Aurten, (MAE) Europa osoan ospatuko da 'Zentzuzko higikortasuna. Ekonomia sendoa' goiburupean. Hainbat sektoreri bideratuta egongo da aurtengo edizioa: autoa utzi eta bizikleta hartuta urtean 3.000 euro aurrezten dutenentzat; hemengo merkatarientzat bizikleta eta garraioa publikoa erabiltzen dutenak eta oinezkoak bezero hobeak direla auto-gidariak baino ohartzen direlako; erakundeentzat, badakitelako mugikortasun jasangarriaren azpiegituretan egin ohi diren inbertsioek eta bizikleta erabiltzearen aldeko politikek gastu sanitario txikiagoa eragiten dutela zein diru-sarrerak inbertsioak baino handiagoak direla.
Horrez gain, zentzuzko mugikortasunak merkatu berriak bideratzen ditu. Uste denez, bizikleten, aparkalekuen, autoen edo bidaien erabilera partekatuak % 20 - % 35 egingo duela gora 2020ra bitartean. Diru-sarrera, berriz, 5.000 milioi eurokoak izango dira.
Hainbat eta hainbat datu eta estatistiken artean, batzuk baino ez dira aipatu argi eta garbi erakusteko gure hirietako mugikortasunaren arloan zentzuzkoena dena, onuragarriena ere badela.
Irala GBA
Herritarren partaidetzaren esku utziko dute auzoa Giro Baretuko Alde (GBA) bihurtzeko aukera, zirkulazioa baretzeko auzotarren eta Udaleko teknikarien ekarpenetatik ateratako neurriak aplikatuta.
Zenbait hilabete iraungo duen prozesu honen abiaburu moduan, irailaren 14an inguruko auzotarren gutunontzietan, MAEren programarekin batera, galdera-sorta bat banatuko da, Irala auzoa atseginagoa egiteko proposamenak jasotzeko. Galde-sorta horiek Kirikiño plazan herritarrei argibideak eskaintzeko jarriko den informazio-puntuan entregatu ahal izango dira irailaren 21ean eta 22an, 10:30etik 20:00etara bitartean.
Kirikiño plazan bertan, irailaren 19tik 22ra bitartean, umeentzako jarduerak, multimedia-gela Bilbobus batean eta bide-segurtasuneko zirkuitua jarriko dira. Haurrentzako antzerki-emanaldiak ere izango dira.
El Corte Ingles Marrazkidun Idazlanen II. Lehiaketa – MAE Bilbo 2016
Bilboko El Corte Ingles eta 2016ko Mugikortasunaren Aste Europarra antolatzaile izanik, alde horretako ikastetxeekin batera (Epaltzaren Alarguna eta San Pedro Apostol HI), marrazkidun idazlanen II. lehiaketa antolatu dute umeentzat, gai hauek kontuan har ditzaten: Bilbon mugitzeko era, bizikletaz edo oinez ibiltzeak osasunerako dituen onurak eta garraioa zentzuz erabiltzeak dakarren diru eta osasun-aurrezpena.
2016-17 ikasturtean aipatutako ikastetxeetan Lehen Hezkuntzako 6. maila egingo duten neska-mutilentzat da lehiaketa hori. Parte-hartzaileek proposatuko zaien gaiari buruzko marrazkidun idazlana aurkeztu beharko dute, euskaraz zein gaztelaniaz.
Lanak eskola-orduetan egingo dira irailaren 5etik 16ra bitartean, ikastetxe bakoitzak aukeratuko duen unean. Lanak zainpean egongo dira eskola bakoitzean harik eta lehiaketaren antolatzaileei aurkeztu arte; hauek, ikusgai jarriko dituzte Kirikiño plazan irailaren 19tik 22ra arte.
Irailaren 21ean bilera egingo du epaimahaiak irabazleak nortzuk diren erabakitzeko. Sariak biharamunean banatuko dira Bilbao nire kotxe barik! ekitaldiaren barruan:
- Lehenengo saria marrazkidun idazlanik onenari (euskaraz): Tablet Samsung Galaxy Tab4 10,1 hazbetekoa.
- Lehenengo saria marrazkidun idazlanik onenari (gaztelaniaz): Tablet Samsung Galaxy Tab4 10,1 hazbetekoa.
- Bigarren saria marrazkidun idazlanik onenari (euskaraz zein gaztelaniaz): Tablet Samsung Galaxy Tab4 8 hazbetekoa.
- Hirugarren saria marrazkidun idazlanik onenari (euskaraz zein gaztelaniaz): Tablet Samsung Galaxy Tab4 8 hazbetekoa.
