Bilbon izango du hasiera gaur "sormen feminista erdigunean jarriko duen" Fem Tour Truck bideo jaialdiak

uriola.eus 2016ko ira. 15a, 13:57

Tailerrak, performanceak eta mahai inguruak osatuko dute kultura sustatu eta bertako artistekin elkarlana sustatzea helburu duen jaialdiaren egitaraua. Bilbon abiatu eta Madril, Valentzia, Bartzelona eta Gasteiztik pasa ostean, Portugal, Ecuador eta Kolonbiara mugituko da.

Gaur, hilaren 15ean, Guerrilla Food System taldeak hirian aurkeztuko du Fem Tour Truck jaialdia, ondoren mundutik zabalduko duen egitasmoa. Ale Buenok, jaialdiko antolatzaileak azaldu duenez, "Nazioarteko Jaialdiak mundu osotik aurkeztu dituzten bideo ezberdinak aukeratu ditu. Bideoak baina baita performance adierazpenak, laburmetraiak edota bideo arte lanak, denak generoa dutela hizpide". Guztira 300 lan jaso dituzte eta "horietatik guztietatik, 50 izan dira aukeratuak kalitate irizpideetan oinarrituta". Epaimahaia, Medialab Cuencako Blasco Moscosok, Pedro Soler artista eta bitartekari kulturalak, Lydia Navas eta Alejandra Buenok ULEAMeko irakasleek osatu dute.

"Mugikortasuna oinarri duen jaialdia izango da eta, gainera, hirietako plazarik garrantzitsuenetan burutuko dugu", azaldu du Buenok. "Sormen feminista erdigunean jarri nahi izan dugu", esan du. Hori dela eta, hurrengo asteetan, Bilbo, Madril, Valentzia, Bartzelona eta Gasteizen burutuko da. Antolatzaileek argi dute kalea behar dela izan egitasmoaren erdigune “kalera irten eta plazak mahainguru, hitzaldi, performance eta kulturaz bete nahi ditugu. Horregatik, bisitatzen ditugun hirietako artistekin elkarlanean gaude”.

Sorpresak iragarri dituzte ere antolatzaileek. Horrela, kultura sustatzeko arte gela efimeroa izango dute: kamioian egongo da eta bisitariek igo eta gela berezi horretan arteaz gozatzeko parada izango dute. "Feminismoa erdigunean jartzeko saiakera da, non eta gizonezkoekin hain ertsiki loturik dauden kamioi batean", azaldu dute. Jaialdiaren erdigunea izango da kamioia Europan, ez ordea Hego Amerikan. Bertan, jaialdia "akademikoagoa" izango baita eta "unibertsitate zein kultur guneetan" burutuko da.

Ekimena Guerrilla Food Sound System eta MAVek antolatua da eta 2016ko Emakumeen Begirada Bienalaren parte ere bada. "Denen artean genero askatasunaren alde borrokan ari gara, sexualitate askea aldarrikatuz eta, bereziki, gorputzen askatasunaren alde egiten dugu, sistema patriarkalak ezartzen dizkigun tabu eta bereizketei aurre eginez", azaldu du Buenok.

Jaialdiaren laguntzaile dira Coolabora kooperatiba, Colombiako Unibertsitate Nazionala, Eloy Alfaro de Manabi Unibertsitate Laikoko Kultur departamentua, Cuenca-ko MadiaLab-a eta Azkuna Zentroko Eremuak programa baita Eusko Jaurlaritza ere.

Eguerdiko 12:00etatik aurrera, "laborategi erraldoi" batean bilakatu nahi dute Bailen kaleko Emakumeen Plaza. Arriagan, Guerrilla Sound Systemek mokadutxoak jarriko ditu; Irantzu Varelaaren hitzaldia egongo da; eta nola ez, performanceak, kultura eta artea; guzti hori ostegunean.