Orain dela denbora asko, urruti-urrutiko galaxia batean tropa inperialek kolokan jarri zituzten unibertsoko bakea eta askatasuna. Orain, Darth Vader zitalaren jarraitzaileak Bilbora iritsi dira. Baina oraingo inbasioa baketsua, elkartasunezkoa eta ikusgarria izango da. Training Dayari buruz ari gara; ekitaldi hau Star Warsen zaleez osatuta dagoen 501 Legioa munduko erakundeak antolatu du, eta besteak beste alderdi inperialaren jantziak kalitate zinematografikoz birsortzen dituzte, baina horrez gain, datorren hilaren 24an erakundeko berrehun kidek Bilboko Kale Nagusitik desfilatuko dute. Inbasio galaktikoa irailaren 26an, 27an eta 28an osatuko da Lions Club Bilbao fundazioak sustatuko dituen eta umeei zuzenduta egongo diren elkartasunezko ekintzei esker.
Tropa inperialak, Darth Vader buru dutela, hiri-arteria nagusitik ibiliko dira 17:30etik aurrera; desfile hori 501 Legioak Europa osoan antolatu duen desfilerik jendetsuena izango da. Ibilbidea Sota eraikinean hasiko da, Urkijo Zumardiarekiko bidegurutzera arte. Hortik, Bihotz Sakratuaren plazatik itzuliko da eta gero, Casilda Andreko parkeko pergoleraino iritsiko da, non “Fan Zone” jarriko den lekuan. 20:00etatik aurrera photocall ezberdinak egongo dira leku horretan eta nahi duenak argazkiak atera ahal izango ditu Star Warseko pertsonaia ezagunenekin.
501 Legioa erakundea Ameriketako Estatu Batuetan sortu zen 1997an eta mundu osoan ezaguna da bertako kideek Galaxiako Inperioko uniforme eta armadurak eta Izarretako Gerrako pertsonaia ahaztezinen jantziak zehaztasun osoz birsortzen dituztelako. Desfile honetan izango dira Alemaniatik, Finlandiatik, Portugaletik eta Ameriketako Estatu Batuetatik etorriko diren klub honetako kideak, eta nola ez, kide bilbotarrak eta estatukoak. 501 Legioa erakundeak antolatzen dituen ekimenek Star Warseko hainbat zale biltzen dituzte eta nazioartean oihartzun handia izaten dute, 50 herrialde baino gehiagotan baitago klub hau; George Lucas, sagaren ekoizlea, erakunde honetako ohorezko kidea da.
Elkartasunezko inbasioa
Elkartasunezko ekintzak bereziki umeei zuzenduta egongo dira. Bilbao Centro enpresa-elkarteari atxikita dauden saltokien laguntzarekin bi euro balioko dituzten eta honako leloa izango duten eskumuturrekoak jarriko dira salgai: “StarWars: que la fuerza te acompañe”. Bilduko den diru guztia Lions Club International erakundearen barne dagoen Lions Club Bilbao fundazioak kudeatuko du. Diru horrekin garapen bidean dauden herrialdeentzat elgorriaren aurkako bakunak erosiko dira eta Otxarkoagan dagoen gizarte-jantoki bati lagunduko zaio; jantoki horrek lanean dihardu egoera zaurgarrienetan dauden umeak behar bezala elikatu daitezen.
Hilaren 26an elkartasunezko beste ekintza batean parte hartuko dute inperioko tropek; egun horretan Miserikordia egoitzara eta Basurtoko ospitalera joango dira, eta eriondo dauden umeekin argazkiak ateratzeaz gain, opariak eramango dizkiete. Hurrengo egunean Training dayaren helburu sozialak betetzen jarraituko dute, eta horretarako dohaintzan eman diren objektu bereziak eta arteari loturiko objektuak enkante solidarioan aterako dira. Training Dayan saltokiek izango duten parte-hartzearekin bukatzeko, erakusleihoetan egingo den lehiaketa bat antolatuko da. Lehiaketa horretan filmetan agertzen diren hainbat egoera irudikatuko dituzte, eta publikoak sare sozialen bitartez bozkatuko du gehien gustatzen zaiona.
Legioak egingo duen inbasioarekin bukatzeko, ondo pasatzeko eta elkartasunean aritzeko jai bat antolatuko da itsasadarretik ibiliko den itsasontzi batean. Jai horretako gai nagusia 80ko hamarkada izango da eta Star Warseko pertsonaiek parte hartuko dute. Ekitaldi honi esker ere umeei zuzenduta dauden hainbat proiekturi laguntzeko funtsak bilduko dira.
Argazkia: @501stLegion