Barik txartela ere jasoko dute parte-hartzaile guztiek, Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Sailak oparitutako bost euroko kargarekin, baita neoprenozko estutxea ere, boligrafo birekin, lapitz batekin, borragomarekin eta zorrozkailuarekin, El Corte Ingles etxearen opari moduan.
Ikastetxe bakoitzeko irakasle batek, Udalaren ordezkari batek eta El Corte Ingleseko ordezkari batek osatuko dute epaimahaia.
Bizikleta Ibilaldi Herrikoia
Larunbatean, hilak 17 ospatuko da eta ibilbidea Mariaren Bihotza plazatik Areatzara izango da, Zorrotzaurretik pasatuta. Parte hartzaileek 10:00etan hurbildu beharko dute bertara izena ematera eta irteera 11:00etan izango da.
Ibilbidea: Mariaren Bihotza plaza, San Frantzisko, Zabalburu, Santimami zumarkalea, Indautxu plaza, Kale Nagusia, Jesusen Bihotza, Euskalduna zubia, Zorrotzaurre, Deustu, Unibertsitate etorbidea, Udaletxea, Areatza. 8 bat kilometro erraz samarrak eta familia osoak egitekoak.
Bilboren etorkizuna den Zorrotzaurretik aurreneko aldiz pasatuko da honelako ibilaldi edo proba herrikoia, eta ibilbide berean batuko direna abiaburua, Bilbo Zaharra, eta Areatza.
Nahi duenak eman dezake izena dohainik Mariaren Bihotza plazan irailaren 17an bertan goizeko hamarretatik haurrera. Adin guztietako pertsonek har dezakete parte, ibilbideak ez duelako zailtasun handirik. Elastikoak oparituko dira eta bizikletak eta material ziklista zozkatuko Areatzan parte hartzen duten guztien artean.
Ibilgailu elektrikoen eta jasangarrien erakusketa
Azkenaldiko garraio ekologiko jasangarriak, hala nola motor elektrikodun automobilak, furgonetak, bizikletak eta motorrak; baita hibridoak ere; baita ekologikoak baina ohikoagoak diren pedaleko bizikletak, patinak eta monopatinak… gure hirian gero eta gehiago erabiltzen diren eta kutsatzen ez duten garraio hauek ikusgai egongo dira irailaren 16tik (ostirala) 18ra (igandea) bitartean Areatzan.
MAEren ekimen hau merkataritza-etxe batzuen laguntzari esker prestatu da: Motor Verde, Gaursa, Japan Car, Electric City Motor, Hegan Bikes, Urban Bike, BonoPark, Lejarza eta Karealde.
Ibilgailu batzuk probatzeko aukera egongo da; betiere, antolatzaileen baldintzak eta arauak beteta.
Bizikleta elektrikoen mailegurako postua
Ibilgailu elektriko eta jasangarrien erakusketaren barruan, Garraio, Mugikortasun eta Ingurumen Sailak bizikleta elektrikoak Bilbon Bizi zerbitzuan maileguan hartzeko esperientzia aurrendaria jarriko du abian Areatzan. BonoPark, Orbea eta BHren laguntzarekin, herritarren dohainik hartu ahal izango dituzte maileguan zenbait bizikleta elektriko, Bilbon zehar ibili ahal izateko. Ordu erdirako utziko dira bizikletok eta erabiltzailea arduratuko da egoera egokian mailegu-puntura itzultzeaz.
Erakusketa amaituta, BonoParkeko mailegu-puntua Iralako Kirikiño plazan ipiniko da irailaren 19tik (astelehena) 22ra (osteguna). Zer hoberik goiko auzo bat baino bizikleta elektrikoen mailegurako esperientzia aitzindaria estreinatzeko.
Park(ing) Day
Bigarren urtez egingo da herritarren partaidetzarako ekitaldi ireki hau, egunean zehar aparkaleku-plaza bi aldi baterako hiriko ortu bihurtzeko.
2005ean jaio zen proiektua San Frantziskon (EEBB) eta mundu osoko mugimendu irekia da gaur egun, azken edizioetan mila bat instalazioren partaidetza erdietsi duena, 35 herrialdetan.
Laguntzailea: La Comunidad Verde
Bilbobus erakusketa-gela
Bilbobus erakusketako autobusa Iralan egongo da Mugikortasunaren Aste Europarrean. Han, Bilboko garraio publikoaren historiari, oinezkoen alderdiak sortzeari, multimodalitateari eta abarri buruzko zenbait ikus-entzunezko erakutsiko dira.
