Albisteak "izugarrizko poza" eragin die El Consorcioko taldekideei Iñaki Urangak SER irratiari adierazi dionez. "Athleticek Liga irabaztean sentitzen den pozarekin" alderatu du saria. Grammyak taldearen "ibilbide luzea" eta bide horretan eginiko "milioika kilometroak" aitortzen ditu Iñakiren aburuz.
Akademiaren esanetan, El Consorcioren musikak "berehala konkistatu zuen Iberoamerika osoa, baita espainieraz mintzatzen ez diren merkatuak ere, besteak beste, Eres Tú, Tómame o Déjame, Secretaria edota El Vendedor bezalako kantuekin euren 40 urteko ibilbidean. Gaur egun ere jarraitzen dute kalitatezko ahozko musika eszena eraikitzen eta mundu osoan dituzten jarraitzaile leialak asebetetzen".
Academia Latina de la Grabación erakundeko zuzendaritza batzordeak aukeratzen du Musikaren Bikaintasun Saria nori eman. Musika grabazioaren esparruan garrantzia handiko sormenezko ekarpenak egin dituzten artistak saritzea dute xede batzordekideek.
Sergio Blancok (oraintsu zendua), Carlos Zubiagak eta Amaya, Estibaliz eta Iñaki Uranga anai-arrebek osatu dute El Consorcio taldea.
Argazkia: Alberto Garcia