Behin behineko geltokia jarriko dute Termibusen geltoki intermodala egin bitartean

uriola.eus 2016ko ira. 14a, 12:36

http://iceute14.deusto.es/main/travel.shtml

Termibuseko geltokiak, gaur ezagutzen dugun eran, azken egunak ditu. Gobernu Batzordeak gaur onartu du behin-behineko geltokiko proiektua. Geltoki hori orain dagoenaren ordezkoa izango da, eta Termibusen ondoan dagoen orube batean egongo da Bilboko lurpeko geltoki intermodala egiten duten bitartean.

Behin-behinekotasuna ez da oztopo izango, proiektuaren arabera gaur egun Termibusen eskaintzen diren zerbitzu berberak emango dituelako.

Datorren astean hasiko dira behin-behineko geltokia egiteko obrak eta proiektuaren arabera, irisgarritasuna eta intermodalitatea bermatuta egongo dira. 20 nasa eta autobusak aparkatzeko sistema operatibo berria izango ditu, heldu ahala esleituko baitzaie lekua eta ez orain arte bezala, esleipen finkoa.

Nasak arrainaren hezurduraren itxuran antolatuko dira. Sarrera-irteerak, orain artekoak izango dira: sarrera Gurtubay kaletik eta irteera Luis Briñas kaletik. Autobusen zain egoteko espazioa egongo da.

Geltokiko zerbitzuak

Gaur egun Termibusen ematen diren errepideko garraiorako zerbitzuen artean, geltokiko zerbitzu osagarriak ere badaude: kafetegia, kontsigna, lehiatilak, informazioa, itxaron-gela… Zerbitzu horiek nasen ondoko erakineko beheko eta lehenengo solairuetan banatuko dira.

Lehenengo solairuko zerbitzuetarako sarbideak eraikinaren atzeko aldean egongo dira; arrapala bi jarriko dira. Etxebizitzek ahalik eta endredorik txikiena izatea bilatuko da.

Behin-behineko geltokiko obrak datorren astean hasiko dira eta bi hilabeteko epean egingo dira. Proiektua autobusen konpainiekin adostu dute. Lekualdaketa egiteko eguna ere adostu nahi dute eurekin, puntako uneetan –oporretan, zubietan…- autobusen joan-etorrietan arazorik egon ez dadin.

Garellanon egingo den geltoki intermodala 

Garellanoko geltoki intermodala errepideko garraioaren Bilboko eta Bizkaiko geltoki intermodala izango da, bertan elkartuko baitira tranbia, hurbileko trenak, bizkaibusak, bilbobusak, metroa, taxiak eta autobusak. Horrez gain, Abandoko geltokiaren osagarri izango da, geltoki hori trenbideetako garraioko geltoki intermodala izango baita. 

Lurpeko geltoki intermodala funtsezkoa izango da auzoaren eta hiriaren garapenean zein etorkizunean. Ez da autobusen joan-etorririk egongo ez lur gainetik ez Luis Briñas kaletik eta, hala, bertako trafikoa baino ez da egongo. Sarbidea Gurtubay kaletik izango du eta ingurunean izango dituen eraginak gutxituko ditu.

Gainera, 7.500 metro karratu libre geratuko dira, bertan plaza bat egiteko. Espazio horri, Basurtuko Auzoaren Bihotzean, Sabino Aranatik Errekalderaino egindako jardueraren bidez sortu den aukerako 62.000 metro koadroko eremua gehitu behar zaio, baita Feveren trenbidea lurperatu ondoren geratuko den eremuaren urbanizazioa ere.