Iazko maiatzean eta ekainean Bilbon eta beste hainbat lekutan egindako filmaketaren ostean, Bilbon aurrestreinatzeko prest dago Gernika filma. Gaur, hilak 7, 20:30ean Guggenheim Bilbao Museoan izango da aurrestreinaldia.
Bertan izango dira filmaren protagonista Maria Valverde, James d’Arcy eta Barbara Goenaga, Koldo Serra zuzendaria eta talde artistiko eta teknikoko ordezkari ugari.
Ekitaldian erakundeetako ordezkari asko ere egongo dira. Euren presentzia ziurtatu dute jada Iñigo Urkullu lehendakariak, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak edota Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, besteak beste.
Gernika
Koldo Serra bilbotarrak zuzendutako bigarren film luzea da Gernika. Ekoizpen handia du pelikulak. Drama erromantiko eta emozionala kontatzen du Euskal Herriko historiaren gertakari tragikoenetariko baten testuinguruan kokatua: 1937. urtean foru-hiribilduan gertatutako bonbardaketan. Malagako zine jaialdian aurkeztu zen filma kritikaren oniritzia jasota iritsiko da zine areto komertzialetara ostiralean, hilak 9.
Bilbao Bizkaia Film Commissionen arabera, filma grabatzean bi milioi euroko eragina sortu da EAEn. Aurre-ekoizpen eta grabaketa faseetan 750 enplegu sortu ziren eta sektore oso ezberdinetako Bizkaiko enpresak kontratatu zituzten. Filmaren eszenak Bilbon ez ezik Gernikan, Gaztelugatxeko Donianen, Diman, Lekeition eta Barakaldon errodatu dira. Bizkaitik kanpo, Araba eta Gipuzkoako zenbait eremutan ere filmatu dute.