxiago lurralde eslaviar honetako bilakaerak dituen elementu anitzekin. Baina irakurlea testuinguratzeko lan honen benetako zailtasuna Euskal Herrian Europa ekialdeko zonalde honetan gertatzen denaren analisi fidagarri eta zuzenei eustea izan da, gutxiengo kanaletara baztertuta izan direnak, ezker eraldatzailearen espazioa betetzen zuten herriko sektore kritikoak murriztuz.
Azaldu beharra dut gatazkarekin dudan hurbileko jarrera hau izatera ekarri nauena 2014an ukrainiar ekialdetik heltzen ziren berriekin hasiko dela non ezkerreko mugimenduen aurkako eskuin muturraren oldarkerien ostean (Odessako sarraskia…), ukrainiar indar militarrek zibilen aurkako bidegabekeria odoltsuak etorriko ziren (Slavianks eta Mariupol hirien aurkako bonbardaketak…), nire etxeko erosotasuna astinduz. Gero etorriko ziren hitzaldiak, heltzen zen bertako egunerokotasunaren jarraipena (Berria, Argia, La Haine…) eta gure herrian salaketa lanak martxan jarri zituzten talde eta pertsonak ezagutzea. Beraz, azpimarratuko nuke aditua ez naizen heinean, iritzi artikulu hau defendatu dezakedan fidegarritasunari eutsi zaiola; ez dut uste honelakorik idazteak ideia hona denik kazetari, historiagile, politologo… bezelako adimenik ez duenarentzat, ni bezala, norberaren muga pertsonalak benetan agerian uzteak ez baita sentsasio atsegina.
Bilketarekin jarraituz, dakidanez hau udaberrirako bukatutzat eman zen Bilbo eta Bizkaiko bilketa guneetatik jasotakoaren bila pasatzeari ekinez; Irala, Olabeaga, San Inazio, Deustu, Bilbo Zaharra, Ezkerraldea, Lemoa eta Larrabetzu. Ondoren boluntario aldetik etorriko zen guztia zenbatzea, materiala bidaltzeko behar den bezala prestatu eta Komiteak ezker abertzaleko alkatetzari esker prest zuen Ondarroako biltegira eramatea. Kilometro eta ordu asko lan honetarako. Materiala Euskal Herriko beste hainbat tokietatik ekarritakoari gehitu zitzaion eta baita ere Comite Andalucia-Donbassek igorritakoa. 1.850 kilo guztira.
Uztailaren 11an Ondarroatik atera zen kamioiez bildutako laguntza guztia. Asociación de Solidaridad Aragón-Donbassek kudeatutako bidaia izan zen eta egun berean Madrilen zegoen non Blagoe Delo elkarteak 700kg material gehitu zizkion. Elkarte honek guztira 2 tona baino gehiagoko kargamentua Moskura bidaliko zuen hegaldia ordainduz eta han Errusiar Larrialdietako Ministerioaren bitartez Ukrainia ekialdeko hiri garrantzitsuenetakoa zen Lugansk hirira heldu zen uztaileko hirugarren astean. Izen berdina duen Herri Errepublikaren hiriburura, Ukrainia ekialdeko Donbass eskualde langile eta meatzarian kokatua.
Bilbo-Bizkaian batutako materiala
36ko gerran Bilbo izaten saiatu zen bezala, bere burujabetzarako borondatea eta nortasunaren defentsan erresistentziaren nolabaiteko sinbolo bihurturiko hiria da Lugansk. 2014an Maidaneko fenomenoa zeharo (inoiz at egon bazen) Mendebaldeko interes eta ultraeskuinaren menpe geratzeak ekarri zuen Gobernu kolpista eta nazionalistak bidalitako Ukrainiar Estatuaren indar militarraren oldarkeriari aurre egin ziona.
Errusiarekin kultur eta hizkuntz lotura handiak eta baita Sobietar Batasunarekiko ideologi-loturak ditu Donbasseko biztanlegoak. Horregatik ez da harritzekoa Sobietar Batasuna desagertu zenean sorturiko Ukrainia parlamentarioan eman diren hauteskundeetan Europar Batasuna eta bere aliatuak zein Errusiar Federakundearekin erlazioak mantentzearen aldeko indar politikoak garaile ateratzea bertan. 2014an guztia aldatu zen batez ere Lugansk eta Donetsk Herri Errepubliketako biztanlegoarentzat, orduko Ukrainiako presidentea zenak ezezkoa eman zion Europar Batasunari akordio politiko eta ekonomiko bat sinatzeko garaian, Errusiar Federakundera hurbilduz. Gaur egun nabaria da inperialistek beraien makineria, Sirian egin zuten bezalaxe, martxan jarri zutela hau ekiditzeko eta horregatik dago mundua dagoen tokian.
Ez genuke ahaztu behar Errusiar Federakundea munduko energia, mineral eta baso baliabide handienak dituela eta munduko ur gozo ez izoztuaren laurdena. Jakin beharko genuke baita, antza Putin kapitalistak SESB dezargetzean neoliberalismoak ekarri zuen oligarken ondasun kolektiboaren lapurretak nolabait eten zituela eta Federakundean ordena jarri. Dirudienez baita, Putinek ez du munduko jauntxoen, hau da, mendebaldeko inperialisten morroi izan nahi.
Ematen du inperialismoarentzat Donbasseko bi Herri Errepublikak menderatuz Errusiar Federakundearen aurkako setioa indartuko zela… baliteke, baina ni ez naiz aditua.
Egun, 2016an, bi urte daramatzate gudan Ukrainako ekialdeko biztanleek. Guda honek, 10.000 bat herritarren heriotza, eta milioitik gora pertsonen erbestea ekarri du; Donetsk, Lugansk, Makeevka, Debaltsevo, Slaviansk eta halako hiri garrantzitsuak suntsitzearekin batera.