Bestalde, Bilbobus erakusketa-gelaren kanpoaldean ikusgai jarriko dira auzoko ikastetxeetan egindako lehiaketan parte hartu dutenen marrazkiak eta idazlanak.
Bide-segurtasunerako zirkuitua
Irailaren 19an (astelehena) eta 20an (asteartea) bide-segurtasuneko zirkuitua jarriko da Kirikiño plazan, auzoko umeek erabil dezaten 10:30etik 20:00etara. Goizez eskoletako taldeentzat izango da eta arratsaldez, ostera, ume guztientzat. MAPFRE fundazioa da zirkuituaren babeslea.
Alde batetik, bizikletaren erabilera arduratsua bultzatu nahi da, zeintzuk diren onurak eta gidatzeko orduan zeintzuk diren segurtasuna bermatzeko neurriak.
Gainera, jarduera honekin bizikletarien segurtasuna areagotu eta errespetua sustatu nahi dira bestelako ibilgailuen gidariekin.
Zirkuituaren ingurua mugatuta egongo da eta babesguneak, biribilgunea, seinale horizontalak eta bertikalak, semaforoa eta zebra-bide bi izango ditu. Ikasgela izango den karpa eta bizikleta eta maileguan hartzeko kaskoak ere bai.
Haurrentzako kale antzerkia
Kirikiño plazan Irailaren 21ean eta 22an. 12:30ean eta 18:30ean Lastima Teatro taldearen eskutik.
Hiru aktore, arraroak, bai. Bereziak, hobeto esateko eta, jakina, atseginak, sano atseginak. Garraio publikoa erabiltzearen alde onak irakatsiko dizkie txikerrenei. Hiru egoera, hiru arrazoi bidaiatzeko eta hiru jomuga arrazoi berak uztartuak, bidaiak.
Erabilera askoko erreia Maximo Aguirren
Garraio, Mugikortasun eta Ingurumen Sailak erabilera askoko bigarren erreia jarriko du abian gure hirian. Maximo Aguirre kalean egongo da, Elcano eta Colon de Larreategui kaleen arteko tartean.
Erabilera askoko erreiak modu naturalean aprobetxatzen du espazio hori bere funtzioak gehitzeko ordu-tartearen arabera. Horrela, Maximo Aguirre kaleko erabilera askoko erreia doako aparkalekua izango da 21:00etik 08:00etara bitartean. Goizeko zortzietatik eguerdiko hamabietara bitartean, berriz, zamalanetarako erabili ahal izango da erreia. Eta eguerdiko hamabietatik gaueko bederatziak arte, zirkulazio-erreia bat gehiago izango da.
Erabilera askoko erreiarekin aparkaleku-plaza gehiago lortu nahi dira auzotarrentzat, sarritan behar ez bezala aparkatzen den aldea delako; horrez gain, zirkulazioa arintzea eta emisiorik eta zaratarik ez ateratzea ere bai.
Bilbao nire kotxe barik!
Bilbao, nire kotxe barik! irailaren 22an (eguena) izango da eta Mugikortasunaren Aste Europarrari amaiera emango zaio horrela.
Iralako Kirikiño plazan izango da ekitaldi nagusia. Goizeko hamaika eta erdietatik aurrera, Bilbao Ibiltaria saria banatuko da, Marrazkidun Idazlanen lehiaketaren sari-banaketa egin eta jardunaldiari buruzko agiria irakurriko da.
Bilboko Ibiltariaren Saria
Bosgarren urtez, Mugikortasunaren Aste Europarrak Bilboko Ibiltariaren Saria eratu du. Bilboko Ibiltariaren Sariak Bilbo atseginago, bizigarriago eta jasangarriago bihurtzen laguntzen duten pertsonen zeregina hartzen du aintzat.
Aurten, MAE2016k eta Bilboko Udalak sari honekin Ibon Areso, Bilboko alkate ohia eta betiereko oinezkoa ohoratu nahi dute. Ibon Aresok irailaren 22an (osteguna) jasoko du saria MAEri amaiera emango dion Bilbao nire kotxe barik! egunaren ospakizunean.
Sariaren lehenengo edizioko (2012) irabazlea Bilboko Virginia Berasategui bilbotar triatleta izan zen. 2013an, berriz, audientziak Bilboko Txikiteroak aukeratu zituen, 2014an Social Bakuva Elkartea izan zen garailea eta 2015ean Gorabide Elkartearen erabiltzaileak.