Udala ekimen horren parte da -14 bazkidek osatzen dute- eta duela denbora gutxi Europar Batasunetik 1,3 milioi eurotik gorako diru-laguntza jaso du proiektuak; artista profesionalen prestakuntzara eta zirku garaikide ikuskizunen erakusketara eta hedapenera bideratzeko.
Bazkideen artean zenbait eskola daude, Escola de Circ Rogelio Rivel edo Le Lido; Toulouseko Jean Jaures bezalako unibertsitateak; entsegu eta sorkuntza lekuak eta lantegiak; La Grainerie, Central del Circ edo Hameka; eta baita hedapenerako guneak eta eremu publikoko erakundeak ere, urtero Bilboko Kalealdia kaleko arteen nazioarteko jaialdia eta Zirkualde zirku jaialdia antolatzen duen Bilboko Udala, besteak beste.
Zehazki, lehenengo deialdi hori, artistek eta konpainiek Pirinioetako bi aldeetako mugikortasuna hobetzeko dituzten baldintzak hobetzera bideratuta dagoen sorkuntzari laguntzeko izango da; sorkuntza prozesuan zein ondorengo erakusketa fasean.
Sorkuntzari laguntzeko funts horren bitartez, 'De mar a mar – Pirineos de circo' ekimeneko bazkideek hau bilatzen dute: konpainiei, euren sorkuntza lanak beste lurralde batzuetan lantzeko aukera eskaintzea, hainbat erakusketa sarerekin harremanetan jarriz; zirku ikuskizunak sustatzeko aukerak handitzea sorkuntzaren fase anitzetan eta zirku konpainien ekintza eremua zabaltzea, euren lanaren neurriak mugaz gaindiko dimentsioa jaso dezan; eta, amaitzeko, hainbat formatutan aurkezteko eta nazioartera heltzeko aukera emango duten ikuskizunak sortzen laguntzea.
'De mar a mar – Pirineos de circo' ekimenak hiru egoitza modalitate ezarri ditu bilaketa proiektuei –ez daude zehatz mehatz ikuskizun baten ekoizpenera zuzenduta, ikerketara baizik–, sortzen ari diren artisten edo kolektiboen proiektuei eta dagoeneko finkatuta dauden artisten edo kolektiboen proiektuei laguntzeko. Laguntza hori, sorkuntzarako espazioak lagaz, proiektuaren beharretara egokitutako laguntasuna (artistikoa, teknikoa edo/eta kudeaketakoa) eskainiz eta 2.000 eta 10.000 euro artekoa izango den finantza laguntzaren bitartez bideratuko da.
Modalitate bakoitzerako hautagaitzetarako formularioa online dago erabilgarri, 'De mar a mar' webgunean eta www.bilbokokalealdia.eus webgunean. Proiektuak onartzeko azken eguna urriaren 5a izango da.